Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

3.

 

 

 

Eta ni, noiz agertuko naiz? esango duzu. Zu Antzar Egunean, Polly, kamino jeneraleko Bizkaibusaren markesinan: hiru Marialuisa sonbrillekin, hamakekin eta Veranoskiko hondartza zakuekin eguzki galdatan eserita, Irati Barrainkuaren kuadrillako neskak elkarri aurpegian krema ematen, eta ni, bien bitartean, Titanic-eko sotoetako irlandesak salbamendu-txalupetara sartzeko ilara egiten baino tentsoago. Ni kokota luzatuta. Ni autobusa noiz etorriko. Ni zure zain.

      Urduritu egiten ninduen zure gurasoek zu entregatzeko zeukaten moduak. Asko. Kotxean ekartzen zintuzten bus geltokiraino, eta zuzen idazteko plantilla marratuak folioaren azpitik erretiratzen genituenean lez erretiratzen ziren zure hankapetik. Eta zu, errenkadatxo haien gainean zeure burua garbira pasatuta bezala agertzen zinen beti: kamiseta zuria, bakero piratak eta mendiko Salomonak, buztinezko arrano beltza zintzurrean, frekilloa erregelarekin zuzenduta eta azpimarragailu fuksiarekin zentrimetro bete kulero mokor gainetxoan markatuta: ze guapa zatozen, kapulla. Eta zu lotsatu.

      Ni tintak korrituta ibiltzekoagoa nintzen: sujetadorearen silikonazko tirante mierder haiek erdi zintzilik eta praka-kanpaien barrenak neure Art botekin, edo zuekoekin, edo sandaliekin zapaltzen-zapaltzen beti.

      Aurreikustekoa zen.

      Zazpi ta zortzi urte dauzkagu laurogeita hamarretako abuztu diafano batean: zuk 101 Dalmaten bisera bat eta bbkko berde zatar bat nik. Agarreko atarteko piper txorizeroen azpian hanka-zabalik eserita gaude, koilara ta guzti konjelatutako petisuis banari zupaka. Askara altxatu naiz, txapela erantzi, urez bete eta mihia kokotseraino ateraz jantzi dut burutik behera. Txakurkume eszitatu bat naiz. Berbak falta zaizkit. Eta korrokada bat eskaini dizut. Zuk irribarre egin didazu eta, izozkia amaitu duzunean, esku batekin koilara askan hondoratu eta bestearekin ur apur bat hartu duzu zeure txori-musua garbitzeko: nik ez dut bisera bustiko, esan didazu, marrazkiak borratuko zaizkio.

      Handik hamar urtera guztiz sikatzeke nengoen oraindik, Polly.

      Txikle mamurtu bat banintz lez ikusten dut neure burua markesinari itsatsita eta esku nerabe bat, zurea, nire gomazko azalari tiraka: noiz arte geratuko zara Agarren? Ez dakit. Hilabete, bi, hiru… segun. Segun, zer. Segun amari txinada noiz pasatzen zaion. Imajinatuko zenuen zerbait. Bronka edukiko genuena, banekien, baina, ostia, etxetik bota nau. Ja, bai. Kaletarrek ostiko-txakurrei egiten dietena: gogaitzen direnean basoaren tripazuloan utzi eta fin. Esajeratu hori. Esajeratua, zu. Eta zure aitak jarri zizun tortillapatata taperra, txita batek baino gutxiago jaten zenuen-da. Nik azeituna bokadillo bat eta poltsa bete bollozko palmerita neramatzan. Aitaren tortilla vs azeitunak eta palmeritak; aurkitu zazpi diferentziak.

      Total, agertu zela Bizkaibusa halakoren batean, eta petatuta zetorrela, eta geratu ere ez zela egin. Goazen dedoan, tia. Baina zuk, ezetz. Baietz ba, biok atzean. Ezetz esan dizut. Edo zu atzean eta ni kopilotu, begira… Eta poltsikoan erabiltzen nuen Arrate Racing-eko labanatxo kustomizatua erakutsi nizun. Flipada bat. Ni. Labana ez zen hainbesterako.

      Adriri ostu nion. Hondartzatik bueltan nentorren batean autoan hartu ninduen gizonak titiak sobatu zizkidan eta esan nuen: nunca mais. Ez naiz kabroiaren aurpegiarekin akordatzen; ezkon-eraztuna zeukan eta Benito Lertxundi entzuten zihoan, hori gogoan daukat. Eta euskalduna-bada-majoa-izango-da pentsatu nuela. Ze idiota nintzen, tio. Baina zolia ere bai, eta haginka egin nion besoan. Azkenean Trabakun utzi ninduen eta oinez etorri nintzen Berrizeraino.

      Hori ez zenidan kontatu, esango zenidake. Ez. Ba uste nuen dena kontatzen zenidala. Dena ez, Polly. Nik ez.