28.
Zure silueta errekortatzen ari naiz begiradarekin. Atzamar puntekin sorbaldetatik helduta aterako zintuzket elizkizuneko argazkitik, pegamentu barrarekin bizkarra igurtzi eta hau ez den beste edozein irudiren gainean itsasteko. Non nago, galdetuko zenidake. Eta nik Berrizko estazioan zaudela esplikatuko nizuke, hamabost urte dauzkazula eta San Blasetara goazela Maribe Irigoras eta Joserra Euskarakoarekin, zu, ni, eta pelusa findun kiwiak diruditen gure hogeita piku ikaskide barru-biguntxoak. Abadiñora goaz? Bai. Eta presoen pin plateatua aterako zenuke karteratik paparrean ipintzeko; egin gudari plantak, beibi, nahi dituzun guztiak, badakit-eta amak eskolara zer errebindikatiborik eramaten uzten ez dizuna.
Orain grazia egiten dit zu zure Braveheart partikularrerako ezkututxoa ipintzen bisualizatzeak eta, eszena beraren barruan, mutilak atxantean jolasten agertuko liratekeela pentsatzeak; aurpegian ukabilkatzeko imintzioak egiten dizkiote elkarri eta, hartzea tokatzen zaionak burua apartatzen badu, kokoteko bana ematen diote gainerakoek: atxantao, puto atxantao!
Sunormalak zirela, alegia. Eta, hala ere, oroitzapen gehiago dauzkat eurenak, neskenak baino, hori egia da. Zergatiez teorizatzen zeuri utziko dizut, Polly Monopoli, ni gogoratzen baino ez naiz ari. Eta gogoratzen dudana da, trena ailegatu zenean, Mierdajoven ikusi genuela barruan, eta mutilak blokean sartu zirela eta ez ziotela Berrizen bajatzen utzi. Zeuk ere akorduan edukiko duzu Matienaraino zelan joan ginen: mutilak Mierdajoven amorrarazten, Mierdajoven bekokiarekin kristala jotzen eta zu neure atzetxoan, hide hid hidden, cagate cagated cagated. Ze zuk panikoa zenien Mierdajoveni, Zaldibarko sanatoriotik etortzen ziren jonki ohiei, eta zure lehengusu gormutuari. Ala ez?
Txahal jaioberriak bedar sikutan baino dardara handiagoa zenekarren pausoan ferialekura iritsi ginenean eta, oh, sorpresa, zurelagunak eskapatu egin zitzaizkigun: ez da eskapatu egiten zaizkidala, tia. Ah, ez? Da eurek euren bolara doazela ta ni nirera ta jasta. Zu inuzentea zara. Eta zu petarda bat. Petarda bat bost eurorekin. Zer? Dirua behar dudala. Eta txinekin ateratakoa? Gastatu dut. Dena? Hainbeste ere ez neukan, e? Baietz uste nuen. Keba, gutxiago eman zidaten azkenean. Inuzentea neu naizela esateko… Nirea diferentea da. Oso diferentea, bai. Bueno, lagunduko didazu? Eta erantzuteko astirik utzi barik heldu nizun besotik, eta tiratu nizun, eta ibili zintudan jende artean galdu-gordean, eta derrepente Largorekin egin genuen topo: buru eta erdi ateratzen zion zaldi beltz bati haginak begiratzen ari zen.
Largo da tratulari bat animaliari matrailetatik ebatzen dionean zein persona mota izango litzatekeen igartzen diona, eta personari kokotetik heltzen dionean zein animalia klase den ikusten duena.
Neuk ere ikusten nuen bera, ordea. Eta banekien, gizon artean harrapatzen banuen, eskatzen niona emango zidala inguruan zerabiltzan ganaduzaleek hi, bai, hi, Falcon Cres esan ziezaioten, sobran dekozak diruek, ala? Ezpain ertzean alfiler bati eusten ari balira lez egiten dute berba kabroiek, baina ezertxo ere ez zaie eskapatzen.
Total, jaso nuela eskupekoa eta txosnetarantz joan ginela. Nire kuadrillako neskekin egin genuen topo, ez zara akordatzen? Sasoi hartan ia ez neukan traturik, nahi ere ez. Noelia ta Leirerekin zuk eta biok moztu ondoren berrartu nuen; beste gauza bat ematen du horrela esanda, baina horrelaxe irteten zait. Horrelaxe edo. Nirekin moztu zenuenean esango nuke: nirekin moztu zenuenean berrartu nuen tratua Noelia ta Leirerekin. Gainerakoak kapulla batzuk ziren. Edo superioritatez begiratzen zidaten, edo errukiz; beraiek bazeuzkatelako eta nik ez. Ingleseko partikularrak. Inpresorak. Aitak. Lagun berriak Durangoko instian.
Eta ni arrogantziak ez nau uzkurtzen, baina errukiak deabruak aterarazten dizkit; katxabarekin ez ibiltzearren propagandako guardasol zaharrari helduta paseatuko duen atso baten prekuela naiz ni. Marisa Aquí no hay quien vivakoarena. Eta zu Vicentarena. Marisa ta Vicenta izan gintezkeen 40 urte barru, ni Eroskitik Chinchón botilak mangatzen eta zu pistolarekin polizia bati apuntatzen: quiero que pongáis más árboles en las calles y que los empastes los cubra la Seguridad Social. Eta nik: Vicenta, no puedes usar la pistola porque no te sabes el pin. Eta zuk: ¿qué pin? Baina ez gara izango. Horrek bai uzkurtzen nau.
Hau guzti hau, nire kuadrillako neskekin barik, zurekin nahi nuela esateko.
Normalean, eguerdi ingurura arte ibiliko ginen: nik tabernetako komunontzien moduan gainezka egin arte edango nuen eta zuk txoritxiki batek euri-putzutik lez; zu Joserra, Maribe eta gainerakoekin itzuliko zinen Berrizera, eta ni Abadiñon endredatuko nintzen. Eta hala bazan, edo ez bazan. Baina, derrepente, non diostazun, ezetz, ez zoazela eurekin: turnoa daukat. Ze turno? Ez nago seguru. Lagunduko dizut. Eske jende kopuruarekin oso zorrotzak izaten dira eta hobe etortzen ez bazara…
Segiko txosnan kañak ateratzen eta kanbioekin batera klabean idatzitako notatxoak pasatzen imajinatu zintudan, edo solidarioz mozorrotuta oktabillak jaurtitzen, edo trafikoa zaintzen Goi Gerlariek bidea moztu zezaten… Yoquese. Baina rifak saltzen jarri zintuzteten. Irati Barrainkua ta zu, telazko poltsa bati txin-txin hotsa atereaz, kipula-txortak eta San Blas opilak erostera zihoazen andra-gizonei Venezuelarako bidaia eskaintzen, Etxeba aldemeneko petrilean jarrita kanuto bat liatzen ari zen bitartean. No me jodas. Arriskutsuagoa nintzen ni, zortzi urte ta paperezko komekokos batekin, Andikoako jaietan asto-probei begira egoten ziren Pedro Mariei kolore bat aukeratzeko eskatzen: zuria gilipoias, larrosa kalbo, horia Aznar, urdina mongolito, gorria foiacabras, naranja gei, berdea feo, marroia zure ama zure amama da. No me puto jodas.
Kabreatzen ari naiz. Eta kabreatzen naizenean azeleratu egiten naiz eta azeleratzen naizenean filtrorik barik egiten dut berba: kaka, kulo, pedo, pis, horraxe arte ailegatzen da nire prezisio lexikoa momentu honetan. Zoaz eta kontatu amatxori. Edo Irati Barrainkuari. Kontatu ezikusiarena egin zenidala turnotik bueltan zentoztela gaztetxean topo egin genuenean. Kontatu, Etxebak botea zuekin ipintzeko proposatu zidanean, zuen aittitteri iktus batek ematea nahiago izango zenuela ni korroan ikustea baino. Kontatu hori. Neuk ere betazalak grapatzea nahiago, Irati Barrainkuak zelan mimatzen zintuen ikustea baino. Hain lotura estua. Hain denbora gutxian. Zelan. Zelan. Zelan ez zenuen igartzen Etxebak arreba txiki bati lez begiratzen zizuna. Zelan begiratzen zenion zeuk munduari goizero jaiotzen den jende klaseak lez. Zelan ez zitzaizun orrazkera sekula desegiten, Vicenta, tú que eres tan guapa y tan lista. Kantatzen ari natzaizu, nintzaizun, Mañariko presogai hura albotik sartu zitzaizunean: tia, honek zurekin nahi du. Bai? Fijo. Ai, ez dakit. Bastante guapoa da. Ja, baina ez dakit. Ikus zaitzala Etxebak. Aiama, ez dakit, ez dakit… Eta tipoarekin berbetan jarraitu zenuen. Eta, ordu laurdenera, izkina batean liatzen ari zineten. Eta, ordu erdira, bueltan zentozen, baina ja ez zeneukan goizero jaiotzen denaren zer urdin hori begietan: eskua hartu dit, tia, eta potroetan jarrarazi dit, eta esan dit furgoneta daukala kanpoan eta ea nahi dudan, eta nik ezetz, eta berak baietz, eta agobiatu egin naiz… Ari al zara entzuten?
Ari naiz, Polly, hamarkada bat beranduagotik. Eta sentitzen dut.