29.
Sentitzen dut gau hartan entzun ez izana. Mañariarrari haginak begiratu ez izana. Zure lehenengomusua fortzatu izana. Sentitzen dut.
Analogikoan akordatzen naiz zerogarren musuarekin; minus batetik minus ehunerainoko entsegu-musu haietako gehientsuenekin akordatzen naiz, Polly. Laurogeita hamarretako uda-egun argitsu batean gaude, zulo txikidun zapata-kaxa banarekin bedartzan jesarrita. Zuk zenbat dauzkazu, galdetu dizut. Bat baino ez. Ba, nik lau dauzkat. Lau? Handiak gainera. Erakutsi ea. Eta tapa erretiratu diot neure kaxari: horiek kakalardoak dira, diostazu, horiek ez dira kirkilak! Baina lau dira, eta handiak! Barrez ari zara. Barrez ari naiz. Kakalardoetako bat hartu dut besaurrean ipintzeko. Pikatu egingo dizu! Hauek ez dute pikatzen, begira, begira, non jarriko dudan… Majia potajia: kakalardokume bat daukat masailean eta denborari bizkarra luzatuaz doakio, eguzki-begian nagiak ateratzen ari den katuari lez; hantxe eduki gaitu, paralizatuta, kokoa masailetik ahora jaitsi zaidanean hipnositik irten garen arte. Barrez ari naiz. Barrez ari zara: kakalardo bat morreatu duzu! Nahi duzu? Zer. Geu morreatzea. Bale, apur bat. Eta minus hogeita bosgarrenez musukatu gara, ahoak eskuekin estalita.
Orduan inora ere ez zihoan eta orain gutxiago, badakit. Baina memoria kapritxosoa da eta nire burua Sephora bat. Gozo Txori bat. Tiger bat.
Zu ikustea zu ikustea baino gehiago baita niretzat, Polly.
Ikusten zaitut elizan, eta koruko eskaileretatik zelatatzen genituen ezkontza loratsuak bistaratzen zaizkit; ezkontza loratsuek La boda de Muriel akordarazten didate eta La boda de Murielek zoriontasun burbuila bat zuen etxeko egongelan: Muriel eta Ronda abbaren karaokearekin brillatzen eta haiei koruak egiten gu, titiak haz zekizkigun ogi-maminak jaten genituen bitartean. Hain diferenteak ere ezin garela izan, koño; ez hamar urte geneuzkanetik hona, ez bata besteagandik. Nahiz eta zuk sujetadorea erabiltzeari utzi diozun, eta nik ez. Nahiz eta zuk galtzarbeetan ile apur bat utzi duzun eta nik ez. Nahiz eta zuk independentizta ta feminizta zarela ezaten duzun, eta nik ez.
Nik ez ditut zuk irakurri dituzun liburu guztiak irakurri, ez dut behar izan. Nik edonoiz harrapatzen nituen zaldiak behorrak estali guran eta Beda sukaldeko leihotik bihor koittedue esaten. Zu cartas de olorrak koloreka ordenatzen ari zinen bitartean, Aimar de la Fuentek katekesisean kontatzen zituen txisteekin gauzei izenak jartzen ari nintzen ni: es una violación si te follas a una vaca y no dice ni mu? Nik Goenkalerekin ikasi nuen biolatu ta bortxatu sinonimoak zirena eta Noelia Julen Berasaluzeren kotxetik aurpegia desenkajatuta irten zen gauean konturatu nintzen bortxatzaileak ez direla Goenkaleko moduan atzetik eta burua media batekin estalita etortzen.
Eta, hala ere, ez nintzen motorretik jaitsi Adrik eta biok plazan ikusi zintuztegun martxoaren zortzi hartan. Zure amak eta bere pankarta-lagunek nire amari begiratzen zioten modu-moduan begiratuko zidatelako neuri ere, horrexegatik ez nintzen jaitsi. Banekielako nire amagatik zertzuk esaten zituzten. Zenituzten. Ze, feministak izango zarete eta nahi duzuen guztia, baina ama bati buruz norberak baino ezin dezake txarto esan.