Igaroko naun Piazza di Spagnatik
Zerua zilar izango dun.
Zabalduko ditun kaleak
pinuzko eta harrizko igarobidean.
Kaleetako kalapitak
ez din aldaraziko aire geldi hori.
Kolorez zipriztinduriko
loreek iturrietan
kirik egingo diten andre
jostarien antzera. Eskailerek
terrazek enarek
eguzkitan kantatuko diten.
Zabalduko dun kale hura,
kantatuko diten harriek,
dardaraka taupadatuko dun bihotza,
iturrietako uraren antzera…
hura izango dun hire eskaileretan
gora joko duen ahotsa.
Leihoek jakingo diten zein den
goizeko harriaren eta airearen
usaina. Ate bat zabalduko dun.
Kaleetako kalapita
izango dun bihotzaren kalapita
argitasun deslaian.
Izango haiz, geldi eta zilar, hi.