Egur berdea
Geldirik den gizonak aurrean ditu muinoak ilunpetan.
Muino horiek lurrezkoak diren artean
goldatu beharko dituzte herritarrek. Begiratzen die eta ez du ikusten,
espetxean esna egonik begiak hesten dituenaren antzera.
Geldirik den gizona (espetxean egona) bihar itzuliko da
lanera, kide bakar batzuekin batera. Bakarrik dago gau honetan.
Euri zaporekoak dira muinoak: urruneko usain hori zen
noiz edo noiz heltzen zena haizearekin batera espetxera.
Batzuetan euria egiten zuen hirian: parez pare zabaltzen ziren
arnasa eta odola, kale askeetan.
Euriari eusten zion espetxeak, espetxean bizitza
ez zen finitzen, noiz edo noiz iragazten zen eguzkia ere:
zain zeuden kideak eta etorkizuna zegoen zain.
Bakarrik dago orain. Lurraren usain harrigarria
bere gorputzetik aterea dela dirudi, oroitzapen urrunekin batera.
Ezaguna du lurra… zorua zanpatzen du,
zinezko zoru hori. Ez du balio pentsatzeak
herritarrek aitzurrez kolpekatzen dutela lurra
joko balute bezala gorroto duten etsaia,
beste hainbat etsaien artean. Aitzitik, badute halako bozkario bat
herritarrek: lur zati deserrotu horixe bera.
Zer axola dute, bada, besteek? Bihar eguzkitan
zabalduko dira muinoak, bakoitza bere lekuan.
Kideak ez dira muinoetan bizi,
hirian jaioak dira, non belazearen ordez
trenbideak dauden. Batzuetan ahazten du berak ere.
Alabaina, hirira heltzen den lurraren usainak
ez du gehiago herritarren zaporerik. Laztan luzea da
begiak zarrarazten dituena kideengan pentsatuz,
espetxean daudenak, zain dagoen espetxe luzean.