You, wind of March
Bizitza eta heriotza haiz.
Martxotik etorria
lur biluzira
hire zirrarak badirau.
Udaberriko odola
(hodeia edo anemona)
hire ibili biziak
bortxatu din lurra.
Ostera ere hasten dun oinazea.
Hire ibili biziak
ostera ere zabaldu din oinazea.
Hotza zunan lurra
zeru gaixoaren azpian,
geldia zunan eta hertsia
amets lozorrotuan,
sufritzen ez duenaren gisan.
Izotza ere gozoa zunan
bihotz sakonaren barruan.
Bizitzaren eta heriotzaren artean
isilik ziraunan itxaropenak.
Orain badin ahotsik eta odolik
bizi den gauza orok.
Orain lurra eta zerua ditun
zirrara bortitzak,
itxaropenak ditin bihurritzen,
asaldatzen ditin goizak,
hire ibiliak ditin hondoratzen,
egunsentiko hats hireak.
Udaberriko odola,
lurrak oro ditun ikaratzen
antzinako dardaraz.
Berriz zabalduko dun oinazea.
Bizitza eta heriotza haiz.
Lur biluziaren gainean
arin igaro haiz
enara edo hodeia bezala
bihotzeko uholdea
berpiztu dun eta oldarka sartu
eta zeruan dun ispilatu
eta gauzak islatu ditin…
eta gauzek, zeruan eta bihotzean
sufritzen diten eta bihurritzen ditun
hire esperoan.
Goiza dun, goiz alba dun,
udaberriko odola,
hik bortxatu dun lurra.
Bihurritzen ari dun itxaropena
eta itxaroten hau eta deitzen.
Bizitza eta heriotza haiz.
Bizia dun hire ibilia.