Poesia kaiera
Poesia kaiera
Cesare Pavese
itzulpena: Ion Olano Carlos
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-27-3
Cesare Pavese
1908-1950
 
 

 

Arbasoak

 

Munduaz txunditurik heldu nintzen adin batera non

ukabilez gogor jotzen nuen airea eta negar egiten nuen, bakarrik.

Gizonen eta andreen diskurtsoak aditzea,

erantzuten jakin gabe, poztasun urria da.

Alabaina, igaro zen hura ere: dagoeneko ez nago bakarrik

eta, erantzuten ez badakit ere, badakit alde batera egiten.

Kideak topatu ditut ene burua topatuz.

 

Ohartu naiz, jaio aurretik, beti bizi izan naizela

 gizon sendoen artean, beren buruaren jabeak oro,

eta inork ez zekien erantzuten eta guziak ziren lasaiak.

Bi koinatuk denda zabaldu zuten (estreinako dirutza

gure sendian) eta seriosa zen arrotza,

kalkulatzailea, gupidagabea, zikoitza: andrazkoa.

Besteak, gutarrak, dendan irakurtzen zituen nobelak

(askotxo zen hori, herrian) eta sartzen ziren bezeroek

hitz gutxiko erantzunak aditzen zituzten,

azukrerik ezetz, ezta sulfatorik ere,

agortua zela oro. Geroago gertatu zen

azken horrek lagundu egin ziola huts egindako koinatuari.

 

Jende horrengan pentsatzen dudalarik indartsuago sentitzen naiz,

ispiluari begiratzen diodalarik baino gehiago, sorbaldak puzturik

eta ezpainak egokituz hotsandiko irribarrea egite aldera.

Ene aitona bati gertatu zitzaion, aspaldi-aspaldian,

bere morroi batek azpilapurreta egin ziola

eta, hortaz, berak aitzurtu behar izan zituela mahastiak

ongi eginiko lana ikusiko bazuen. Hala,

beti bizi izan naiz eta beti izan dut

begitarte ziurra eta eskura ordaindu izan dut beti.

 

Eta andrazkoak ez dira kontuan hartzen gure sendian.

Alegia, andreak gurean etxean geratzen dira

eta munduratzen gaituzte eta ez dute deus esaten

eta ez dira kontuan hartzen eta ez ditugu oroitzen.

Andrazko bakoitzak zerbait berria eragiten digu odolean,

baina beren burua ezabatzen dute zeregin horretan eta gu,

hala zaharberriturik, irauten duten bakarrak gara.

Bizioz beterik gaude, tikez eta izularriz

(gu, gizonok, aitok) baten batek egin du bere buruaz beste

baina lotsaizun bakar batek ere ez gaitu sekula ukitu,

sekula ez gara andreak izango, sekula ez inoren esklabo.

 

Lur bat topatu dut kideak topatuz,

lur gaizto bat non pribilegioa den

deus ez egitea, etorkizunean pentsatuz.

Izan ere, lan hutsa ez da aski enetzat eta ene gisakoentzat,

badakigu geure burua txikitzen, baina ene arbasoen

ametsik handiena izan zen onak izatea deus ez egiten.

Sortuak izan gara alderrai ibiltzeko muino haietan gora,

andrerik gabe eta eskuak bizkar atzean eramanez.