Gure ametsen gerizan
Txema Aranaz-i
Hirian eneatzen hasiak edo, agian,
etorkizunari luzetsiak soilik,
itsas bazterrera heldu ginen
argi-zirrinta atzarri
igurikitzeko xedetan...
Lo pisu batek, ordea, laster hartu...
Eta itsasoaren orroak lo-hautsi gintuenean
zeru-ertz goibelean oskorriko odola
gatzatua zela ikusi genuen,
biharamuneko goiza
erditze gaizto batean
galdu izan balitz bezala...
Orduan gure ametsen gerizan suertatu
sarraski eta bidegabekeria orori
ohartu ginen;
eta sutautsezko lupu beltzek
itxaropenaren beira lausoetan
beren amaraunak zabaldu zituzten
bet-betan.
Gero kaioek
aspaldiko partez mutu,
ezagutzen zuten letra bakarra
behin eta berriz idazteari ekin zioten
hondartzako arbel hezean,
gaztigu gisan
edo...
Atzenean,
gogoa abaildurik,
hirira itzultzera
deliberatu ginen
eta lehen ostatuan,
behialako viking-ek ezpata-buruak bezala
godalet bedera eskuetan tinkaturik,
egin genuen topa...
... beste parabisurik ezean,
Odin-ek, behintzat,
Valhöll-en sartzea
eragotz ez ziezagun...
w2000