Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-37-1
Luigi Anselmi
1954, Bilbo
 
 

 

            Anboto 2.eko hegi patartsuetara egarriturik biltzen

            ohi diren bortukari eskas bainan solasturi finer

 

Edan-urria izanik ez duk inoiz

liburu, erloju edo etxeko gakorik galduko

eta atariko sarraila

nekerik gabe kausituko duk

arratsean beranduan

etxera abiatzen haizelarik...

 

Edan-urria izanik, ez duk egia,

zakur amorratu baten gisara,

inguruko lagunetarat huiatuko

eta, izatez, dituan

baino aise adiskide gehiago

ukanen dituk

dudarik gabe.

 

Edan-urria izanik

ez zaizkik inoiz ahantziko

gauak eskuzabalka barreiatzen dituen

bisaia eta izen berriak;

laztan ezti eta ele amultsuak...

ez baitituk sekula ezagutuko.

 

Edan-urria izanik ez haiz agian

goizaldean bihozgabetuko,

ostatuen argiak hil ondoan,

presondegi, ospitale edo kaserna

bezain hits eta itsusi,

etxeen aurpegi larderiatsuak

itzalpetik jalgitzen hasten direnean.

 

w2000