Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-37-1
Luigi Anselmi
1954, Bilbo
 
 

Haizearen imitazioneak
lau urtaroetan

 

                Dantzari-talde, Baco'tiarrak,

                naaspil zoroan zuti-baldarrak,

                esku goituan ontzia ardo.

                                          X. Lizardi

 

Ihintzez betetako

lili-godaletak

elkar joka

topa egiten du haizeak

udaberrian...

 

—Egizu zuk ere haizeak bezala—

 

Udan, itsas gaineko

zilarrezko uhinak

miazkatzen ditu

leunkiro,

txakur otzana,

eta behin burutik

galduz gero

jiraka hasten da,

dantza zoroan,

orbel, hondar-ale,

neska ederren gona,

paper puska hutsalen

hegoak.

 

—Egizu zuk ere haizeak bezala—

 

Albo-alboka doa

udazkenean

jenderik gabeko

zumardietan barna

eta, eskuak dar-dar,

enborretik helduz,

kopak bezalako

adar buru lerdenak

hustu egiten ditu

hostoz hosto.

 

—Egizu zuk ere haizeak bezala—

 

Ilun eta luze

da neguko gaua...

Mara-mara elurra...

Oroitezaren inguma zuriek

alferrik bilatzen dituzte

loreen kaliza hautsiak.

Elurrez ehundu

mihiseen artean

freskatzen du azkenik

haizeak ajea...

 

—Egizu zuk ere haizeak bezala—

 

w1988