Konfesionea
Oi, aita Franzizko,
barka iezazkidazu
ene haurtzaroan egin
bihurrikeriak oro...
Barka nazazu, otoi,
umearen ezaugarri izan ohi den
inozentzia ankerrak bultzaturik
sugandilei buztanak
kendu egin banizkien;
itotzeraino kea
irentsarazi nien
saguzar haiengatik;
baita hegalik gabeko euli ergelak
amaraunera bota
nituelako ere.
Oi, aita Franzizko
ez ezazu, arren, aintzakotzat har
mutildu nintzenean egin hura,
beste inor gabe, mendi-mendian
artzain nengoelarik:
Otso krudelak nora
eta ardiak hara...
Baina hori ez da txarrena,
ezen, ba, beste behin
neska polit eta gorrotagarri
baten adats ederra
sugegorri batekin
lotu egin bainuen.
Oi, aita Franzizko,
otoi, gupida zaitez
ene malko anpulu hauez
benetan baitut damu
katuz jositako gau beltz batean
kanario hori guztiak askatu ostean,
ederki berdinduta zeuden katuen
bizi guziak zenbatu izana.
Baina, oroz gain, barkatu, aita Franzizko,
otoi, barka nazazu,
hementxe aipatu berri dizkizudan
bidegabekeriak,
eta are gehiago,
zeuri egin banizkizun...