Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-30-4
Mikel Lasa
1938, Donostia
 
 

«Gaur ireki diet itsasoari eta haizeari leihoa» (1)

 

Edertasun biluzia zein izugarria den!

iparraldera ihesi doan itsas bazterraren linea

negua maite duten hegazti gris handien hegada

eguzki-begi-handia uhartearen gainean.

 

Gizon berriaren paradisua goizalba da

eta enegan dagoen aingeru garbi ikaragarriak

birrindu zorian dauka arratsaldeko jainko beltza.

Gizon berriaren letaniak kantatzera noa

mila gauza umilen distira ezkutuan:

ezpainetan daramadan basa-krabelina

haitz zuloetan dantzan darabilan ur berdea

eta nire gelako egunaren zazpi argi diferenteak.

 

Gizon berriaren aleluia kantatzera noa:

Hainbeste ontzi ene begietako itsasoan

hainbeste metal soinu urrutitik garrasiak albotik

hainbeste burdin gurutzatu hain estruktura egokiak

ene oin-azpiko lurra gotortzen ari

ta ororen gainetik eguzki-begi-handia

egia agerian ipintzen

munduko i petral ororen gainean puntua ipintzen.

 

Oi egunen batean ausartuko balitz gizona

ze indarra nolako seriotasun ikaragarria bere maitasunean

gorputz ahuldu hori libertatu garaian!

Egun hartan ibai bat eta ispilu bat izanen naiz.

Eta Adanek gauza guztiei izen berri bat

ezarri zien moduan

nik gauza zahar eta antzinako hil guztiei

izenak kenduko dizkiet

gauza hutsak soilak izan daitezen.

 

Orduan gizonak eta harriak berriro bakeak eginen dituzte

eta laino gorritua eguzki hildua

herdoilaren kolore errebelatua

(behin gizonaren esperantza)

ibaiaren kantsazioan islatuko dira

eta ene arimaren egonarria eta esperantza izanen.

 

(1) León Felipe

 

w1965