Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-30-4
Mikel Lasa
1938, Donostia
 
 

 

Poeta berria

 

Zure elea

        ez da gurina eta esnea:

        harria itsasoa eta haizea.

 

Munduaren hatsa

nahi nuke atzeman

Europako bide ugarietan

(hainbeste jendetza eta ni hain bakar)

eguerdiko eguzkia adora

goizetik goizera lana

arratsaldeetan jainko beltzekin josta.

 

(Baina ez zait ardura)

eta gauetan

bide ertzean naiz ezarriko

harri-meta txiki baten alboan

t' hankak gurutzaturik

hartuko dut gitarra

bardoaren gisa

ta eresi bat kantatuko

ardura gabe ta triste:

 

      Oi hiri oi izar oi ortzi

      ez duzue balio ezer

      gizonaren irri ta keinu batek

      zuetako mila balio dute

      oi hiri oi izar oi ortzi

      ez duzue balio ezer.

 

      Zoaz eta esaiozu Rilkeri:

      izarren hautsa krudela da

      eta ilargiaren esneak

      goragalea ematen dit.

 

Eta poblatuko dut

ene arimaren bakardadea

gizonaren irriz eta neskatxaren musuz.

 

Deituko ditut lagun berriak:

 

      Fauno zaharrak ene lagunak

      bideetan zehar zabiltzatenak

      Picassoren Arlekin horia

      (Kafka bera ote pailazoz jantzia?)

      Pierrot gorria

      eta mundu guztiko clown

      aurpegi tristeak

      jazkera gorria eta txano berdea.

 

w1961