Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-30-4
Mikel Lasa
1938, Donostia
 
 

Tamariza eta pikondoa

 

I

amodio galduak

 

                            Goiz heltzen diren pikoak

                            maite ditu ene arimak.

                                                  Axular

 

Euriaren tristea

ari ta ari atergabeko amaian.

 

Katuak ganbaretan lo daude gau t'egun

denborari denbora emanez...

 

Paradisu galduetako oroipena da

nola palmondo handi baten pean

itzala genuela adiskide

nola tamariza ta pikondopean

ari ginen bekatu

haragizko bekatua

euriagatik triste ari

triste diren bezala tamarindoaren adarrak

itsas bazterrean

euriaren pean

triste ta ustel palmondoa

udazkenean

chalet ubelaren jardinean

Zarauzko plaiatik ez hain urruti.

 

Nola bion gorputzak gurutzaturik

(bagenekien ez genuela elkar maite)

bestearengan bilatzen genuen

gurean ez daukaguna:

mundu axolagabeak itsaso izugarriak plaiaren bakardadeak

ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa.

 

Arratsalde hura munduaren azken eguna zen

t'amore eman genion bizitzari.

Udaberrian kantatu nuen hasierako egunaz ez naiz oroitzen

 

Jainkoak gizona tankeratu zuen egunaz

bizirako arnasa isuri zionaz

ez naiz oroitzen

paradisuko azken egun honetan.

 

Katuak ganbaretan lo daude

tolesgabeko ametsetan

urteak eta denborak deusezten

edota denbora milaka ugaritzen.

 

«DANA»k ta «NADA»k zirkulua bukatzen dute.

 

w1961