Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Oinetako lur hau jabilt ikaran!
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Oinetako lur hau jabilt ikaran!
Aiezkoako mendietan
Auñamendiren magalean
Iratiko oihanaren itzalean
bihotzaren erdian
euri, elur eta laino
laino guztien artean
zegoen eta dago
bakardadean
isilean, lo
Orbaizetako ola
Orbaizetako fabrikaren hondarra
oroitzapena,
aunitz kostata
mendi pare baten ordainez
mendez mendeko sua
bizirik eusteko
biziagorik uzteko
su zahar
berpizte berri
ola zaharraren tokian
sortu zen berria,
han
oihan eta laino
Xangoaren altzoan
ur eta zur
su eta harri
lurrean sakonki errotua
ingurumariari ohi ez bezala itsatsia
han
lerden eta eder
lantoki berezia,
su eta ur
atzo eta gaur
bizitzaren bi habe
Orbaizetako olaren zutabe,
ur garbia
tegiak, sutegiak eta lau labe,
gure industrigintzaren egunsentian
itxaropenezko amets
eta atsekabe
tegi baliosa
altxor preziatua
karlistek eta liberalek
borrokatutakoa
osinean amildu eta gero finean
edozein haizeren menpekoa,
zure azken hatsaren lekuko
Telleria zuzendaria
zure magalean ehortzia
Xangoaren bakean
labeen ondoan
fago batzuen azpian
sabeleko suaren getari
hilik ere zeletan,
Orbaizetako ola
atzoko nahiaren hondar bizia
labeetan su itzalia
gure bihotzetan sukarra,
bitartean
ura bere bidetik
Xangoa beti jauzika
ezker-eskuin
olaren bihotz harriztatua
gure nahiaren oinarria
fereka eta kanta
bitartean
gure oroitzapenaren ametsak
uraren xingolaz dira jaunzten
eta Iratiko oihanean barna
desleitzen
bizitzen
hiltzen,
Orbaizetako ola
gure amets harriztatua
itxaropen urtua
hor zaude
zu zara
mendien erdian
euri, elur eta laino
gure haragi urratuaren
hondar hil eta bizia,
Orbaizetako ola zahar
eta berria
gure izatearen oroitarria.
w1975-76
Musika: Benito Lertxundi