Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-21-5
Bitoriano Gandiaga
1928, Mendata
2001, Arantzazu
 
 

Nere isiltasun hau

hitzetan jarriko dut.

Ebakita dago

nire isiltasun hau,

odoletan dago.

Hitzen beldurra du

isiltasun honek

Haragi bizitan

uluka bizi dudan

isiltasun honek

hitzen ukituei

beldur latza die.

Baina neri pena

demait isiltasun hau

bertan behera hil dadin,

gorputz gabe, inork

ezagutzeke ta

inoren laguntzarik

inoiz hartu gabe.

 

Nire isiltasunak

zazpi giltza ditu,

zazpiak giltza handi.

Nire isiltasunak

munduko dolorea

dolore bizi du

erremediorik

ez duen dolorezko

dolore mortala.

 

Nire isiltasunak

ezin konponduzko

harreman gaiztoen

ezinbestea bizi du

inolako arreglu-

-biderik bistan ez duen

errealitate inutil

ezin konponduzko.

 

Lotsa bizi du nire

isiltasun honek

gertatzen ari den

ezbehar ororen

gaizkide nolabaiteko

naizela bait daki,

norberaren bekatu

ezin-ukatua,

ager nahi ez lukeen

aurpegian duela.

 

              Itxura batean ezer

              egin ezina du

              isiltasun honek

              ihardun alferriko.

 

w1985