Eta baina hemen
bultzaka sartu garenok
sartzen gindoazela ohartuz
sartu gara.
Sarreran sartzera
bultzatu bainaute,
hala beharrez,
aurrekoei pasatu
behar izandu diet
ezin geratu ahal izan dudan bultzada;
eta baina bultza bultzaka,
denok kabitu gara
bagoian
eta oraindik
lekua zaigu sobratzen
buruen gainean.
Baina hondar ez garela
esan nahi dut:
bakoitza norbere
erreakzioz
ala ondokoarenez
ohartzen garelako,
arraio!
Giza pila hontan
pilako bat naizela
konturatzearen
pozak poztutzen nau;
eta gainera
neure arduren mundua
eta, atzeko faltrikeran
sartu dudan dirua
oraindik aldean dudala
jakitearen pozik ere badut.
Zirraragarria zait
gorputzez jotzen dudan jendeak
zein sentimen, zein ideia,
zein barruko mundu
ote daraman pentsatzen jartzea.
Eta berriz diot:
Gorputzak pila daitezke pilatan,
baina kontzientziak ez.
w1977