Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-21-5
Bitoriano Gandiaga
1928, Mendata
2001, Arantzazu
 
 

Kanta behar nuke, bai,

baina ezin kanta:

poza baitzait hain falta

ta, samina sobra.

 

Ta samina sobra:

galtzen ikusten bait dut

herriaren ondra.

 

Ta ezin dut kanta

eta, apenas konta

herriaren pena.

 

Laido ta bortxa

sufritzen ari da,

abotsa moztuta.

 

Ta, ezin dut kanta

borreruen kontu

lehunak gorabehera.

 

Eta apenas konta

herriaren pena,

hain ezina bait da.

 

Ezin bait du aitortu

bere nortasunik,

hain inor izanda;

 

ezin bait du eskatu

bere eskubiderik,

rebeldia bait da;

 

ezin bait da kexatu

itxuragaitik, ze

turistak datoz-ta.

 

Ta ezinen ezina

pozeraino jeitsi da.

Ta ezin dut kanta.

 

w1974

Musika: Hibai Rekondo (1975)

            Urko (1978)