Gandiagak Bitorianori
Ihardun gaitezen, Bitoriano,
zeure bentura fatalez,
iluna zara pentsamoldean,
bizkaitar beltza azalez;
gurarietan turrust bizia,
neurri-gabea joranez;
alferrik errez badoan zura
dirudidazu tamalez.
Gura bai gura, gurariaren
gureak zaitu itotzen;
joranez zabiltz, alferrik etsi,
joranak zaitu astintzen;
kontentagaitza, ipurterrea,
halaxe zaitut sentitzen,
zure gustorik zeure gustora
nekez da inor erditzen.
Frustrazioak hartu zintuen
jaio orduko semetzat,
geroztik ez da beste aitarik
inon gertatu zuretzat;
gura ta ezin, ezin ta gura
utzi zizun ondaretzat,
ahaleginaren alferrikoa
ukan zenezan zortetzat.
Desorekarik bada zuretzat
beste zergauzen artean,
ezin bait zara moldatu inon
zeure gustoen heinean;
oskol gabeko arraultze zara
habiako txotx gainean,
oiloak berak min daragizu
luma gozoz ukitzean.
Aspaldi zara zeure izate
minberatiz kontziente,
ingurunea onartzen ere
saiatzen zara dexente;
hala ta ere zure ahuldura
hain geratzen da patente,
lotsarik gabe ezin zengozke
inoren aurrean tente.
Erreflexioz ari natzaizu
mintz hori gogortu guran,
alde hortatik urte luzetan
egin dut zenbait alfer-lan;
zure indarrak baino gehiago
dena ari da zuregan,
gizarterako ez zara sortu,
hain zara mingor ta bakan.
Baduzu zeure ikuskera ta
zeure erizpen-modua,
zeure erara nahiko zenuke
maneia dadin mundua;
nahiz eta buruz onartu besteen
berezko ikuspuntua,
bihurkeria ernetzen zaizu,
arrenkura ta lantua.
Ez zara gauza inoren kontra
errebelatzeko gogor;
amorru-sutan bizirik ere
ez duzu mindu nahi inor;
zeure burua karraskarazten
duzu ernegu-zuhandor,
zeure kontrako zeure xahupena
bilatuz isil ta gotor.
Ibiliz ihardun, joan, etorri,
egon, entzun, irakurri;
bertsoen truke lor zenezake
bizitzeko lain hazkurri;
baina hain zaitut kikilimalo,
izukor eta mudurri,
irrits mingarriz gogo duzuna
berbera zaizu izurri.
Mundu hau nola eraiki dugun
ez zait gustatzen batere,
saretan bildu dugu gizona,
lege-sasitan abere;
askatasuna lor ahal baledi,
zail egin dugu lar ere;
hainbat kate ta hainbat hedetan
ezin dut etsi halere.
Zoroa izan guratik inork
ez nau aterako inoiz,
eder deritzat, libre bihurtu
nintzakeelako arrazoiz;
jabe zatzaizkit, oi zorotasun,
biluztu nazazu urgoiz,
beldurrik gabe trufa ahal nadin
legeak maite bide-ohiz.
Fraide naiteke, apaiz naiteke
munduko bidez aurrera;
ez dut probatu, baina nahi nuke
entseiatzeko aukera;
badaezpadako ta arriskutsuz gain
zoroa dela tankera?
Hori geroak epai lezake
neure obren arabera.
Berri Onaren seme aitortzen
natzaio mundu denari,
antzina dela saldu nintzaien
fede ta esperantzari;
haatik ari naiz loturen kontra
galdetuz kanon-sailari
ea zergatik ixten dizkion
bideak arloteari.
Pasakale bat jo gura nuke
bertsuok kantatu ordez,
baina ez nuke gauza hoberik
sentimendu hauek gordez;
gain-urratu bat egin gura, ta,
aritu natzaizu goldez,
behin honez gero jarein ditzadan
idatzi ditudan moldez.
w1985