Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-21-5
Bitoriano Gandiaga
1928, Mendata
2001, Arantzazu
 
 

Liburu asko dut

hitz pozgarri askoz.

Bakoitza bada hitzez

arboladi hostoz jantzi adinako.

Pozezko hitzez,

hostotsu,

eguerdi aurreko giroa

dildil eskainiz,

liburu bakoitza.

Liburu asko dut aldamenean.

 

Ez dit barruak laguntzen.

Neke sor batez barrua;

mantar lodi artean bildutako ukabil sorrez

kolpatzen nau minak buruan

arnasa galeraziz, bularrean.

 

Apalategiko liburu ederrok zabaltzeko baino

nagiago aurkitzen naiz.

Zer gertatuko ote litzateke

horietako edozein zabalduko banu

eta irakurtzen hasi?

Baina goragale-beldur ere banaiz.

 

Hainbat liburu argiren haize argik

azala hotzikaratzen dit.

Pisu ilun batez beterik dut gorputza.

 

Baina non dut arima?

Pisu ilun batez beterik dut burua.

Ez dut pisu ilunpean ez dudanik ezer,

pisu bakar bat dut burutik behera.

 

Apalategian hitz pozgarri askoz

liburuak. Bai. Badakit. Hitz pozgarri askoz

dago farmazia. Medizina askoz

liburutegia. Baina barruak

oka erantzuten dio farmako bakoitzari.

 

w1985