Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

16. agerraldia

 

 

(Plenoa udaletxean. alkatea, aguazila, polizia, prentsa-arduraduna, mozkin eta idazkaria. Ez dago herritarrik, debekatuta dago plenoetan herritarrek parte hartzea. Plenoetatik, Togetherkissingekoek landutako informazioa baino ez da zabaltzen. Aho batez onartu dute, dolores eta nahikarirekin gertatutakoa errepika ez dadin, eraginkorrena jesarleku zahar guztiak erretzea izango dela.)

 

alkatea: Arratsalde on guztioi. Ondo dakizuenez, gaurko ezohiko udal batzar honen gai-ordenan berbagai bakarra dago: Herritar guztiei jakinaraztea bihartik aurrera, gure etxeetan, bgd besaulki ultramodernoa baino ezingo dela erabili. Listo, ezta?

 

mozkin: Barkatu, jauna, baina nik apur bat gehiago zehaztuko nuke.

 

aguazila: Nahiko argi dago, baina badira gure herrian dekretu hau zehatzagoa balitz erosoago leudekeenak.

 

alkatea: Erosoago? Zer baino erosoago? Zehaztu hori.

 

mozkin: Uste dut esan nahi duela herritarrari ez zaiola zalantzarako aitzakiarik eman behar.

 

aguazila: Bai, asko dira nahiago dutenak bete behar duten hori ahalik eta zehatzen jaso.

 

mozkin: Azken batean hori da gure betebeharra, ezta, lagunok? Gure helburua herritar guzti-guztiek jarleku zaharrak baztertu eta bgd ultramodernoak erostea bada, ez dugu zalantzarako zirrikiturik utzi behar.

 

alkatea: Hori guztiori txosten batean nahi dut. Listo, amaitu dugu gaurkoz.

 

aguazila: Azken ñabardura bat, lagunok. Ez dugu erabaki jesarleku zaharrekin zer egin.

 

mozkin: Nik erretzea proposatzen dut.

 

aguazila: Erretzea?

 

alkatea: Ideia bikaina da, bai. Zabaldu agindua albait arinen, beranduegi izan baino lehen.

 

aguazila: Bai, jauna… Artekaleko auzokide guztioi udalaren agindua: Gaur, 2036ko ekainaren 10ean, Artekaleko auzokide guzti-guztiok zuen etxeko jarleku zaharrak plazara ekarri beharko dituzue, bertan erre ditzagun. Osasunaren Mundu Erakundeak eta G8ak ohartarazi dute gure udala ezen jarleku zaharrak erretzea derrigorrezkoa dela, gaixotasun sendaezinak zabaltzea ekiditeko. Agindua betetzen ez duenak betiko kartzela zigorra jasoko du inolako epaiketaren beharrik gabe. Udalbatzak aho batez, 2036ko ekainaren 10ean.