Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
3. agerraldia
(Argia iluna da. Errefuxiatuen kanpamentu batean daude. Oihalezko etxola batean, lastaira uher bat eta jarleku bat, ez dago besterik. luis etxolan sartzen da. Ia ez dago bientzako lekurik. 2. txotxongiloa-aylan etzanda dago, luisi atzea emanda.)
luis: Kaixo, Luis naiz.
aylan: (Isilik).
luis: Euskal Herritik etorri naiz, zuei laguntzera.
aylan: (Isilik).
luis: Eta zuekin egotera… nola bizi zareten ikustera…
aylan: Zertarako?
luis: Ba… zuen egoera salatzeko eta dirua biltzeko.
aylan: Zertarako?
luis: Ba… zuen egoera hobetzeko.
aylan: Zertarako?
luis: Ez dakit, ez duzu hemendik atera nahi?
aylan: Atera, nora?
luis: Ez dakit, beste leku batera.
aylan: Atera etxetik egin nintzen azkenengoz, eta orain hemen nago.
(Isilunea.)
luis: Eta... zein da zure izena?
aylan: Aylan.
luis: Eta zenbat urte dituzu?
aylan: Hamasei.
luis: Hamasei?! Eta noiz betetzen dituzu?
aylan: Martxoaren 21ean.
luis: Udaberriko lehenengo lorea zara orduan.
aylan: (Isilik).
luis: Gure amamak esaten zigun...
aylan: Nori?
luis: Arrebari eta bioi.
aylan: Nik ez daukat arrebarik.
luis: Nik ere ez.
aylan: Arreba eta bioi esan duzu.
luis: Arreba nuen, umetan… hil egin zen.
aylan: Nola? gerran?
luis: Ez.
aylan: Goseak jota?
luis: Ez, gaixotasun batek kendu zigun.
aylan: Nik ez nuen arrebarik izan eta orain ere ez dut.
luis: Eta anaiarik?
aylan: Banituen.
(Isilunea.)
luis: Hil egin ziren?
aylan: Hil egin zituzten.
(Isilunea.)
luis: Gustuko dituzu ipuinak?
aylan: Gure amamak eta amak askotan kontatzen zizkidaten.
luis: Hilda daude?
aylan: Amama bai, ama ez.
luis: Non dago?
aylan: Etxean, aitarekin.
luis: Eta zu, zergatik zaude hemen?
aylan: Gerragatik.
luis: Baina zergatik zaude zu hemen eta beraiek han?
aylan: Ez geneukan zer jan, dena kentzen ziguten. Nire anaia txikienak goseak hil zituen, kanpotarrek ekarritako goseak.
(Isilunea.)
luis: Eta poesia, gustatzen zaizu poesia?
aylan: Eskolara joan nintzen azken urtean poesia lehiaketa batean hartu nuen parte.
luis: Irabazi zenuen?
aylan: Ez.
luis: Gustuko duzu orduan, poesia.
aylan: Bai, aitak poemak errezitatzen zizkidan.
luis: Norenak?
aylan: Gure herrikoak.
luis: Anonimoak esan gura duzu.
aylan: Ez, gure herrikoak esan gura dut. Buruz zekizkien aitak.
luis: Zuk ere bai?
aylan: Batzuk.
luis: Nahi duzu nire poema bat irakurtzea?
aylan: Irakurtzea? Ez dakizu buruz?
luis: Ba, ez.
aylan: Ez dituzu zuk idatzitako poemak buruz ikasten?
luis: Gurean ez dago ohiturarik.
aylan: Aitak esaten zuen poema baten erraietaraino iristeko buruz ikasi behar dela, berba bakoitzaren jabe egin behar dela norbera.
luis: Irakurriko dizut orduan, ezta?
(Koadernotik irakurtzen dio.)
Alboan
Badakit elkarri begiratzean
sakonago ari garela
isilean errazago
truka daitezkeela
azala eta barruko guztia
aurrez inork inoiz esan gabekoak
asmatzera natorkizu
hutsik dauden berbak
hezur eta haragi
bihurtzera zeure altzora
nire begietan
barrea ausartagoa duzu
nire begietan
bularrak harroago dituzu
nire begietan
ipurmasailak askeago dituzu
nire begietan aterpetzen dira
arbuiatzen dituzunak
izerdia egingo dut
gure maitasunak ez dezan jakin zer izan
nagusitzen denean
ezustekoak ponpatu diezaion bihotza
nekeak ez diezagun kokorrotu
Maitasun poema bat da, gustatu zaizu?
aylan: (Isilik).
luis: Maitasuna egunero zaindu behar dela esan nahi du, egunero ureztatu behar dela zimeldu ez dadin, egunero asmatu behar dugula zerbait kitzikagarria, bestela nekea eta asperdura gailentzen direla.
aylan: (Isilik).
luis: Ez dituzu maitasun poemak gustuko?
aylan: Oraintxe bertan ez.
luis: Zergatik? Maitasuna da bizitzeko dugun aitzakia bakarra.
aylan: Ez dut bizitzeko aitzakiarik behar, nekatuta nago.
luis: Sentitzen dut.
(Isilunea.)