Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

8. agerraldia

 

 

(Argia zuritik ilunera. Lesboseko kanpamentuan daude. aylan ohean datza.)

 

luis: Egun on, Aylan.

 

aylan: Egun on.

 

luis: Zer moduz egin duzu lo?

 

aylan: Ondo.

 

luis: Hasi zenuen poemaren segida idazten ibili naiz. Amaitu beharko genukeela uste dut.

 

aylan: Nekatuta nago, nahiago dut zuk amaitzea.

 

luis: Baina nik ez dut etorkizuna zuk bezala irudikatzen, ez dakit zer sentitzen duzun.

 

aylan: Ba orduan idatzi beste gai bati buruz.

 

luis: Adibidez?

 

aylan: Heriotzari buruz.

 

luis: Zergatik nahi duzu heriotzari buruz idaztea? Zu gaztea zara, asko duzu bizitzeko.

 

aylan: Hemen ez dagoelako besterik.

 

luis: Bizitzaz idatz genezake.

 

aylan: Nekatuta nago, ez dakit zer esan.

 

luis: Ba ez dakit, bizi nahi duzula, hemendik atera nahi duzula.

 

aylan: Ama eta aitarekin egon.

 

luis: Ama eta aitarekin egon, etxera itzuli, bertako lagunekin egon…

 

aylan: Anaiekin elkartu…

 

luis: Hori ez da bizitzaz idaztea.

 

aylan: Baina hori da nahi dudana.

 

luis: Badakizu ezin duzula anaiekin elkartu.

 

aylan: Zergatik ez?

 

luis: Hilda daudelako!

 

aylan: Hain zuzen. Anaiekin elkartu nahi nuke.

 

luis: Eta ama eta aitarekin ez?

 

aylan: Bai, baina nire herrian ez dago jatekorik guztiontzat, ezin naiz itzuli.

 

luis: Oraingoz ez , baina bihar-etzi...

 

aylan: Ez didate joaten uzten.

 

luis: Eta utziko balizute? Nora joango zinateke?

 

(Isilunea.)

 

aylan: Oihurik entzungo ez dudan leku batera joan nahi nuke, etxe bat, jatekoa eta lana emango didaten leku batera… Amarekin eta aitarekin bizitzeko leku batera.

 

luis: Nik ezin dizut lagundu, ez dakit nolako lekua amesten duzun, zeuk idatzi beharko duzu edo deskribatu, eta ahaleginduko naiz poema bihurtzen.

 

aylan: Nolakoa da zure herria?