Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
12. agerraldia
(grisak aulkien jokoan hasiko dira. dolores eta nahikari Herritarren Askatasunerako Segurtasun Batzordearen aurrean deklaratzen. hasb-eko burua ez dago mahai baten atzean eserita. Bera eta idazkaria zutik daude. Diademazko mikro bana dute. hasb-eko burua batetik bestera mugitzen da, dolores eta nahikariren inguruan. idazkaria atzetik dabilkio, kamera batekin dena grabatzen. aguazila ere bertan dago.)
idazkaria: hasb, Herritarren Askatasunerako Segurtasun Batzordea – 2036-UR17. Mugikorreko geolokalizatzailea itzali duen I-016ren aurkako auzia. Batzordearen zigor eskaera: Betiko kartzela.
hasb-eko burua: Zer duzu esateko, ezer ez, ezta? Tira, bagenekien. Betiko kartzela zigorra, beraz. Hurrengoa.
dolores: Non dago ofiziozko abokatua? Non dago gure defentsa?
idazkaria: Ofiziozko abokatuak 2026an desagertu ziren.
dolores: Dei bat egin nahi dut.
hasb-eko burua: Dei bat? Nori? Zertarako?
dolores: Nire abokatuari!
hasb-eko burua: Zuk ez duzu abokaturik, inork ez du abokaturik, administrazio publikoak bakarrik izan dezake abokatua. Nork sartu dizkizu horrelako ideiak buruan? Non jaio zinen? Nork hazi zintuen?
dolores: Eta nire defentsarako eskubidea?
hasb-eko burua: Neu naiz zure defentsarako eskubidea. Hau hasb duzu. Guk babestuko zaitugu.
dolores: Neuk itzali diot geolokalizatzailea Nahikariri, neuk!
nahikari: Amama, gura barik egin duzula esan didazu!
dolores: Putre zikinongandik libratzeko egin dut, nola egingo nuen nahi gabe!
nahikari: Jauna, gure amama ez dago burutik sano, barkatu egin behar diozu.
dolores: Ez dut inoren barkamenik behar! Berriro egingo nuke! Mugikor zikin guztiak itzaliko nituzke, betiko!
hasb-eko burua: Hori sedizioa da, traizioa, teknofobizazioa, prostituzioa… betiko kartzela zigorra zu eta zure oinordeko guztientzat!
idazkaria: Batzordeburu jauna, aukera hori atzera bota zuen Munduko Auzitegi Nazionalak 2021eko ekainean.
hasb-eko burua: Zein da jaso dezakeen zigorrik handiena, orduan?
dolores: Zuen menpe bizitzea baino zigor handiagorik ez dago!
nahikari: Jauna, baina ez duzu ikusten gure amama guztiz zoratuta dagoela? Ezin diozu sinetsi, ez da benetan ari!
dolores: Zaude isilik, oilo busti halango hori! Ez diot memelo honi beldurrik! Jo eta bertan akabatuko dut!
(doloresek katxabarekin eman dio hasb-eko buruari. poliziek lurrera bota dute eta buruan kolpe latza hartu du, konortea galtzeraino. hasb-eko burua eta dolores, biak daude lurrean botata. nahikarik alde egiteko profitatu du. idazkariak dena grabatu du bere lekutik mugitu barik.)