Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

3. agerraldia

 

 

(grisek jarlekuak ilaran jarriko dituzte. Arrandegiko ilaran. Edozein dendatan erosteko ilaran egon behar dute herritarrek.)

 

auzokide 3: Egun on, azkena?

 

auzokide 2: Zeu, noski. Zein bestela!

 

auzokide 3: Antzinako ohiturak ez galtzearren diot.

 

auzokide 2: Antzinakoak? Zer zentzu du ilara batean azkena nor izango den galdetzeak, ba! Ebidentea da azkena iristen dena dela azkena.

 

auzokide 3: Bai, baina gu umeak ginenean ez zegoen ilararik, arraina momentuan aukeratzen zenuen eta…

 

auzokide 1: Arraina momentuan erosi?

 

auzokide 4: Bai, nik hori entzunda daukat etxean, aspaldi-aspaldian zeuk aukeratzen zenuela zein arrain erosi eta gainera egunean bertan.

 

auzokide 2: Hala! Zer neandertal klase ziren ba?!

 

auzokide 1: Eta zelan aukeratzen zen arraina? Denak berdinak dira-eta.

 

auzokide 4: Nik etxean entzunda daukat orduan arrain klase asko zegoela, batzuk zuriak eta besteak urdinak.

 

auzokide 1: Bai, eta beste batzuk arrosak, ez?

 

amona (lur): Izokinak ziren arrosak.

 

auzokide 4: Ba nik gurago dut oraingoa. Telefonotik eskatu, etorri, ordenadronetik pasa eta dagokiguna jan. Kito. Ardurarik batere ez. Eskerrak Borondatezko Zerbitzu Publikoaren Planari.

 

auzokide 3: Eskerrak Planari. Entzungo zenuten gaurko pregoia, ezta?

 

auzokide 4: Nik ez, zer ba, zer esan du pregoilariak? Togetherkissingen egongo da, ezta?

 

auzokide 3: Bihartik aurrera debekatuta egongo dela orain arte erabili ditugun aulki eta jesarlekuetan esertzea. Gaur iluntzean kamioi bat pasatuko dela Artekaletik eta ateratzeko jarleku guztiak plazara.

 

auzokide 4: Zer ordutan? Nik korriking daukat 18:00etatik 20:00etara.

 

auzokide 2: Ziur 20:15ean dela.

 

amona: Eta non jesarriko gara bihartik aurrera?

 

auzokide 3: Denontzako besaulki ultramoderno berezi bat sortu ei dute, gutxienez hamaika orduko loa eragingo diguna.

 

auzokide 2: Toma!

 

amona: Agur, banoa.

 

auzokide 2: Ei, Dolores, nora zoaz, ezin duzu ilara utzi!

 

denek batera: Dolores!!

 

auzokide 3: Ba ez deritzot batere ondo, denok gauza bera egingo bagenu, hau kaosa litzateke. Ilarak ezin dira edozelan utzi! Protesta idatziz bidaliko diot Borondatezko Zerbitzu Publikoko arduradunari!

 

auzokide 4: Agian komunerako larria izango du. Niri behin gertatu zitzaidan, ezin eutsi, ezin eutsi eta ilara utzita karraderan joan behar izan nuen.

 

auzokide 3: Bueno, baina gero hori justifikatuko zenuen, ezta?

 

auzokide 4: Bai noski, zer uste duzu, ez dakidala Togetherkissing erabiltzen, ala?

 

amona: Berdin dit salatzen banauzue ere.

 

auzokide 2: Salatu, zer da salatu?

 

auzokide 3: Nik, badaezpada, arraina jaso, etxera joan eta jesarleku guztiak aterako ditut.

 

auzokide 1: Eta non utziko dituzu?

 

auzokide 3 (nagore): Ba, plazan bertan, baina Borondatezko Zerbitzu Publikoaren Planeko teknikariari deitu eta esango diot Artekaleko guztiok plazara aterako ditugula jesarlekuak.

 

(Ilaran dagoen lehenak jaso du bere arraina eta badoa. Pauso bat aurrera ematen dute guztiek.)