Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

11. agerraldia

 

 

(Artekaleko plazan. auzokide 2 lurrean datza. Konortea berreskuratzen hasi da. auzokide 1 eta auzokide 3 begira. auzokide 4 iritsi da plazara.)

 

auzokide 4: Zertan ari zara hor, ba?

 

auzokide 1: Atxilotu egin behar zuten baina ustekabeko zerbait larria gertatu eta joan egin dira bera hemen utzita.

 

auzokide 4: Eta esan dizute noiz etorriko diren zure bila?

 

auzokide 2: Ba, ez, ez didate ezer esan.

 

auzokide 3: Gertatu izan da inoiz. Nire lagun baten ezagun bati antzeko zeozer gertatu zitzaion. Atxilotu behar zutela, tartean beste ez dakit zer gertatu eta nire lagunaren ezaguna ez atxilotu ez ezer.

 

auzokide 4: Ba ea zeozer esaten dizuten, ze jarlekuak gaur ekarri behar ditugu plazara, antza bihar ekartzen dituenari isuna jarriko diote.

 

auzokide 2: Isuna? Zenbatekoa?

 

auzokide 4: Ba ez dakit, baina igual izango dira 34.000 €.

 

auzokide 3: Bai, zera!

 

auzokide 2: Baina hau ez da Estatuaren agindua, ez? Udalarena da.

 

auzokide 1: Baina Estatuarekin bat eginda dela uste dut, ez? Ez du Estatuak agindu udalek agintzea guztiok besaulki berbera erostea?

 

auzokidea 4: Nola erostea! Ez dizkigute zaharrengatik aldatuko ala?

 

auzokide 3: Oparitu?! Baita zera… (Isildu egin da, auzokide-2 hori berori esateagatik atxilotu dutela konturatzerakoan)

 

auzokide 1: Itxaron, Borondateko Zerbitzu Publikoaren teknikariari deituko diot eta zalantza guztiak argituko ditugu. (Deika) Bai, aizu, barkatu, besaulki berriak erosten ez baditugu, zenbateko isuna ordaindu beharko dugu? A, erantzungailu automatikoa zarela? A, gaur arratsaldean ezohiko plenoa dagoela gai hori argitzeko? Eskerrik asko, bai, agur, eskerrik asko.

 

auzokide 4: Hara, hemen “Denokgarabat” Whatsapp taldeko mezua. Ezohiko udalbatza 18:00etan udaletxean. Gai-ordenan berbagai bakarra: Erosotasun perfektua eta hamaika orduko loa bermatuko dizkigun besaulki berriaren onuraren aldeko udal-agindua.

 

auzokide 3: Ea 18:00etarako zure bila itzultzen diren. Bestela, lasai, geuk emango dizugu plenoan erabakitakoaren berri.

 

auzokide 2: Eskerrik asko.

 

auzokide 4: Zerbait nahi duzu?

 

auzokide 2: Ba egia esan, bai, kristoren azkura dut hankartean eta lurraren kontra igurtziz gero, praka berriak urratu egingo zaizkit.

 

auzokide 3: Nahi duzu norbaiti deitzea? Baduzu telefonorik aldean?

 

auzokide 2: Bai, baina zenbakia begiratzeko baino ez erabili mesedez, atxilotuta nagoela telefonoa erabili dutela jakiten badute, zigorra handituko didate.

 

auzokide 3: Eta atxilotuta zaudela zure telefonoa beste batek erabili duela jakiten badute? Hatz-markengatik atoan jakingo dute.

 

auzokide 1: Esaguzu zenbakia eta gure telefonotik deituko diogu.

 

auzokide 2: Ez dakit buruz. Zertarako dira mugikorrak ba!?

 

auzokide 1: Egia! Ez naiz konturatu.

 

auzokidea 4: Batzuetan edozer esaten duzu zuk ere.

 

auzokidea 1: Bai, barkatu, jarlekuen kontu honek burua zeharo nahastu dit. Ba, poliziak noiz etorriko zain geratu beharko duzu orduan.

 

auzokide 2: Hala ematen du, bai.

 

auzokide 3: Gero arte ba.

 

auzokide 4: Gero arte.

 

auzokide 1: Gero arte.

 

auzokide 2: Bai, gero arte, eskerrik asko.