Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

9. agerraldia

 

 

(dolores eta nahikari justu plazako atxiloketa gertatzen ari dela ateratzen dira autoa gordeta duten garajerantz.)

 

dolores: Ez begiratu, oratu egidazu besotik eta goazen garajeraino astiro-astiro.

 

nahikari: Polizia horrek ezagutu egingo nau, auzokoa da.

 

dolores: Hori auzokoa? Noiztik?

 

nahikari: Izango dira hamar bat urte etorri zela.

 

dolores: Eta zer da, ikusezina? Aurpegia ez zait ezertatik ezaguna egiten.

 

nahikari: Polizia da, amama, herritarrok debekatua dugu poliziekin harremantzea, ez zenekien?

 

dolores: Orduan zertarako demontre bizi dira gure artean?

 

nahikari: Zertarako izango da ba!

 

dolores: Nik ere gorroto ditut poliziak, baina are gehiago gorroto dut inork ezer debekatzea. Ikusiko duzu. Egun on! Zer, betiko legez, lanean fin-fin, ezta?

 

mozkin: Egun on, andrea. Bai, gu beti herritarron segurtasunaren alde, badakizu.

 

dolores: Gogor egin, mereziko du-eta.

 

mozkin: Nahi duzu erakustaldi bat egitea?

 

nahikari: Eskerrik asko, baina denboraz estu gabiltza.

 

mozkin: Bost minutu ere ez dira izango, lasai. Ea, ba, horrelako susmagarri errudun bat atxilotzen dugunean, lehen-lehenik, ezkerreko besoa leporaino bihurritzen diogu, egiten duen aienearen arabera gehiago edo gutxiago. (atxilotua aieneka hasten da, gogor) Honek esan gura du min nahikoa duela. Ba, min nahikoa duela ziurtatu ostean, lurrera botatzen dugu eta pistola elektromagnetikoaren hiru deskarga ematen dizkiogu, bat… (atxilotuak aiene) bi… (atxilotuak aiene) eta hiru… (atxilotuak aiene eta konortea galdu) Hara, listo, mantso-mantso kartzelara sartzeko prest.

 

dolores: Zuek bai, zuek! Lo trankil egingo ez dugu ba, zuek zaintzen gaituzuela jakinda! Eskerrik asko erakustaldiagatik, jauna.

 

mozkin: Zuen esanetara, andrea. Nahi duzunera arte.

 

nahikari: Bagoaz, orduan, agur, eskerrik asko.

 

aguazila (mugikorrean abisua jasotzen du eta mozkini belarrira): Jauna, geolokalizazioa ezgaitu duen susmagarria da.

 

mozkin: Zer diozu baina!?

 

(aguazilak mugikorra erakusten dio, bertan ageri da nahikariren fitxa poliziala eta, honek baieztatzen duenez, nahikari da mugikorrari geolokalizazioa ezgaitu diona.)

 

aguazila: Begira, jauna!

 

mozkin: Heldu horri, itxi bidea, ez dezala alde egin!

 

(auzokide 2 lurrean botata utzita doaz dolores eta nahikari atxilotzera.)