Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
OHARRAK
6. agerraldiko ipuina inuit herriari ikasitako ipuina da. Koldo Izagirrek ekarri zuen euskarara Nabar izeneko hartz arre batek umeei gauero belarrira konta ziezaien.
10. agerraldiko poemari buruz: Bernardo Atxagaren Markak. Gernika 1937 liburuan (Pamiela, 2007) irakurri nuen pasarte honek barruak inarrosi zizkidan. Atxagaren liburuan poema bere horretan dago, espainolez. Itzulpena neurea da. “ (...) Gernikaren bonbardaketak sekulako zirrara eragin zuen, eta Bilbok eta beste hiri batzuek zori bera izango zutela uste izan zuten askok. Giro horretan onartu zuen Ingalaterrak garaiko Euzko Jaurlaritzaren eskaria, eta 3.000 umetatik gora Southamptonerantz abiatu ziren Habana itsasontzian. North Stonehameko kanpamentuan kokatu zituzten. 1938ko udaberria da. North Stonehameko kanpamentutik gertu, Luis Cernuda idazten eta zuzenketak egiten ari da landetxe batean. Habanan heldutako ume euskaldunez arduratzen diren erakundeei laguntza eskaintzen ari zaie azkenaldian, batik bat difficult boys direlakoak zainduz:
‘ (…) hamalau, hamabost eta are hamasei urteko mutilak, Bilbon pasatutako azken asteetan lubakiak eraikitzen ibiliak, gerrako laguntza-zerbitzuetan parte hartutakoak, fabrika eta tailerretan aitaren tokia bete zutenak eta amak zein anai-arrebak aireko bonbardaketetan hiltzen ikusi zituztenak…’.
Cernuda ardura osoz lotu zitzaion lanari, baina utzi beharra izan zuen umeen sufrimenduarekin gehiegi identifikatzen zelako. Haietako bat leuzemiaz hil zenean piztu zitzaion krisia. Azken uneetan, umeak ondoan egoteko eta poema bat errezitatzeko eskatu zion Cernudari. Poema bukatuta, hiltzera zihoala adierazi zion umeak: horma aldera jiratu eta, halaxe gertatu zen, hil egin zen. Trantze zinez gogor horren emaitza izan zen Elegía a un muchacho vasco muerto en Inglaterra, gerora Niño muerto legez ezagunagoa.”