Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Seigarren eszena
NAGUSIA (hutsik dagoen eszenatokian sartzen da; zoritxarreko dirudi eta JACQUESi deitzen dio): Jacques! Ene Jacquestxo! (Bere inguruan begiratzen du.) Galdu hindudanetik, eszenatokia hutsik zegok mundua bezala eta mundua hutsik eszenatoki hutsaren pare... Zer ez nikek emango nik hik berriz Labana eta Zorroaren kondaira kontatzeagatik. Kondaira nazkagarria huen. Horregatik ukatzen nian, baztertzen, eta hutsala eta baliogabea deklaratzen, hik berriz hasi eta kontatzeagatik beti ere lehenengo aldia balitz bezala... Ah, Jacques maitea, Saint-Ouenen historia ere uka al baneza... Baina hire istorioak ezeztagarriak baldin badira, nere abentura inozoa ezeztezina duk eta gezurra badirudi ere barruan negok eta negok hi gabe eta hire ezpain gozo mintzarien berezko mugimendu soilez aipatze hituen ipurdi ospatsurik gabe... (Alejandrinoak errezitatuko balitu bezala errezitatzen hasten da ahots ameslariz): Ipurdi borobil eta Ilargia moduz biribildutako haiek!... (Ahots normalaz): Dena den arrazoia huen. Ez jakin nora goazen. Uste nian sasikumea ikustera nindoala eta nere bihotzeko Jacques maitea betirako galtzera iritxi nauk.
JACQUES (eszenatokiaren beste aldetik hurbiltzen zaio): Nagusi maitea...
NAGUSIA (harrituta itzultzen da): Jacques!
JACQUES: Ondo dakizu jakin, zer zioen Ostalariak, andre noble ipurdi ospatsuko hark: ezin dugu bizi bata bestea gabe. (NAGUSIA emozionatu egin da oso; JACQUESen besotan erortzen da eta honek kontsolatu egiten du.) Hori ez, hori ez, esaidazu nora goazen!
NAGUSIA: Ba al dakigu nora goazen?
JACQUES: Inork ez daki ezer.
NAGUSIA: Inork ez.
JACQUES: Orduan, gida nazazu.
NAGUSIA: Nola gidatuko haut nora gozen ez dakigula?
JACQUES: Han goian idatzita dagoen bezala. Nere nagusia zara eta zure betebeharra da ni gidatzea.
NAGUSIA: Bai, baina ahaztu egin zaik aurreraxeago idatzita dagoena. Nagusia duk aginduak ematen dituena, baina Jacquesek aukeratzen dizkik zeintzuk. Beraz, zai negok!
JACQUES: Beno. Orduan nahi dut zuk ni gidatzea... aurrera...
NAGUSIA (ingurura begiratuz, oso haserre): Prest negok, baina aurrera, nora?
JACQUES: Sekretu handi baten berri emango dizut. Gizadiaren sekulako maltzurkeria. Aurrera edozein lekutara da.
NAGUSIA (ingurura borobilean begiratuz): Edozein lekutara?
JACQUES (besoekin zirkulo handi bat eginez): Begiratu nahi duzun tokira eta edozein lekutara da aurrera!
NAGUSIA (gogo-hotzez): Izugarria duk, Jacques! Izugarria! Dagoen tokian buelta ematen du poliki poliki.
JACQUES (malenkoniatsu): Bai, Jauna, nik ere hori zoragarria ikusten dut.
NAGUSIA (eszenajoku labur baten ondoren, triste): Beno, Jacques, aurrera!
Trabeska eszenatoki barrenara joango dira...
Pragan, 1971eko uztailean