Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Lehenengo eszena
JACQUES eta NAGUSIA eszenatokian sartzen dira; pausu batzu eman eta JACQUES ikuslegoari begira jartzen da; JACQUES gelditu egiten da...
JACQUES (zuhurki): Jauna... (Ikuslegoa erakusten dio NAGUSIAri:) Zergatik begiratzen digute hoiek?
NAGUSIA (asaldatu egiten da, eta trajea tajutzen du janzkera desegokiagatik atentzioa deitzeko beldurra balu bezala): Egizak inor ez balego bezala.
JACQUES (jendeari): Ezin al duzue beste alde batera begiratu? Beno, orduan, zer nahi duzue? Nondik gatozen? (Besoa atzera luzatzen du:) Handik. Eta nora goazen? (Jakinduna filosofikoaz:) Ba al dakigu, jakin, nora goazen? (Jendeari:) Ba al dakizue zuek nora zoazten?
NAGUSIA: Beldurra zioat, JACQUES, nora goazen jakiteari.
JACQUES: Beldurra zuk?
NAGUSIA (triste): Bai. Baina ez diat asmorik hi nire betebehar tristeen jakinean jartzeko.
JACQUES: Jauna, sekula ez dakigu nora goazen, sinetsidazu! Baina gure kapitainak zioen bezala, idatzita dago han goian.
NAGUSIA: Eta arrazola zian...
JACQUES: Deabruak eraman ditzala Justine eta nik birjintasuna galdu nuen ganbara lizuna!
NAGUSIA: Zergatik iraindu emakume bat, JACQUES?
JACQUES: Birjintasuna galdu nuenean mozkortu egin nintzelako, aitak, amorrazioaren-amorrazioz, egurtu egin ninduen, urrutira gabe errejimentu bat zetorren, pentsatu gabe lerrokatu egiten naiz, gudaldia lehertzen da eta balaz jotzen naute belaunean. Abentura erreskada ederra ekarri zuen hark ondorioz. Bala hura gabe ez dut uste sekula maiteminduko nintzenik.
NAGUSIA: Beraz, maiteminduta egona haiz? Ez diak inoiz aipatu ere egin!
JACQUES: Gauza asko dago sekula esan ez dizudana.
NAGUSIA: Beno, ta nola maitemindu hintzen? Kontaidak!
JACQUES: Non nenbilen? Ah bai, belauneko balan. Lurperatua izan nintzen hildako eta zauritutako pila baten artean. Hurrengo egunean aurkitu ninduten eta gurdi baten gainera bota. Destinoa, ospitalea. Bidea oso kaxkarra zen eta karraxi egiten nuen minak, balantzarik txikienean. Bapatean gelditu egiten gara. Jaisteko eskatzen dut. Herri bateko mutur batean geunden eta andre gazte bat zegoen etxetxo baten ate aurrean.
NAGUSIA: lkusten diat, bai...
JACQUES: Sartzen da etxe barruan, irtetzen da ardo botila batekin eta edaten ematen dit. Gurdira bota nahi naute atzera, baina nik gonetatik heltzen diot. Gero kordea galdu nuen eta neure onera etorri nintzenean, bere etxean nengoen, senarra eta seme-alabak bueltan nituela, eta bera, niri konpresak jartzen.
NAGUSIA: Zerria! Ikusten haut nora hoan.
JACQUES: Ez duzu ezertxo ere ikusten.
NAGUSIA: Gizonak etxera jasotzen hau eta horrela eskertzen diok hik!
JACQUES: Jauna, bakoitza norbere ekintzen jabe al gara? Gure kapitainak esaten zuen: hemen behean gertatzen zaigun guztia, ona eta txarra, idatzita dago han goian. Ezagutzen al duzu, idatzita dagoena ezabatzeko moduren bat? Esaidazu Jauna, posible ote dut nik, ez izatea? Izan ote naiteke beste bat? Eta ni, neu baldin banaiz, egin ote dezaket neuk egiten dudana ez denik?
NAGUSIA: Gauza batek izorratzen naik: Zerria haiz han goian idatzita dagoelako? Edo bazekitelako zerria hintzela zegok han goian idatzita? Zein da kausa eta zein ondorioa?
JACQUES: Nik ez dakit, Jauna, baina ez nazazu zerriaren pare hartu.
NAGUSIA: Ongileari adarrak jartzen dizkion gizonak.
JACQUES: Eta ez ongilea deitu gizon horri. Ikusi egin behar zenuen ze tratu ematen zion andreari kupida zidalako.
NAGUSIA: Eta ondo egiten zian... JACQUES, nolakoa huen? Deskribaidak!
JACQUES: Andre gaztea?
NAGUSIA: Bai.
JACQUES (zalantzan). Estaturaz, bitartekoa...
NAGUSIA (oso gustora gabe): Humm...
JACQUES: Txikia gabe aukeran luzea...
NAGUSIA (buruarekin onartuz): Aukeran luzea.
JACQUES: Bai.
NAGUSIA: Hola, bai.
JACQUES (eskuekin keinu eginez). Bular alde ederra.
NAGUSIA: Ipurditik gehiago bularretik baino?
JACQUES (zalantzan): Ez. Bularretik gehiago.
NAGUSIA (triste). Lastima!
JACQUES: Ipurdi handiak nahiago al dituzu?
NAGUSIA: Bai... Agatherena bezalakoak... Eta begiak, nolakoak zituen?
JACQUES: Begiak? Ez naiz gogoratzen. Baina ilea beltza zuen.
NAGUSIA: Agathe ilehoria zen.
JACQUES: Ez da nere errua, Jauna, zure Agatheren antzik ez badu. Den bezalakoa onartu behar duzu. Hankak, luzeak eta politak zituen, ordea.
NAGUSIA (ameslarí): Hankak luzeak. Zenbat pozten nauan!
JACQUES: Eta ipurdia ospatsua.
NAGUSIA: Ospatsua? Benetan?
JACQUES (erakutsiz). Holakoa...
NAGUSIA: Ah! Zerria! Zenbat eta gehiago hitzegiten didaan berataz, gehiago txoratzen naik. Beraz, hire ongilearen andreari, zera...
JACQUES: Ez, Jauna. Ez zen sekula ezer gertatu andrea eta nire artean.
NAGUSIA: Orduan, zergatik atera didak gaia? Zergatik galdu gure denbora bera dela-ta?
JACQUES: Eten egiten didazu Jauna, eta hori ohitura zatarra da...
NAGUSIA: Hainbeste gura nian dagoeneko...
JACQUES: Kontatzen ari nintzaizun ohean nengoela, belaunean bala batekin, oinazeak itota eta zuk haragikeriak besterik ez buruan. Eta gainera, nahasten duzu guzti honetan Agathe izeneko bat.
NAGUSIA: Ez izen hori aipatu.
JACQUES: Zerorri izan zara aipatu duena.
NAGUSIA: Ez al zaik sekula gertatu emakume bat gura izana eta berak ezer jakin nahi ez? Eze-ezer ez?
JACQUES: Bai, Justine.
NAGUSIA: Justine? Hik harekin birjintasuna galdu huen hura?
JACQUES: Hain zuzen ere.
NAGUSIA: Konta...
JACQUES: Zure ondoren, Jauna.