Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Zortzigarren eszena
OSTALARIA: Beno, Markes, aurkituko ote duzu Frantzia osoan nik egiten dizudana egingo dizun beste emakumerik?
MARKESA (belaunikatuz haren aurrean): Zeu zaitut lagun bakarra...
OSTALARIA: Aldatu dezagun gaiaz. Zer dio zure bihotzak?
MARKESA: Neska hori lortu beharra daukat edo lehertuko naiz.
OSTALARIA: Gustora asko salbatuko nizuke bizia.
MARKESA: Badakit ez dizula onik egingo, baina zera aitortu behar dizut: gutun bat bidali diet. Eta kutxa bete bitxi. Baina itzuli egin dizkidate bai bata eta bai bestea.
OSTALARIA (gogor): Maitasunak usteldu egiten zaitu, Markes. Zer egin dizute emakume gajo hoiek zikin ditzazun? Bertutea bitxiekin erosten dela uste duzu ala?
MARKESA (oraindik belauniko): Barkaidazu.
OSTALARIA: Jakinean jarri zintudan. Baina zuzenezina zara.
MARKESA: Bihotza. Azken saio bat egin nahi dut. Etxejabe egingo ditut, landetxe bat eta hiriko nere beste etxe bat emanez. Daukadan guztiaren erdia emango diet.
OSTALARIA: Egin nahi duzuna... Baina ohoreak ez du preziorik. Ezagutzen ditut emakume hoiek.
MARKESArengandik urrundu egiten da; hau belauniko geratzen da eszenatokian. Eszenatokiaren bestekaldetik AMA dator OSTALARIArengana, eta belaunikatu egiten da honen aurrean.
AMA: Andre Markesa, utziguzu onartzen eskainsari hauek! Holako ondasunik! Holako aberastasunik! Holako ohorerik!
OSTALARIA (belauniko jarraitzen duen AMAri): Baina zer uste duzue, egiten dudana, zuen zorionagatik egiten dudala? Uko egin oraintxe Markesaren opariei.
JACQUES: Baina beste zer nahi du emakume honek?
OSTALARIA (JACQUESi). Zer nahi duen? Bi emakume hauei on egitea ez behintzat. Beretzat ez dira ezer, Jacques jauna! (AMAri.) Obeditu edo zeuon putetxera itzuliko zaituztet!
Bizkarra eman eta aurrez aurre aurkitzen da MARKESArekin; hau artean belauniko.
MARKESA: Ai, bihotza, arrazoia zenuen! Uko egin diote. Etsita nago. Zer egin behar dut? Hara Markesa, badakizu zer erabaki dudan? Harekin ezkontzea.
OSTALARIA (harrituta bezala): Markes, arazoa larria da eta pentsatzea eskatzen du.
MARKESA: Zertarako pentsatu! Ezin naiz naizena baino zoritxarrekoagoa izan.
OSTALARIA: Lasai, Markes. Zeure bizitza osorako da ta ez azkarregi ibili. (Pentsatzen ari denarena eginez.) Emakume horiek, bertutetsuak dira, dudarik ez. Bihotza kristala bezain garbia dute... Agian arrazoia duzu. Pobrezia ez da akatsa.
MARKESA: Zoaz haiengana, arren eskatzen dizut. Eta jakin erazi nire asmoa.
OSTALARIAk bueltatu eta MARKESAri eskua luzatzen dio; MARKESA tente jarri eta aurrez aurre daude biak zutik; MARKESA andreak irribarre egiten du.
OSTALARIA: Oso ondo, hitza ematen dizut.
MARKESA: Eskerrik asko.
OSTALARIA: Zer ez nuke nik zuregatik egingo.
MARKESA (umoretsu bapatean): Baina esan, zu bait zara nire benetako lagun bakarra, zergatik ez zara ezkontzen zeu ere?
OSTALARIA: Norekin, Markes?
MARKESA: Kondetxoarekin.
OSTALARIA: Nano horrekin?
MARKESA: Diruduna da, argia...
OSTALARIA: Eta nork ziurtatzen dit haren fideltasuna? Zeuk akaso?
MARKESA: Ez dago senarraren fideltasunik gabe pasa ezinik.
OSTALARIA: Ez, ez, ez da nire kasua. Iraindua sentituko nintzateke. Eta gainera, mendekatia naiz.
MARKESA: Mendekatia bazara, ba, mendeku hartuko dugu. Hori ez legoke hain gaizki. Badakizu zer? Jauregi bat alokatuko dugu laurontzat eta lau orriko hirusta baino zoriontsuagoak izango gara.
OSTALARIA: Ez legoke hain gaizki.
MARKESA: Zure nanoak molestatzen bazaitu, txarro batean jarriko dugu zure mesanotxe gainean.
OSTALARIA: Asko gustatzen zait zure proposamena, baina ez naiz ezkonduko. Ezkonduko nintzaion gizon bakarra...
MARKESA: Ni naiz?
OSTALARIA: Beldurrik gabe aitor diezazuket orain.
MARKESA: Eta zergatik ez didazu esan lehenago?
OSTALARIA: Ikusten dudanez, ondo egin dut. Aukeratu duzuna ni baino askoz gehiago komeni zaizu.
ALABA, andregai soineko zuriaz, poliki poliki dator eszenatokiaren barrenetik. MARKESAk ikusi eta berarengana egiten du, sorgindua lez.
MARKESA: Markesa, bizi naizen artean eskertuko dizut...
Poliki poliki ALABArengana doa. Besarkatu egiten dira eta luzaroan geratuko dira bata bestearen besotan.