Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Bostgarren eszena

(elkarrizketa gurutzatua)

 

DEMONTRE SEMEA eta JUSTINE eskaileran behera datoz, eta bata bestearen aldamenean eseritzen dira azken mailan. Lur jota dirudite biak.

 

JUSTINE: Zin dagizut! Zin dagizut neure aita eta amarengatik!

DEMONTRE SEMEA: Ez dizut sekula sinetsiko!

 

JUSTINE negarrez hasten da.

 

NAGUSIA (SAiNT-OUENi): Neska zoritxarrekoa! Eta zu! Zu Saint-Ouen, nola ausartu zara zu...

SAINT-OUEN: Ez nazazu torturatu, lagun!

JUSTINE: Zin dagizut ez nauela ukitu ere egin.

DEMONTRE SEMEA: Gezurti halakoa!

NAGUSIA: Nola ausartu zara?

DEMONTRE SEMEA: Zerri horrekin!

 

JUSTINE negarrez hasten da.

 

SAINT-OUEN: Nola ausartu naizen? Eguzkiaren azpian dagoen gizonik dongeena naizelako! Laguna izan neuk gizonetan onena, eta lotsagarri traizionatu bera. Zergatik galdetzen didazu? Zerri bat naizelako! Zerri bat baino ez!

JUSTINE: Ez da zerri bat! Zure laguna da!

DEMONTRE SEMEA (haserre bizian): Nere laguna?

JUSTINE: Zure laguna, bai! Ukitu ere ez nau egin!

DEMONTRE SEMEA: IXO!

SAINT-OUEN: Bai, zerri bat baino ez!

NAGUSIA: Ez. Utziozu zeure burua kakazteari!

SAINT-OUEN: Bai! Kakaztu beharra daukat!

NAGUSIA: Gertatua gertatu, ez duzu zeure burua kakaztu behar.

JUSTINE: Esan dit zure laguna dela eta ezingo lukela ezer izan nirekin, ezta irla huts batean biok bakarrik egonda ere.

NAGUSIA: Etzazu zeure burua gehiago mindu.

DEMONTRE SEMEA: Hori esan al dizu?

JUSTINE: Bai!

SAINT-OUEN: Min ematea nahi dut.

NAGUSIA: Urdanga beraren biktima izan gara biok, bai zu ta bai ni! Neskak liluratu egin zintuen! Zintzoa izan zara, dena aitortu didazu! Laguna zaitut oraindik!

DEMONTRE SEMEA: Irla huts batean ere ezetz esan al du?

JUSTINE: Bai!

SAINT-OUEN: Ni ez naiz nor zure lagun izateko.

NAGUSIA: Bai horixe, izango ez zara ba nor! Ordaindu duzu ordaintzekoa zeure damuaren atsekabeekin!

DEMONTRE SEMEA: Benetan esan al dizu nire laguna dela eta ezingo zintuela ukitu irla huts batean biok bakarrik egonda ere?

JUSTINE: Bai!

SAINT-OUEN: Zu bai zu bihotz-onekoa!

NAGUSIA: Besarka nazazu!

 

Besarkatu egiten dute elkar.

 

DEMONTRE SEMEA: Benetan esan al dizu ezingo zintuela ukitu irla huts batean biok bakarrik egonda ere?

JUSTINE: Bai!

DEMONTRE SEMEA: Zin egizu!

JUSTINE: Zin dagit!

NAGUSIA: Zatoz, egin dezagun topa!

JACQUES: Ai, Jauna, errukia ematen didazu!

NAGUSIA: Gure adiskidetasunagatik; inongo urdangak hautsiko ez duena!

DEMONTRE SEMEA: Irla huts batean ere ez. Gaizki jokatu dut berarekin. Benetako laguna dut!

JACQUES: Iruditzen zait, Nagusi jauna, gure abenturek antz bitxia dutela.

NAGUSIA (bere roletik irtenda): Zer?

JACQUES: Gure abenturek antz bitxia dutela.

DEMONTRE SEMEA: JACQUES benetako laguna da.

JUSTINE: Zure lagunik onena.

SAINT-OUEN: Orain, mendekatzea beste pentsamendurik ez daukat! Neska zoritxarreko horrek erabili egin gaitu, eta elkarrekin mendeku hartuko diogu biok! Agindu besterik ez daukazu zer egin behar dudan!

NAGUSIA (JACQUESek esandakoaz zirikatuta, SAINTOUENi): Gero. Gero amaituko dugu kontu honekin...

SAINT-OUEN: Ez-ez-ez! Oraintxe bertan! Eskatzen didazun guztia egingo dut! Zer egin behar dudan esan eta kito.

NAGUSIA: Bai, baina gero. Orain, JACQUESena nola bukatuko den ikusi nahi dut.

 

NAGUSIA oholtzatik jaisten da.

 

DEMONTRE SEMEA: JACQUES!

 

JACQUESek jauzi egin oholtzara eta DEMONTRE SEMEArenganantz doa.

 

DEMONTRE SEMEA: Eskertzen diat. Nire lagunik onena haiz. (Besarkatu egiten du.) Eta orain, besarkazak Justine. (JACQUESek duda egiten du.) Tira, ez hadi lotsatu, baduk eta eskubidea neure aurrean besarkatzekoa! Agindu egiten diat! (JACQUESek JUSTINE besarkatzen du.) Hirurok munduko lagunik onenak gaituk gu, bizian bezala heriotzean... Irla huts batean ere ez... Egia al da ez hukela irla huts batean ere ukituko?

JACQUES: Lagun baten andrea? Jota hago ala?

DEMONTRE SEMEA: Hi bai hi, lagun fidela!

NAGUSIA: Gizatxar halakoa! (JACQUES NAGUSIAren aldera bueltatzen da.) Eta nire abentura oraindik amaitzetik urruti zegoan...

JACQUES: Ez al zinen konformatu adarrekin?

DEMONTRE SEMEA (zorionaren zorionez): Emakumetan fidelena! Lagunetan fidelena! Inor baino zoriontsuagoa naiz!

 

Azken hitzok esan ahala DEMONTRE SEMEA irten egiten da JUSTINErekin. SAINT-OUEN geratu egiten da oraindik hurrengo eszenako lehen hitzak entzuteko; ondoren irten egingo da berau ere.