Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Seigarren eszena

 

MARKESA berriz dator semizirkuluan OSTALARIArengana. OSTALARIAk beregana altxatzen ditu begiak.

 

MARKESA: Ta, Markesa, ikusi al dituzu lagunak?

OSTALARIA (JACQUES eta NAGUSIAri): Ikusten nola erori den?

MARKESA: Ez da ona zure jokabidea! Hain dira pobreak eta zuk ez dituzu mahaira ere gonbidatzen...

OSTALARIA: Gonbidatu izan ditut baina alferrik. Eta ez harritu: jakingo balitz nire etxera etortzen direla Madame de Pommeraye-ren babesean daudela zabalduko litzateke eta ezingo lukete erruki-laguntzatik bizi.

MARKESA: Nola? Erruki-laguntzatik bizi al dira?

OSTALARIA: Bai, parrokian emandakotik.

MARKESA: Zure lagunak eta erruki-laguntzatik bizi dira!

OSTALARIA: Ai, Markes! Oso urruti gaude gu, munduko beste jendeok, anima errukiorren xamurtasuna ulertzetik. Ez dute edonoren laguntza onartzen. Esku garbi eta akats gabekoena bakarrik.

MARKESA: Badakizu bisita egiteko tentatuta egon naizela?

OSTALARIA: Galtzeko arriskua zenuke. Neska gaztearen xarma nahikoa da jendea marmarka hasteko.

MARKESA (hasperen batez): Krudela da...

OSTALARIA (maltzurkiro): Bai, krudela, horixe da hitza.

MARKESA: Markesa, niri iseka ari zara.

OSTALARIA: Egia esan, nahigabetik babestu nahi zaitut. Zeren, Markes, oinaze handien arriskuan zaude! Ez duzu ba nahastuko neska gazte hori ezagutu dituzun emakumeekin! Hau ez da tentatzen utziko. Ez duzu zure nahia iritsiko!

 

MARKESA abailduta, urrundu egiten da eszenatokiaren barrenaldera.

 

OSTALARIA: Jainko maitea! A ze itxura txarra duzun!

MARKESA (eszenatokian gora ta behera dabilela): Sorginduta nago. Ezin dut gehiago. Ezin dut lorik egin. Ez naiz jateko gauza. Hamabost egunean barrika baten pare edan dut eta praile bat bezain errukarria izan naiz, elizan hura ikusi ahal izateko... Markesa, egizu nik berriz ikusteko modua! (andre MARKESAk hasperen egiten du.) Nire lagun bakarra zara!

OSTALARIA: Gustora lagunduko nizuke, Markes, baina zaila da. Ez dut nahi harek ni zuregatik ari naizela pentsatzerik...

MARKESA: Arren eskatzen dizut!

OSTALARIA (imitatuz). Arren eskatzen dizut!... Ze ajola dit niri zu maiteminduta egotea edo ez! Zergatik konplikatu nire bizitza! Zeu konpondu!

MARKESA: Arren ta arren eskatzen dizut! Uzten banauzu, galdua naiz. Nigatik ez bada ere, pentsa ezazu haiengan! Jakizu ez naizela nire eginkizunen jabe! Atea botako diet eta ez dakizu zer egiteko kapaza naizen!

OSTALARIA: Ondo da... nahi duzun bezala. Baina, gutxienez, eman denbora guztia prestatzeko...

 

Eszenatoki barrenean, morroiek mahaia eta aulkiak jarriko dituzte. MARKESA irtengo da...