Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Bosgarren eszena

 

JACQUESek ezin izan du ihes egin. Baserritarrek harrapatu egin dute eta eskuak bizkarrera lotu dizkiote. JACQUES, eskuak lotuta, eszenatoki aurrean dago eta epaileak goitik behera begiratzen dio.

 

EPAILEA: Beno, zer diozu zuk honetaz, lagun? Kartzelaratua izango zara, epaitua eta ondoren urkatua.

JACQUES (zutik eszenatoki aurrean eskuak bizkarrera lotuta): Ezin dizut esan gure kapitainak esaten zuena besterik: hemen behean gertatzen den guztia idatzita dagoela han goian.

EPAILEA: Egi bandia da hori...

 

Irten egingo da poliki beste baserritar guztiekin eta JACQUES bakarrik geratuko da eszenatokian ondorengo bakarrizketa guztian.

 

JACQUES: Baina galdetu daiteke lasai asko, zein den han goian idatzita dagoenaren ordaina. Ah, Nagusi! Zuk uste zentzuzkoa dela nik nere egunak urkatuta amaitzea zu Agathe ergel horrekin maiteminduta zeundelako? Eta ez duzu sekula jakingo nola maitemindu nintzen! Neska eder malenkoniatsu hura gazteluko zerbitzaria zen, eta ni ere zerbitzari hartu ninduen, baina zuk ez duzu sekula jakingo istorioaren amaiera, urkatu egingo nautelako. Denise izena zuen eta asko maite nuen, harrezkero ez naiz beste inortaz maitemindu, baina hamabost egunez bakarrik ikusi genuen elkar, konturatzen al zara, hamabost egunez bakarrik, hamabost egunez nere orduko nagusiak, nerea eta Denisen nagusia zenak, Boulay-ko konteari eman ninduelako, / zeinak eman ninduen gero bere anaia zaharra Kapitainari, zeinak eman ninduen bere iloba Toulouseko Abokatu nagusiari, honek gero Trouvilleko konteari, gero Trouvilleko konteak Belloyko andre Markesari, / ingeles batekin ihes egin zuena eta makaleko eskandalua, / baina aldegin aurretik denbora izan nuen ni de Marty Kapitainari gomendatzeko, / bai, Jauna, guztia han goian idatzita dagoela esaten zuen berbera, / eta de Marty Kapitainak Monsieur Hérisant-i eman ninduen, zeinak sartu ninduen zuk entretenitzen zenuen Isselin andereñoaren etxean, Jauna, baina zeure onetik ateratzen zintuena argala zelako eta histerika eta hark zeure onetik ateratzen zintuenetan, nik distraitzen zintudan nere berriketekin eta kariñoa hartu zenidan. Eta dudarik ez jaten emango zenidan zahartzaroan, hala agindu zenidalako eta badakit hitzari eutsiko zeniola, ez ginen sekula elkarbanatuko, bata bestearentzako sortuak gara: Jacques Nagusiarentzat, Nagusia Jacquesentzat. Eta hona hemen elkarbanatuta, txorakeria hau Bela ta! / Jainko Maitea, ze ajola dio zeure burua zerri horrek engainatzen utzi baldin bazenuen! Zergatik urkatu behar naute zuk bihotz ona eta gusto txarra duzula ta! A ze inozokeriak daudenak idatzita han goian! Oh! Jauna, gure istorioa han goian idatzi duenak oso poeta txarra izan behar du, poeta txarrenetan txarrena, erregea, poeta txarretan enperadorea!

DEMONTRE SEMEA (JACQUESen azken esalditan eszenatoki aurrean azaldu da; zerbait galdetu nahian bezala begiratzen dio eta deitzen): Jacques?

JACQUES (begiratu gabe): Utz nazazue pakean!

DEMONTRE SEMEA: Hi al haiz, Jacques?

JACQUES: Utz nazazue denok pakean! Nagusiarekin ari naiz hizketan!

DEMONTRE SEMEA: Jainkoagatik, Jacques, ez al nauk ezagutzen?

 

Hartu JACQUES besotik eta berari begira jartzen du.

 

JACQUES: Demontre...! Urkatu egin behar ninduten!

DEMONTRE SEMEA: Urkatu? Ez... motel! Zorionez badituk oraindik hemen behean lagunekin gogoratzen diren lagunak! (JACQUESen eskuak lotzen zituen soka askatzen du; berari begira jarriko du eta besarkatu egiten du; JACQUES, DEMONTREren besotan, barre-algaraka hasten da). Zergatik egiten duk parre?

JACQUES: Oraintxe jardun nauk poeta txar bati irainka poeta txarra zelako eta horra non bidaltzen hauen berehala bere poema txarra zuzentzera baina hago ziur, Demontre, poetarik txarrenak ere ez zian amaiera alaiagorik aurkituko bere poema txarrarentzat!

DEMONTRE SEMEA: Ez dakik zer dioan, lagun, baina bost ajola ziok! Nik ez haut sekula ahaztu. Gogoratzen al haiz ganbararekin? (barrez hasten da eta bizkarreko bat ematen dio JACQUESi, JACQUES ere barrez pasten da.) (Eskilarak seinalatzen ditu, eszenatoki barrenean) Motel, hori ez huen ganbara! Kapilla huen Adiskidetasun leialaren tenplua! Jacques, ez daukak arrastorik ere zenbaterainoko zoriona eman higukean. Armadan sartu hintzen, gogoan izango duk, eta hilabete gero, jakin nian Justinek...

 

Oso etenaldi esanguratsua...

 

JACQUES: Justinek, zer?

DEMONTRE SEMEA: Justinek... (beste etenaldi esanahi handikoa) ...izan behar ziala... (ixilunea) Beno! Asmazak!... ume bat.

JACQUES: Ni armadan sartu eta hilabetera konturatu al zineten?

DEMONTRE SEMEA: Amak ezin ezer esan. Baiezkoa eman behar izan zian ni Justinerekin ezkontzeko eta bederatzi hilabetera... (etenaldi esanguratsua.)

JACQUES: Zer huen?

DEMONTRE SEMER: Mutila.

JACQUES: Eta ondo al zegok?

DEMONTRE SEMEA (harro): Hain ondo ere! Jacques deitu zioagu pire ohorez! Ez zekiat sinistuko didaan baina hire antz pixkat badik. Ikustera etorri behar duk! Justine pozez zoratuko duk!

JACQUES (buelta emanez): Nagusi maitea, gure abenturak parragarri berdinak dira...

 

DEMONTREk berarekin eramaten du JACQUES alaikiro; irten egiten dira.