Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Laugarren eszena
Aurreko eszenako azken esaldietan, AMA eta ALABA sartu dira oholtzan eszenatokiaren atzekaldetik.
OSTALARIA: Imajinatzen al duzue haren haserrea? Markesari esan ez duela maite eta Markesa pozez saltoka! Jaunak, emakume harroa zen! (AMA eta ALABAren aldera buelta emanda.) Bi hauek aurkitu zituen. Ezagun zaharrak zituen. Ama-alabak. Epaiketa batek eraman zituen Parisa, galdu egin zuten eta ezer gabe geratu ziren. Amaren irtenbide bakarra joko-etxe bat irekitzea izan zen.
AMA (oholtzaren goikaldetik): Beharra lege. Ahaleginak egin nituen alaba Operan sartzen. Nere errua al da tuntunpaela honek ahots karrankaria edukitzea?
OSTALARIA: Joko-etxera zaldunak ibiltzen ziren, jokuan egin, afaldu eta, beti, mahaiko bat edo bi geratzen ziren alaba edo amarekin gaua pasatzera. Izan ere hauek...
JACQUES: Bai, halaxe ziren... Baina edan dezagun horratio beraien osasunera, etxerako modukoak dira eta biak.
JACQUESek basoa altxatzen du; topa egin eta edan egiten dute hirurak.
AMA (OSTALARIAri): Bene-benetan esateko, andre Markesa, lan zail eta arriskutsuan ari gara.
OSTALARIA (oholtzara igoaz AMA-ALABENgana): Lanbide horretan ezagunegiak ez izatea espero dut!
AMA: Zorionez, ez garela uste dut. Gure... sal-etxea... Hamburgo kalean dago... ezkutu samarrean...
OSTALARIA: Baldinbaitez ez zarete oso zaletuak izango lanbide hortara. Etorkizun disdiratsuagoa eskainiko banizue, onartuko al zenukete?
AMA (esker onez): Ene, andre Markesa!
OSTALARIA: Baina itsu-itsuan obeditu behar didazue.
AMA: Zaude guri.
OSTALARIA: Beno, zoazte etxera! Saldu altzariak. Eta saldu baita ere soineko nabarmen samarrak.
JACQUES (besoa altxata): Andereñoaren osasunera edango dut nik. Oso itxura malenkoniatsua dauka, seguru, gauero amorantez aldatzeagatik.
OSTALARIA (JACQUESi, oholtzaren goikaldetik): Ez egin barre. Jakingo bazenu zeinen nazkagarria den batzutan! (Bi emakumeei.) Apartamentu txiki bat alokatuko dizuet. Juxtu-juxtuko altzairuekin. Zuek elizkizunetara joateko baino ez zarete irtengo. Kalean, behera begira ibiliko zarete eta sekula ez bata bestearekin ez bada. Jainkoaz baino ez duzue hitzegingo. Eta nik, jakina, ez zaituztet zuen etxean ikusiko. Ni ez naiz nor... holako emakume santak bisitatzeko... Eta orain, obeditu!
Bi emakumeak irten egiten dira.
NAGUSIA: Emakume honek beldurra ematen dit.
OSTALARIA (NAGUSIAri, eszenatokiaren goikaldetik): Eta oraindik ez duzu ezagutzen.