Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Laugarren eszena
NAGUSIA (JACQUESengana bueltatzen da eta elkarrizketari jarraitzen dionarekin batera jaitsi egiten da oholtzatik): Ergela besterik ez balitz, Jacques maitea. Baina Nagusia batez ere dohakabea duk eta hori okerragoa duk. Kartzelatik irten nauk baina diru pila handiak ordaindu behar izan dizkiat ordainsari gisa damaren ohoreari egindako irainagatik...
JACQUES (Kontsolagarri): Okerrago ere buka zitekeen, Jauna. Pentsa zazu neska haurdun geratzen dela.
NAGUSIA: Asmatu duk.
JACQUES: Zer?
NAGUSIA: Bai.
JACQUES: Gizenduta al zegoen? (NAGUSIAk baietz adierazten dio; JACQUESek besarkatu egiten du.) Jauna, ene nagusi gizarajoa! Badakit orain zein den istorio batentzat asma liteken amaierarik txarrena.
Eszena guzti honetan, JACQUES eta NAGUSIAren arteko elkarrizketak benetako tristura eta komediarik gabekoa izan behar du.
NAGUSIA: Ez bakarrik ordaindu behar izan nian urdanga koxkor horren ohoreagatik; erdialdiko gastuen kargu egitera ere kondenatua izan ninduan eta nere lagun Saint-Ouenen antz nazkagarria duen hankagorri baten mantenua eta heziketa ere neure gain hartu behar izan nizkian.
JACQUES: Orain badakit. Andra-gizonen arteko istorio baten amaierarik txarrena, hankagorri bat da. Abentura baten azken puntu beltza. Maitasunaren amaieran mantxa. Eta ze edade izan dezake zure semeak, Jauna?
NAGUSIA: Hamar urte egingo dizkik aurki. Denbora guzti honetan landetxe batean izan diat eta aprobetxatuko diat gure bidaia jende horren etxean geratu, ordaindu azkenekoz zor diedana eta mukizua lanbide bat ikastera eramateko.
JACQUES: Gogoratu nola haseran galdetu didaten (jendea seinalatuz) nora goazen eta erantzun diedan: Ba al dakigu, jakin, nora goazen? Eta zu, zu jakinean, ondo-re, nora goazen, nere nagusi triste eta gizarajo hori.
NAGUSIA: Erlojugilea izatea nahi nikek. Edo arotza. Hobeto arotza. Torneatu beharko dizkik betiereko aulki hankak eta semealabak izango dizkik aulki hanka gehiago egingo dituztenak eta semealaba gehiago, eta hauek beren inguruan semealaba gehiago eta aulki hanka gehiago...
JACQUES: Mundua aulkiz josita geratuko da eta horixe izango da zure mendekua.
NAGUSIA (nazka saminez): Ez da belarrik haziko, loreak ez dira loratuko, bazter guztietan haurra eta aulkia besterik ez da izango.
JACQUES: Haurrak eta aulkiak, haurrak eta aulkiak besterik ez; etorkizunaren irudi beldurgarria. Hau zortea, Jauna, garaiz hilko gara gu.
NAGUSIA (pentsakor): Hala espero diat, Jacques, zeren batzutan larri ikusten diat neure burua aulki, haur eta gauza guzti hoien errepikapen etengabekoaren aurrean... Badakik, bart arratsean, Madame de La Pommerayen istorioa entzuten, pentsatu diat: ez al da beti berdina eta aldatzen ez den historia? Zeren azken finean, Madame de La Pommeraye ez duk Saint-Ouenen antzeko bat besterik. Eta ni ez nauk hire lagun Demontre gizarajoaren beste bertsio bat baino, eta Demontre ez duk engainatutako Markesaren antzeko bat baino. Eta ez diat desberdintasunik ikusten Justine eta Agatheren artean, eta Agathe duk Markesak azkenean ezkondu beharra izan zian urdanga koxkorraren bikoitza.
JACQUES (pentsakor): Bai, Jauna, bueltaka dabilen noria dirudi. Hara, gure aitonak, ahoan mutur-lokia jartzen zidanak, Biblia irakurtzen zuen gauero, baina ez zuen beti gustoko, esaten zuen Biblia ere etengabe errepikatzen dela eta errepikatzen denak inozotzat hartzen dituela entzuten dauzkanak. Eta nik, Jauna, galdetzen dut ea guzti hau han goian idatzi duenak ez ote duen beldurgarri errepikatu eta, berak ere, ez ote gaituen inozotzat hartu... (JACQUES ixildu egiten da eta NAGUSIAk, triste, ez dio erantzuten; ixilunea; ondoren, JACQUES NAGUSIA zuzpertzen ahalegintzen da.) Jainko maitea, Jauna, ez tristetu hainbeste, edozein gauza egingo dut zu alaitzeko: badakizu zer, Nagusi maitea? Nola maitemindu nintzen kontatuko dizut.
NAGUSIA (malenkoniatsu): Kontazak, ene Jacquestxo.
JACQUES: Birjintasuna galdu nuenean, mozkortu egin nintzen.
NAGUSIA: Bai, bazekiat hori.
JACQUES: Beno, ez haserretu. Tartekorik gabe zirujauaren andrearengana pasako naiz.
NAGUSIA: Harekin maitemindu al hintzen?
JACQUES: Ez.
NAGUSIA (ingurura begiratzen du bapateko mesfidantzaz): Orduan, uztak alde batera eta hoa harira.
JACQUES: Zergatik hainbesteko presa, Jauna?
NAGUSIA: Zerbaitek esaten zidak, ez zaigula denbora askorik geratzen.
JACQUES: Beldurtu egiten nauzu, Jauna.
NAGUSIA: Zerbaitek esaten zidak azkar ibili beharko huakela istorioa amaitzen.
JACQUES: Oso ondo, Jauna. Astebete zen zirujauaren etxean nengoela lehenengo irteera egin ahal izan nuenean.
JACQUES kontakizunean murgilduta dago eta gehiago begiratzen dio jendeari NAGUSIAri baino, paisaiaz gero ta interesatuagoa hau.
JACQUES: Egun ederra egiten zuen eta nik erren handia neukan oraindik...
NAGUSIA: Uste diat, Jacques, nere sasikumea bizi den herrira ari garela hurbiltzen.
JACQUES: Jauna, onenean eten didazu! Errena egiten nuen eta mindua neukan belauna ere, baina egun ederra egiten nuera, gaur balitz bezala ikusten dut.
Eszenatokiaren lehen planoan, ertzean bertan, SAINT-OUEN agertzen da. Ez du NAGUSIA ikusten, baina NAGUSIAk bai bera eta begiratu egiten dio. JACQUES jendearengana bueltatuta dago eta bere kontakizunean murgilduta.
Udazkena zen, Jauna, Zuhaitzak margotsu zeuden, zerua urdina eta ni oihanbide batetik nindoan neska gazte bat ikusi nuenean neregana zetorrela, eta eskertuko nizuke etengo ez bazenit, beraz egun ederra egiten zuen eta neska gaztea polita zen, batez ere ez eten, Jauna, bera neregana zetorren, poliki-poliki eta nik begiratu egiten nion eta berak neri eta oso aurpegi eder malenkoniatsua zeukan, Jauna, bain zeukan aurpegi malenkoniatsua eta ederra...
SAINT-OUEN (halako batean NAGUSIA ikusi du eta izutu egiten da): Zu al zara, lagun...
NAGUSIA: Begira zein dagoen hemen!
NAGUSIAk ezpata ateratzen du; SAINT-OUENek ere bai.
SAINT-OUEN: Zu zara, laguna?
NAGUSIA: Bai, neu nauk. Hire laguna, sekula izan duan lagunik onena! (gainera egiten dio eta bi gizonek borrokan egiten dute) Zer egiten duk hemen? Semea ikustera etorrita? Ondo janda dagoen ikustera? Ondo gizentzen diadala ziurtatzera etorri al haiz?
JACQUES (Beldurtuta borrokari begira): Kontuz! Jauna! Erne!
Baina ezpata jokuak ez du asko irauten eta SAINT-OUEN, jota, erori egiten da. JACQUES ondora makurtzen zaio:
Uste dut honenak egin duela.
JACQUES SAINT-OUENen gorpu ondoan makurtuta dago eta baserritar batzuk azaltzen dira eszenatokian.
NAGUSIA: Jacques, azkar! Goazen!
JACQUES: Ah, Jauna, honek ez zuen gertatu behar!
Eta korrika irtetzen da eszenatokitik...