Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Aurkibidea
Bariazio bati sarrera
Milan Kundera
LEHENENGO EKITALDIA
BIGARREN EKITALDIA
HIRUGARREN EKITALDIA
Lehenengo eszena
Eszenatokia lehenean; erabat hutsik dago, aurrekaldean dagoen mahai bat ezik eta bertara eserita JACQUES eta NAGUSIA afaria amaitzear.
JACQUES: Guztia hasi zen nire birjintasunaren galtzearekin. Mozkortu egin nintzen, aitak egurtua eman zidan, urrutira gabe errejimentu bat zetorren...
OSTALARIA (sartuz): Ona al zegoen?
NAGUSIA: Gozagarria!
JACQUES: Sekulakoa!
OSTALARIA: Beste botila bat?
NAGUSIA: Zergatik ez?
OSTALARIA (bastidoreetara bueltatuz): Beste botila bat...! (JAQUES eta NAGUSIAri.) Agindua nien jaun hauei, otordu on honen ondoren, Madame de la Pommeraye-ren istorioa kontatuko niela...
JACQUES: Jainkoaren izenean! Etxekoandre! Ni ari naiz nola maitemindu nintzen kontatzen!
OSTALARIA: Gizonak erraz maitemintzen dira eta erraztasun berarekin ahazten zaituzte. Mundu guztiak daki hori. Beraz, nik kontatuko dizuet istorio bat, erakutsiko dizuena txoritzar hoiek nola zigortzen diren.
JACQUES: Zabala ahoa Etxekoandre! Hemezortzi mila tonelada hitz barruan, eta hor zaude nori purrustatuko, belarri gajoren baten zai-zai!
OSTALARIA: Hau oso errespeto txarreko morroia duzu jauna. Barregarria deia uste du eta ausartu egiten da dama baten solasa eteten.
NAGUSIA (gaitzesle): Jacques, mesedez...
OSTALARIA: Beno, ba bazen behin markes bat Des Arcis izena zuena. Makaleko piztia, gonazale amorratua. En fin, oso tipo sinpatikoa. Baina ez zituen emakumeak errespetatzen.
JACQUES: Arrazoi guztia zuen.
OSTALARIA: Jacques Jauna, hitza kendu didazu.
JACQUES: Orein Handiko etxekoandre Señora, ez naiz zurekin ari.
OSTALARIA: Eta, delako markes horrek, aurkitu du La Pommeraye-ko markesa izeneko bat. Alargun gizabideduna, seaska onekoa, aberatsa eta mailaduna. Markesak denbora asko behar izan zuen eta lanak, alargunak onar zezan eta zoriontsu egin. Hala ta guztiz ere, urte batzuren buruan, aspertzen hasi zen gure markesa. Badakizue zeri buruz ari naizen, Jaunak. Lehenengo, proposamena egin zion gehixeago irtetzeko. Gero, maizago errezibi zezan. Ondoren, joan ere ez zitzaion egiten etxera, gonbidatuak zituenetan. Beti zeukan zerbait premiazkoa egin beharra. Eta joaten zenetan, apenas hitzegiten zuen, butaka batean jarriko zen, liburu bat hartu, utzi, txakurrarekin jolastu eta lo hartzen zuen Markesaren aurrean. Baina Madame de La Pommeraye-k maite zuen oraindik ere eta sufritu egiten zuen errukarri. Eta, nola harroa zen, haserretu zen biziki eta guzti harekin amaitzea erabaki zuen.