Poesia kaiera
Poesia kaiera
Philip Larkin
itzulpena: Juanjo Olasagarre
2023, poesia
64 orrialde
978-84-19570-16-1
Philip Larkin
1922-1985
 
 
Hitzaurrea

 

       “Liburuak kaka zaharra dira”, idatzi zuen Philip Larkinek; non, eta liburu batean. Larkinen beraren liburuez den bezainbatean, ordea, kritikari eta irakurle asko ez dira inondik ere bat etorri esaldi horrekin. Autoreak propio muzin egin omen zion forma aldetik apurtzaileegia izateari, baina modernoa izan zen hala ikuspegian nola doinuan, eta horrek nabarmen hurbildu bide zuen bere garaiko gizon arruntarengana, hura kanpotik xehe aztertuz bezala hura barrutik mamituz ere.

       1922an jaio zen, Ingalaterran. Liburuzain ikasketak egin, eta huraxe izan zuen bizibidea. Idaztera ere emana, bere olerkietan zoli islatu zuen Bigarren Mundu Gerraren osteko probintzia giroa, etsiaren eta suminaren artean zabuka plazaratuz bere garaiaren espiritua, gerraosteko poeta ingelesik nabarmenenetako bat izendatua izateraino. Zenbait adituk diotenez, haren idazmoldean eragina izan zuten William Butler Yeatsek (bada haren antologia bat bilduma honetantxe) eta Thomas Hardyk; bereziki Hardyri esker jabetu omen zen posible zuela poesia egitea bere errealitate arruntari buruz, eta bere inguruko mintzo arruntean. Haren hitzak, hain zuzen, poetikoak bezain lauak dira; haren gai nagusiak, berriz, kolosalak: besteak beste heriotza, zahartzea eta, bi-biei loturik, alferrik galtzearen ezinegona; esan nahi baita, denbora, ahala, desira, bizitza alferrik ahitzearena.

       Irudi edo eszena arrunt bat izaten da askotan haren olerkien has-txinparta, eta barrenduz joaten da gero, geruza sakonago, transzendentalagoetaraino. Ez dio beldurrik baieztapen biribil batzuk egiteari, baina ez da erortzen estereotipo hutsaletan. Bere biluzian, tolesak franko ditu Larkinen ahotsak. Olerki lurtarrak dira asko: sinbolikoagoak batzuk, deskriptiboagoak beste batzuk, eta oso narratiboak beste zenbait. Eta, narratibotasun horretan, bai orainaldiko aleetan eta bai oroi-poemetan, non bat eta noiz bat ez ezik, nor batzuk ere ageri dira maiz, pertsonak edo (auskalo) pertsonaiak.

       Aldartea, asko sinplifikatuz, halako abaildura orokor bat da. Grinarik ez da falta, baina ezta fatalitatearen eta halabeharraren dezepziorik ere. “Baliteke gauza gehienak ez gertatzea: hau gertatu egingo da, / eta gertatze hori amorruz lehertzen zaigu / izu-hotzikaretan jenderik edo edaririk gabe / harrapatzen gaituztenetan. Adorea ez da ona: / (…) Heriotza berdin datorkio koldarrari nola borrokalariari”. Poesia gordina da, zakarra, baita nihilista ere zenbaiten aburuz, eta, hura leitzean axalean geratzera, hotza ere eman lezake. Sentimentalismorik ezak, ordea, ez dio galarazten ez sentsibilitatea eta ez emozioa, erruki printzaren bat barne. Azken batean, munduaren begirale zorrotz bat dago lerro hauen atzean, eta, nahiz eta egunerokoaren zelatari pasibo bat eman lezakeen, ez da oso aparte sumatzen eguneroko horri bihurtzen zaion kronikariaren eztena. Humano, poetak bekatuak atzematen ditu, baina ez da itsutzen bekatariak gurutziltzatu nahian: “Ederki izorratzen zaituzte, aitatxok eta amatxok / (…) Baina haiek ere horrela izorratu zituzten”.

       Larkin maisua izan zen zirrararen mamia azaleratzen bizimodu itxuraz hitsenari ere. Juanjo Olasagarrek sen handiz dakarkigu orain haren mintzoa euskarara, aurrez sarean argitaratua zuen bilduma berrikusirik eta osaturik.

Maialen Berasategi Catalán