Non dago Basques' Harbour
Non dago Basques' Harbour
1997, poesia
130 orrialde
84-86766-73-7
azala: J&P
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Non dago Basques' Harbour
1997, poesia
130 orrialde
84-86766-73-7
aurkibidea
 

 

SAUDADEAREN AURKA

 

Adio bost urteen lurraldea

Adio urteak mendiak zirela

Eta adiskideak hilezkorrak uste nueneko nagitasuna

Adio makila bat eskuan munduari atzera

Eraginen niola ziur nengoeneko bakardadea

Adio baforearen uberak

Nire ametsez haratago eramaten nindueneko xalotasuna

Adio mihia atereaz idazten nueneko poza

Mirail baten aurrean gelditu zen xuka-papera

Eta gauzen elkartze berri bat aurkitu nuen

Posible zela uste izan nuen berben arteko iluna argitzea

Ulertzen ez nuen guztia alderantziz zegoelako

Hortzetako txantxarra haginlariaren ispilutxoan

 

Adio hamar urteen lurraldea

Ontzi asko sartu eta irten ziren bokaletik

Mundua nire antzeko umezurtzez betea zegoela

Ikasi nuenerako bonbilak berak zirela mezu

Kontaduria kaier bat eman zidan anaia nagusiak

Lizardiren poemak ziren eskuz kopiatuak

Talaiako arroketan ezkutatu nuen bakarrean gozatzeko

Eta uda hartako ilunabarretan garratz egin nuen negar

Euskaraz ez nekielako umezurtza nintzen

Portua bonbila hutsez betea zegoen nire mezuaren zain

Baina nik ere bonbila huts bat baino ezin nuen eskaini

Bonbila huts bat nintzen uretara uzkur

 

Adio hamabost urteen lurraldea

Zazpi kaier berri erosi nituen

Ez dakit zenbat bolaluma desberdin hasi

Lortu nuen marinel panamar batek bere pipa sal ziezadan

Ilea luzatzen utzi nuen izena aldatu

Baina kaierrak gatzez beteriko kutxak ziren

Berbaren ederra ez zetorren tintaren kolorean

Argi elektrikoaren aitzakia egin nuen gero

Eta behin loak hartu ninduen garra itzalita

Kandela ohepean ezkutatu ahal izan baino lehen

Amak ez zuen ulertu paperean idatzia

Orduan ez nekien arren neure buruari

Igorritako mezua zen kandela erori balitz

Mantek su hartuko zuketen

Bizia arriskatu nuen berbagatik poeta nintzen

 

Adio hogei urteen lurraldea

Senekozuloko laiotzean txibiak pilazka zetozen

Hurbiltzen zitzaizkigun beste txalupak

Eta labar atzera aldegiten genuen guk

Bakarrik egon nahi genuen isilik tristerik

Kulunkaren zorabioan eguzkia Matzakun gorde arte

Ni orduan tankak plagiatzen trebatzen nintzen

Takuboku baino malerusago bizi nintzen behintzat

Koch baziloa bilatzen nuen nire tuan

Hamar berba berri ikasten nituen egunero hil baino lehen

Behar nuen azken kaier berria bete

Munduko portuetan ez zegoen nik behar adina bonbilarik

 

Adio

Ubera bezala urtu ziren urteei

Adio

Arraintxoa eskutik bezala joandako asmoei

Berba berri mordoa ikasia naiz

Eta ez dut sinesten antonimoen simetria

Atzekoz aurrera ere gauza sobera zait ulergaitz

Ez dut uste nahi nukeeneraino bestelakotu ahal izanen naizenik

Baina adio neure buruari dena den beste nonbait jaio behar dut

Banoa itsasmugan agertzen hasia den beste lurralde baterantz

Izendatzen ausartzen ez naizen lurranderantz