Non dago Basques' Harbour
Non dago Basques' Harbour
1997, poesia
130 orrialde
84-86766-73-7
azala: J&P
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Non dago Basques' Harbour
1997, poesia
130 orrialde
84-86766-73-7
aurkibidea
 

 

PORTUKOPLAK

 

Aitortzen dizut portua dela

Nire aberri bakarra

Aitortzen dizut portua dela

Nire aberri bakarra

Hantxe daukat nik lastre handian

Oroitzapenen gabarra

 

Atako banda jo du txalupak

Umearen begipean

Atako banda jo du txalupak

Umearen begipean

Tanta gozo bat itsasorako

Hari agur egitean

 

Ontzi guztiei diosala ta

Tristura bat bihotzean

Ontzi guztiei diosala ta

Tristura bat bihotzean

Izen arrotzek herdoil zauriak

Bidaia gaitzen ostean

 

Baforearen tximinietan

Ez da izozten elurrik

Baforearen tximinietan

Ez da izozten elurrik

Portu batean jaioak ez du

Bide berrien beldurrik

 

Letrak esaten ikasi nuen

Ontzi arrotzen branketan

Letrak esaten ikasi nuen

Ontzi arrotzen branketan

Izen gazien ozentasunak

Munduramina hanketan

 

Txikotak largatzen zirelarik

Gaixotzen nintzen saudadez

Txikotak largatzen zirelarik

Gaixotzen nintzen saudadez

Faroen segak oraindik ere

Hil egiten nau gaudadez

 

Draga handiak ezin du hustu

Itsas hondoko taberna

Draga handiak ezin du hustu

Itsas hondoko taberna

Itoen loa hautsi du eta

Laster joko du galerna

 

Munduak ongi daki naizela

Euskaldun seme jatorra

Munduak ongi daki naizela

Euskaldun seme jatorra

Txipreko ontzi baten banderaz

Egina daukat atorra

 

Zazpi bandera zazpi mintzaje

Nire aberri bakarra

Zazpi itsaso zazpi zohardi

Nire aberri nabarra

Portuak beti digu amore

Kaian urtzen da aparra

 

Tristea baita gau ilunean

Baforearen tutua

Tristea baita gau ilunean

Baforearen tutua

Oroituz egin dizudan kopla

Tristuretan da gautua