Non dago Basques' Harbour
Non dago Basques' Harbour
1997, poesia
130 orrialde
84-86766-73-7
azala: J&P
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Non dago Basques' Harbour
1997, poesia
130 orrialde
84-86766-73-7
aurkibidea
 

 

UMEA ZEGOEN ETA

 

Eta Maria zegoen

Marinelen zuriak garbitzen zituena

Etxean inoiz aipatzen ez zuten Maria saskia bete usain

Arropa bete bular umearendako

 

Eta Txantxilo zegoen

Ontzietan janaria zuen eskatzen

Espainiaren iduria itsusten zuelako debekatu zioten ordea

Umeari xilofonoa jotzen irakatsi ahal izan baino lehen

 

Eta Porfirio Díaz zegoen

Umearen zigilu batetik jalgitako izena

Avilestik honako ikatzontzia

 

Eta 30 tonako garabia zegoen

Ontzi ingeles batek txatarrarako ekarria

Bertan berriz osatua mekano erraldoi

 

Eta 30 tonako garabiak 200 tonako kontrapisua dauka

Umea harrizko zilindro haren azpian dago argazkian

Sindikatu klandestinoaren ikurra bezalako gurpil hagindunen bitartez jiratzen zuen

 

Eta Mitxelena zegoen

Whiskya non gorde behar zen irakatsi zion bertsolari umezalea

 

Eta Alejo zegoen

Whiskya edateko umearen aurrean

 

Eta García zegoen

Egunero bere kanaberarekin zetorrena muxarrak harrapatzera

Karabineroen eskuetan ez erortzearren kontrabandistek

Jaurtitako whisky bonbilaz betea omen zegoen hondoa

Eta umeak sinetsi egin zion

 

Eta karabineroak zeuden

Pipatzen irakatsi zioten eta

Umearen eskuetan Star batek tiro egiten du itsasora

 

Eta Gineako okume enborrak zeuden

Izurde hilak bezala uraren azalean

Umeak jauzi egin zezan batetik bestera

Bere ama izutuaren begipean

Bere aita harrotuaren errietapean

 

Eta Gineatik ekarritako tximinoa egon zen

Astebete keinuka oihuka harrika

Umeak askatu zuen arte

Trenbideko kableetan elektrokutatzeko

 

Eta kapitain galego bat zegoen kosakoz jantzia

Zartailuaren giderrean ziztu bat zeukana

Umearen ilean uxarka egiten zuten zakur daniarrei deitzeko

 

Eta V-18 kostazaina zegoen

Langostino kaxaz betea

Nazioaren eremua gordetzeko

Espainiaren etsaiek armak lehorrera ez zitzaten

Umeak largabista ebatsi zion alferezari

 

Eta herriko arrantzaleek atoian ekarri zuten U-115

Urpekontzi abandonatu haren ondoan

Umea zegoen

Guztiak zaintzeko guztiak sortzeko