
AMOR FATI
Gurasoen etxean nago futbol
partida bat ikusten internet bidez. Leihoa
zabalik, auzoko terrazetan
jendea entzun dezaket partida jarraitzen, entzun
nire emisioa atzerapen
handiarekin doala, haien ulu,
oihu eta kexuengatik. Badakit
aukera argia izango duela taldeak
laster — baina ez duela gauzatuko, txaloak
mereziko baditu ere. Kontrarioak gola
sartu behar zuela jakin dut nire ordenagailuan
oraindik gure taldeak zuenean baloia.
Horrexegatik dakit oraintxe abiatu duten
jokaldiak ez duela fruiturik emango.
Komunera noa. Sukaldera ondoren. Aldizkari bat
hartu eta ohean etzaten naiz. Auzokideek
jakinaraziko didate ezer gertatuz gero.
Emeki itzaltzen dira ahotsak. Amorratuta
egiten dute protesta eta badoaz terrazetatik
gutxika, suminez. Nik ordenagailua
amatatzen dut nire pantailan epailea oraindik
luzapena adieraztekotan dagoela.
Urteak joan dira eta oraindik sentitzen
dut bizitzarena ez dela zuzeneko emanaldia,
atzerapenarekin nabilela munduan
eta besteen bidez jakingo nukeela
ezer gertatuz gero.
Eta ez dugula irabazi, ez dagoelako inor ospatzen.