
Beste ezeren gainetik nik idazlea
eta maitalea izan nahi nuen.
Esan gabe doa Che Guevara
ere izan nahi nuela baina
hori beste nonbaiten dut gordea.
Ez idazle-maitalea
era bukowskiar antzeko batean,
hankarteko poeta gizonttorik ez.
Nik maitatzen jakin nahi nuen
eta nuen nahi jakin idazten nik,
jendeak ni irakurri
ondorenean (bilatuta ala zoriz) gehiago
irakurtzeko gogoa izatea.
Idazlea ez da idazten duena — besteek
irakurtzen eta irakurri nahi
dutena baizik.
Eta ez nuen asko askotan askorekin maitatu
gura — maitalea ez da egiten duena — besteengan
maitasun fruitu osoak utzi
dituena baino, maitasun arbola lerden
eta joriak, ez papurrak.
Lanean jarraitzen dut.
Basozain traketsa naiz.