Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—23—

 

Beti dago pentsatzea zer gertatuko zen Mateo Vallejok ez balu arratsalde hartan motor-txikira igoarazi, ez balitz Edwin gure bizitzetan saburdinaren izpia haragi-mamitan bezala sartu. Etorkizunaren ardura osoa iraganari leporatzea badago, eta esan: «oraina arrotza zaio gabiltzan bideari». Determinismoa ia, antzinako egintza batek dena baldintzatzen duela sinetsi. Eta itsuan segi, pentsatuta bestelakoa zatekeela gu bion artekoa, zoriontsuagoak ginatekeela elkarrekin Mateo Vallejok ez balio oherik zabaldu etxean kanpotarrari. Skinnerren kezka horiek guztiak.

        Zer gertatu zitzaigun pentsatzen hasi eta, direnik eta gauzarik sinpleenak datozkit. Esaterako, abandonatutako jendearen arteko elkarrenganako beharra. Itsaso larri bat, baga ikusezina eta mareak bata bestearen ondoan biltzen dituen apakinak neguko hondartza zaharrean: ostutako haurra izaten ikasi ez duen agurea; nabierak, administrazioak eta lankideek abandonatutako marinela; aitak bazter utzitako nerabe lagunbako bat. Ez ginen denok akaso sentipen berdintsuen bila ari, ez ziren bataren gabeziak beste guztionak?

        Gau hartan horretan eman nuen Leonetik etxerakoa. Iraganak irentsitako kontu bat zirudien guztiak, benetan gertatu zitzaigula sinesteak lanak ematen zituena. Errepidea garbi zegoen, zerua oskarbi, eta trailerrak erraz aurreratzen dira orain autobia berriarekin. Artegatu egiten ninduen irratiko musika hutsak. Konpainia egingo zidan ahots baten bila aritu nintzen auto barruko termometroaren dantzari erreparatzen nion artean. Lerdokeriak lerdokerien ondotik. Gidariaren gaineko argia piztu eta ondoko aulki gainean neraman berokiko poltsikoan sartu nuen eskua. Han segitzen zuen argazkiak. Atera, eta bolante atzean jarri nuen, gasoilaren maila estaltzen.

        Begiez ari zitzaidan irriz.

        Orduan ohartu nintzen. Kartazalaren barnean zeuden bost argazkietatik hura zen inor bekozkoz ageri ez zen bakarra. Kalean aterea zen, hiri bat zirudien, lorategi zaindu bat eta urmaela izan daitekeen zerbait. Gertuagotik egin nion so bihurgunerik gabeko errepide luzean. Emakume hura ez zen zuen etxekoa, lepoa egitea bazegoen galtzeko arriskurik gabe. «Arrotzaren irribarrea», horrelako zerbait idatziko nukeen koadernoarekin segitu izan banu. Masailak, sudur luzexka hura, baina batez ere ezpain mamitsu haiek. Ez Terek ez Mateo Vallejok ez zuk ez duzue musualde hori. Eta pentsatu nuen ez garela asko izango, ezinezkoa dela ia biloba batek birramona lehenago ezagutzea aitonak berak baino.

        Termometroak utzia zion gora eta behera ibiltzeari. Lau azpitik. Argazkia aldameneko aulkian lagatzera nindoala jo zuen. Irratia mututu nuen. Tere zen zure telefonotik. Ospitalean zeundetela zioen, oso larri zegoela, esan zizuela egunetako kontua zela, orduetakoa hurrean, ez zegoela jakiterik.

        — Etsipena emanda gaude behintzat.

        Kontua atera nuen. Hiru bat orduko bidea artean. Hogei minutu lehenago helduko nintzen ospitalera zuzenean joz gero. Zabaldian, alor ilunen gainean argi-laino gorrikara zerua doi argitzen. Hiri bat. Nahi gabe barrurago sakatu nion azeleradoreari, handik lasterrera moteltzeko ostera ere. Musika ez zetorren nire barruekin bat. Kanpoan izotza ariko zuen, nire begiak ikusteko gai ez ziren lei anpulu ezin txikiagoak galsoroen gainean pausatzen. Lu etorri zitzaidan gomutara, haiek bezalaxe partikula elemental bihurtuta itsaso gainean atseden hartzen.

        Ehiztari begiz so geratu zitzaizkidan bi mutilen autoa aurreratu nuen ordainlekura iristerako. Poloniako kamioi zuri handi bat gero. Presa nuen, anbulantzia bat nintzen, argirik gabeko anbulantzia interkontinental bat trasplanterako bihotza, gibela, giltzurrinak neramatzana.

        «Altxa langa hori!» agindu nion peajeko kaiolan zegoen emakumeari neure artean. Ama daramakiot aitonari, ez du bizi izan den artean ezagutu, eta bizialdia badoakio. Zuk zeure txanda amaitu eta etxera heltzerako, begiak gehiago ez zabaltzeko bilduko ditu, eta ohera sartu aurretik haurrei gosaria gertatzen diezunerako, joana izango da. Gogortuta gauzkan izotz honek urtzen ari dela emango dio azken agurra Mateo Vallejori. Lo seko egongo zara ospitaleko korridoreko zelaietan negarra lauhazkan libre ibili ostean bezatzen hasten garenerako. Eta zure haurrak eskolako patio ertzean aurkituko duten kakarraldo hilaren inguruan biltzen direnerako, hustuta egongo da Mateo Vallejok izan duen gela. Izarak aldatuta, armairuko gauzak bilarazita, zapatilak jasoak. Horrela garbitzen dugu heriotza mundu zibilizatuan.

        — Eta loreak?

        Mahaitxoan zeuden arrosen galdez ari zen Mateo Vallejo, nork eraman zizkion. Lore haiena zen kolore bakarra argilun apal hartan.

        — Utzi dizute sartzen?

        — Urgentzietatik.

        Gauerdia pasea zen, zu erdi lo zeunden besaulki luzatuan etzana. Tere haren ondoan zutik, begi beratuz eskutik helduta.

        Ezagutu ninduen, ongi-etorri argia egin zidan, ez nuen hain gaizki ikusi. Errieta egin zidan:

        — Segi egiozu ohera, bihar lanera joan beharko duzu, eta ikusten duzu, ondo zaindua nago.

        Esku biak askatu arte itxaron nuen Tere ohe ondotik komun bazterrera eramateko. Erdi gordean erakutsi nion emakumearen argazkia.

        — Zera izango da hau izeko Pilar!

        Musu eman nion masail hotzean. Eskuetan izan zezan utzi nion, atzekoa irakurtzeko agindu. Mateo Vallejo ez zegoen lo baina.

        — Zer zabiltzate marmarrean?

        Tereri eskatu nion eman ziezaion, ezer esan gabe egon ginen tarte batez. Orduan ez zela ezertaz konturatu esango nukeen, geuk esan arte ez zuela susmo txikienik izan argazkitik begira zuen emakumeaz. Orain, aldiz, ez genuela ama-semeen arteko isiltasuna nahikoa errespetatu pentsatzen dut, bizitza oso baten kontakizunak hark baino denbora luzeagoa behar zuela. Eta gu, ezin bazter egon, begi bistakoa zena azaltzen. Konturatu ez Mateo Vallejok mudatzen hasia zuela aurpegia.

        Errazago ateratzen zaie malkoa gaixoei.

        — Bihar goizean azkazal horiek moztu behar ditugu —agindu zion Terek.

        Ahalegindu ginen, baina iratzarri egin zintugun ahots berotu haiekin. Ileak narras jaiki zinen. Arduratu egin zinen aita negar batean aurkituta.

        — Nekatua zaude, hainbeste lan. Segi etxera lasai, ni geratuko naiz —esanda hartu zintuen Terek.

        Amonaren argazkia erakutsi zizun gero, izenik gabeko emakume haren begiak eskurik esku. Nondik atera nuen galdetu zenidan. Txarra izan zara beti esandakoak gogoan gordetzen. Esana nizun joan egingo nintzela Leonera, egun batean aise egiten dela ostera, zor niola Mateo Vallejori ahalegin hura bederik, ezin nuela saiatu gabe amore eman.

        — Baina nola?

        Eman ez, ez didate egin, ostu egin dut argazkia, lotsagabe ostu ere. Ohoina duzu alaba, bankuekin hasiko naiz bihar. Banuen susmoa onean ez nuela ezer iritsiko, fakultate garaian ikaskide batzuei entzundakoa baizik ez nuen errepikatu, nola atera zituzten dokumentu batzuk liburutegitik. Argazki zahar batzuk eraman nituen poltsikoan, han-hemen biltzen joan nintzen familia erretratuak, zuri-beltzekoak denak, ertzak maiztuak. Une egokia baino ez zen behar sobrean zeudenetako bat hartu eta antzeko beste bat uzteko haren tokian. Eta nik izan nuen momentu hori.

        Barre-hari batez eztitu zituen malkoak Mateo Vallejok.

        — Bost —errepikatu zuen mendeku gozoz.

        Mateo Vallejo ez zen gau hartan hil. Beste egun bat gehiago egin zuen, eta beste bat, eta beste bat.

        — Ez genuen espero, baina suspertu egin da —esan zizun mediku nagusiak astelehen goiz hartan.

        Zuk ez dakit, nik argazkiagatik izan zela pentsatu nuen. Mateo Vallejok gauza asko zeukan kontatzeko foto zahar hari.

        Lanean nintzen abisua pasa zidatenean. Ahaztua ere banuen herio zuela izara artean zain. Eguraldia erabat aldatuta zegoen, hotzaldi gorriak hego haizeari utzia zion aldi. Autoa hartu eta ilaran zubi berritik jo nuen. Langileen manifestazio batek zarratua zuen bidea. Arabazozo zuriak ziruditen panfletoek airean. Ospitalera heldu nintzenerako, Mateo Vallejoren gorpua garbitu eta atontzera eramana zuten.