Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—14—

 

Tereren familiarekin egin beharreko bazkarira pozik joan ginen, ez da hala? Arteak hartu ezinda jaiki zinen, azkenaldian ez bezala atsegin egon zinen. Hilabete haietan elkarrengandik gertuen egon ginen unea izan zen. Gomutatzen?

        Arratsaldea abiatua da eseri garenerako. Jendea bildu gara tontolo-montolo, Terek deituta. Denbora behar izan da denok batzeko. Soziedadera zuzenean jo dutenek ere ezin izan dute esandako ordurako iritsi. Autoak gertu uztea langintza gaitza bihurtu da igande goiz batean.

        Ardoak atera dira, txakolinak, bermutak, bitterrak, muztioak. Arrapalada batean bildu dira haurrak oliben platertxoen bueltan. Pitxar bete ur laga dut mahai erdian, dozena erdi edontzi huts.

        — Ondo eroa dabil eguraldia.

        — Eskertzen da errepidean ibiltzeko.

        Ordua aldatuta, egunak benetan dira laburrak. Goiz iluntzen du, eta ez da igartzen udazkenak koskarik kendu dionik neguari, nola ba, ez bagara beltzenean sartu oraindino. Leihotik landara, hego haizeak hurreratu egingo ditu urrutiko muino moreak, ubelak, malbak. Hegaztiak saldoan datozkio eguerdi osteari.

        Aurreneko aldia da mahai inguruan direnak elkarrengana biltzen direna. Iragana ez dela errauts bilakatu ospatzen da. Mateo Vallejori mundua etorri zaio kolpean. Hirurogei eta hamar urteko isiltasuna dabilkio berbaroan, bakerik ematen ez diola. Kontatu egiten ditut, behin eta berriro guztiak banan-banan kopuru diferentea ateratzeko aldiro. Eta aurkezpenek ez dute akaburik, birritan eman dizkiot bi musuak bati baino gehiagori.

        — Baserrikoak falta dira.

        Eta Tere da, besotik bahituta Mateo Vallejo batera eta bestera darabilena. Barrea negar bihurtzen zaio, barruko mataza erabat askatu ezinik dabil aitite Mateo. Zer ikusten dudan? Izen guztiak gorde nahi dituen agure urduri bat emakume harrotu baten besotik: Tere esku zabalduaz soinekoa lisatzen, Tere batari eta besteari deitzen, Tere esku bilduaz Mateo Vallejoren masaila laztantzen.

        — Ez du gure antza?

        Eta bi aurpegi itxuraz zoriontsu dira elkarren babesaren bila dabiltzanak, urte haietan guztietan galdutakoa une hartantxe bildu guran. Argazkiak bata bestearen atzetik lehertzen dira, «argiegi atera zarete flasharekin, jarri berriz». Eta bi aurpegiak dira ostera ere elkarren anparoan, iragandako oro une hartantxe izozterik balego bezala, orainaldi betiereko batean.

        Ez dakit nolatan, Mateo Vallejok telefono dei hura hartu zuen aurreneko aldia datorkit.

        «Garai ederrean!».

        Ez naiz ni izango orain zoriontasun zaparrada hau ebatsiko diona. Eta zuri laguntzeko erabakiak estekatu nau kanpotarrei zerbitzatzen, ardoak, txakolinak, bermutak, bitterrak, muztioak ateratzeko.

        — Nerea. Nerea naiz. Mateoren biloba. Honen alaba.

        — Gorritzen sentitzen ditut masailak. Tereren ahizpak izan behar duten bi emakume adindu ditut aurrean irribarrez galdezka, nor den nor berehalakoan ulertzen ez dutenak. Nire ondoan zaude. Ez dut aukera galduko.

        — Mateoren semea hau da. Aitona baino zaharragoa da.

        Zerbait esatera zoaz, defenditu nahi duzu, baina orduan otoz otoan zabaldu da atea eta oihu batek askatu ditu ezpain guztiak.

        — Hemen zarete-eta!

        Bi emakume eta gizonezko bat dira Tereren besoetan katigatu direnak, atzetik datozen beste hirurekin, okerreko musutan, txandaren zain urduritzen direnak.

        — Hau da Juanito —aurkezten die hurreratu orduko—. Hauxe da ba Asunta, eskerrak honi aurkitu zaitugu!

        Eskutik helduta du, eta Mateo Vallejo ez dago inori ezer leporatzeko, ezin izan die begi beteei gehiago eutsi. Eta une batez Mateo Vallejok berak inoiz Juan Aizpuru izan dela sinestera egiten du jolas. Juanito deitzen zeneko irudiek esaten ez dakien neurrian hartu diote gogoa goiz-goizetik, eta dena berritzen ari zaion honetan zalantza nagusitu zaio, ez daki zer den egiazkoa eta zer denborak bere artean asmatua duena arbolape hartatik. Kontua da etsi duela horrelako bideak hartzen dituela lantzean behin buruak. Eta batez ere haurren builak datozkio, harrezkero ostera aditzea lortu ez duen usain hura, eta gizon heldu haren magala. Zer zen gogoratu ezin duen jatekoa, aurpegirik jarri ezin dion gizon bat. Halaxe aitortzen du bildu berrien aurrean.

        — Hauek dituzu arbolapeko ume haiek —aurkeztu dizkio Terek.

        Halako batean zuen guztia galdu egin ziotelako gertatzen da gertatzen dena. Azkenaldian loa ere galarazten dion, ezezagunak malkotan besarkatu arteko haurtzaroaren eraso bortxazkoa. Toki bat munduan arbolape hura. Eskaini dien eskua euren esku artean enara bat bezala gordetzen dioten ehun kiloko haurren izenak ikasten ahalegindu da. Halakotuta entzun du berea, orduko ume haiek bezain mudatua, eta harritu egin da bere burua entzun duenean «ni naiz Juan» esaten, «ni naiz Juan». Eta etxeko haurrek gizon brusaduna inguratu dute. Eta hustutako platera soildutako belar gainean utzita aulkia arrastaka atzeratu du gizonak, magalean duen mutil koskorra eskutik askatu du, osterantzeko haurrek «hator gurekin» diotsotela, «hator jolas egitera Juanito».

        — Zuen aita zen?

        Baietz egin dute hiru buruek. Korasta bera dute, ontziola berean eginak dira hirurak.

        Lurra harrotzerainoko sustraiak zituen, zerurainokoa kapelua, berdea eta zilarrezkoa. Hala etorri izan zaio beti aitona Mateori arbola zabal hura.

        — Zer zen, intxaurrondoa?

        — Ezkia, inguruetako ezkirik ederrena.

        Halaxe azaldu diote garai bateko haur haiek, arbolape hark batu dituela orain ere Tereri esker. Asuntak hitz egin du orain, ez zekitela ondo zegoen dio, kezka horrexekin hil zitzaiela ama, ardura horrek lotu dituela, eta beste areagoko batek, Juanito deitzen zuten hark, bizirik bazen behintzat, jakingo ote zuen nor izan zen.

        — Ni hemen nago ba. Eta arbola?

        Baietz diotsote hirurek batera, han dela etxe atarian, orduan bezain zabal.

        — Joan behar dugu, merienda-legea egingo dugu hantxe gerizpetan eguna luzatzen hasten denean. Behiak ditugu, ehun behitik gora, esnetakoak, arbola hartatik ez oso aparte gordeak.

        Baina bitartean ekarri egin diotela dio ordurako Asuntaren senartzat duen gizonak, «etxean toki bat eginda betiko abaroa izan dezazun».

        Plastikozko zorro beltz bat da eskuz esku doana, gizonezkoak betaurrekoak kendu eta begiak xukatzen dituela aitite Mateori eman nahi diona. Marko argia du. Okumezko xaflan itsatsiriko argazkia, ordea, handia da lehenengoan ateratzeko. Hori gero, agindu du Terek, horiek gero, orain denok bazkaltzera, afaltzeko ordua egingo zaigu bestela-eta.

        — Zenbat denbora esan duzue daramala barku horrek?

        — Hemen uztailetik dago.

        Eta mahaia bitan banatzen da, adinak zatitzen gaitu txeraren eta lotsaren arabera. Plateretakoei ekin zaie, edontziak bete dira. Begiratuek ez dute etenik, «zuk ere utzi sukaldea», mahaian esertzeko tenorea da. Hala ohartu naiz neure ondoan zenuela tokia hartua. Eskua nirearen gainean jarri gabe esan duzu, «ondo zaude?», esku bat beste esku baten gainean, honelako txorakeriatan ematen nuen begia. Eta ez dakit ohartu zinen, baina biok elkarren ondoan egonagatik inork ez digu amaz galdetzen. Ez duzu pentsatuko, baina horren beldur nintzen. Ikasita etorri dira etxetik, sartuaz batera ezagutu gaituzte.

        — Eta egia da txakurren kontu hori?

        «Txakurrak, armadoreak» esatekotan egon naiz. Isildu egin naiz baina. Zuk hitz egin dezazun utzi dizut, odol berekoak izanagatik ez baititut aurrean ditugunak nahikoa ezagutzen. Drama ikuskizun bihurtu den jaiera honetan, ez nau musututs utzi hitza hartu eta zer kontatu behar zenuen igarri eta ekin diozunean:

        — Borroka-txakur bat ekarri du bart arratseko marea-gorak hondartzara.

        Turistak balira bezala begiratu dizute, harri eginda utzi diote ezpainari erortzen nahi zutena eman diezunean, auskadak dituela saman, odoldua burua, hezurrak agerian.

        — Belarriak ere falta ei ditu.

        Mahaiaren beste muturrean lainatu dira arestiko poz aurpegiak. Beste auskada batzuez ari dira.

        — Gaiztoak ziren haiek, umeak horrela osteko.

        — Juanitorena bakarra balitz gainera!

        Ezustean harrapatu nauzu txakur-borrokena ez dagoela argi esan duzunean. Ez ez direla Serenity Starren egiten, ezpada marinelak ez beste norbait ari dela egoeraz baliatzen. Lehendik lehorrean, Sestaoko, Burtzeñako, Lamiakoko fabrika abandonatuetan-eta inoiz egin direnak hara eraman dituztela, hori dela jakin duzuna.

        — Hori da dena —esan duzu azkenik.

        Ahots ederra duzula konturatu naiz, ahaztua nuen. Eta ironiarik gabe diotsut, hala hitz egiten duzulako zauzkate seguru asko zauden tokian.

        — Ni majo izorratu ninduten behintzat.

        Eta Terek isiltasuna eskatu du, haurretako bati eman dio txanda, orain bai, arazorik gabe ateratzeko koadroa plastikozko zorrotik. Arbola handi bat da, baserri baten teilatu hegala duela ondoan. Handia, berdea eta zilarrezkoa. Bertsoa darama idatzirik, Mateo Vallejorentzat beren-beregi gaztelerara itzuli dutena aldamenean. Abaroak dena ederra zen haurtzaroari egiten dio dei, anaitasunari, abizenari, familiari. Eta trufa egiten diote lerrook distantziari, larderiari eta itzuliko ez den bakardadeari.

        Txaloen indarra neurtu nahi dugu, baietz malkoei ekin ostera.

        — Ai, gure-gure! —esan du Terek ezin agerikoago musua emanda denok hunki gaitezen. Eta nekatu itxuraz eseri da Mateo Vallejo, esku artean ozta eusten dion arbola hura non utzi ez dakiela.

        Kanpora irten dugunerako, ilunak hartua du berari dagokiona.

        Bazkalosteko lurrunak aireztatzeko aitzakiaz, eta gonbidatuak agurtuta, etxeraino eramango duen autoraino lagundu diogu Tereri.

        — Ederto pasa dugu, ederto baten dena. Familia majoa osatzen duzue hirurok.

        Anbulantzia bat igaro da ondotik. Ez doa hutsik. Piztuta daramatza barneko argiak.

        — Bestela gaude —atera zitzaizun.

        Mateo Vallejok isilarazi zintuen denon aurrean. Tere berehala konturatu zen berak hoztu behar zuela bion artekoa:

        — Tira, Mateo, edo Juan, nola deitu behar dizut? Orain ez duzu zer ezkutatu.

        Nekatua dago, jota gelditzen da aurre egiten dizun aldiro. Sirena aditzen segitu dugu beste tarte batean.

        — Nahiago nuke.