Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—7—

 

Skinnerren kutxa.

        Lo zegoelakoan ahalegindu naiz albait isilen sartzen ohean. Sara itzarririk dago baina.

        — Skinnerren kutxa, gogoratzen?

        Neure aldera jiratu eta ea ez naizen Barney jaunaz akordatzen esan dit besoa pasatzen didala sorbalda gainetik. Ea ez didan une batez bada ere psikologia eskoletako Skinnerren kutxak gogoa hartu orduko kontuak berregiten nabilen honetan. Londresen, fakultate garaian determinismoak eta zoriak pertsonen bizitzan duten eraginaz eztabaida sortu nahi zuenean, Skinner doktoreak asmatutako kutxarekin xaxatzen gintuen irakaslea zen Barney, nola ez naiz ba akordatuko.

        Skinnerren kaiolan Mateo Vallejo, Edwin, zu eta laurok egon ginela esaten ari zait Sara. Ea ez ginen baldintzatuta sartu denok etxe hartan.

        — Aurretik emana zitzaizuen asko. Abandonuaren harra zenuten erraietaraino sartua Edwinek eta heuk. Mateo, berriz, ume bahitua dun. Hori hor zagon, Nerea. Indarra din horrek.

        Sarak ez zuen ziririk behar izaten Barney jaunaren klaseetan hizketan hasteko. Nik nahiago izaten nuen mihia lotuan.

        Isiltasuna ulertzen ez zuena zu zinen.

        — Zurekin hitz egiten du?

        Eta Mateo Vallejok «zer nahi duk, haurra duk oraindino, bil ezak pazientzia pixka bat» erantzun beharrean, «nirekin bai» erantzun zizunean ikustekoa izan zen jarri zenuen aurpegiera. Ulertu nuen barruak hartu zizkizun su haren indarra, ulertu nuen Mateo Vallejok eman zizun sastada gibelean, «espabilatu beharko duk halako batean», eta barregura eman zidala aitortu behar dizut. Ordutik dakit gaiztoa ere izan naitekeela, zuri min emateko gauza naizela ohartu nintzen.

        Galderak etengabean helduko ziren harrezkero, ea lagunekin ez nuen geratu behar. Gero, ea norekin ematen nuen eguna. Azkenean ea nora eraman ninduen aitite Mateok moilarantz jaitsi ginenean. Erantzunik gabe nahi zenituen galderak, esan orduko jabetzen zinelako non amaituko genuen abainua emanez gero.

        — Ez naiz ni hona bizitzera etortzea erabaki duena.

        Eta orduan alde egiten zenuen. Hori zen behar zenuen erantzuna espantuka eta zeinuka altxa eta, gora-goraka, ateari danbatekoa emanez auskalo nora joateko. Plantatakoa zen guztia: danbatekoa, oihuak, hanka presatuak; dena egoerak beste neurri bat zuela sinets genezan egiten zenuen. Mateo Vallejo isilik geratzen zen horrelakoetan, baina berak ere galdera asko zuen zuri egiteko. Ulertzen zuen pasatzen ari zinena, hori badakit. Begia ere iluntzen zion zu ohol bat itsasoaren erdian bezala ikusteak. Zure aita zen, baina ez zuen ikusten zurak ezer egiten zuenik hondartzara iristeko. Lana zela, batzarrak zirela, zeure egoeran zeuden lagunekin futbol partidak edo «trago bat eta oraintxe noa» haiek, kontua da eguna joan eguna etorri ez zinela ilundu arte azaltzen etxera.

        Nik, ostera, berehala galdu nituen eskola ostean Bilbon geratzen ziren lagunak. Bidea nuen metrora, eta bideondoa geltokitik Mateo Vallejoren etxeraino.

        Berbetan, zuk ez zenuen nire gaitzik:

        — Laster itzuliko gara Bilbora, Nerea. Gauzak pixka bat hobetzen direnean.

        Laster. Desastrea izan zara beti hitzak aukeratzen. Ikasturte osoa emango genuen portu gaineko etxe zahar hartan.

        Etxea ez zen txikerra ere. Lau koarto bazituen, egongela epel bat eta lehengo sukalde handi horietakoa, ura berotzeko biltegi zuri batekin harraska gainean, akordatzen? Zainduz gero, ematen zuen hirurok dutxatzeko. Han hazia zara, badakizu zer ari natzaizun erakusten. Zer gehiago behar zenuen? Esaten zizun aitite Mateok:

        —Konformidadea zer den baheki!

        Eta balkoia, tala zabal hura itsasoa etxean izpika sartzeko. Hanka ugertuko mahai bat, oinetakoen armairua, lanbasak eta erratzak azken tomateak larregi gorritzen, piperrak kakotik zintzilik. Gau lehenean, Abrako argi guztiak geuretzat beren-beregi jartzen zituztela ematen zuen. Sukaldetik aulkia atera eta orduak ematen nituen urriko gau epeletan bakoitza nongoa zen argitzen: «han, Larrainetako funikularra; han, Sestaoko azken etxeak; harantzago...».

        Horregatik petraltzen zitzaizun aitite Mateo bere partea saldu eta, ezagutzen zenuela kontratista konfiantzako bat botata, etxe berria egiteko tentatzen zenuenean. Jarduna zenuen, hitz ederrekoa izan zara beti. Balio handia zuela lurrak, ez geundela dirua galtzeko. Eraikin berria, garaiagoa eginda irabaziko omen genuen. Mintzatu behar zenutela negua orduko auzokoarekin. Erretiroa aipatu zenion, erosotasuna, garajea eta igogailua.

        — Zenbat urte uste duk biziko nintzatekeela etxe horretan?

        Kezka handiagoa zeraman barnean Mateo Vallejok ordurako, existentziaren nolaereko eskuaretzea. Ikusia zuen nola aldatu zen herria azken urteetan, etxeak eraisten, kaleak mudatzen, jendea hiltzen. Berriak eraikitzen, berriak sortzen. Geografia errotik aldatua zioten gizonari. Arrantzara gutxiago ateratzen bazen ez zen kasu egiten zizulako, ehiztari bihurtu zelako bazik. Ez da zaila asmatzea zertan ematen zuen denbora desorduetan kalera jotzen zuenean: itzal zaharrak harrapatzen. Badoazen lagunak bizi izandako etxe aurreetatik pasatzen zen, gutxien espero nuen tokian gelditzen ikusi nuen. Plaza ondoko oparien denda dagoen horretan badakizu zer zegoen oraintsu arte? Arbola bat. Bai, arbola soil bat. Han biltzen ziren bizitzara agertzen hasi zirenean. Gazteak ziren, dena sinpleagoa da beharbada ezer gutxi dagoenean, baina mundua biltzen zen kantoi ainube hartan. Zumar zahar bat zen, kartelak jarri eta erauzi egiten zizkioten zumar gaixo bat, milaka grapa txikiz zauritua. Trenean fijo hartu zutenean, aduanatik ateratako botila whiskiarekin eta zigarro bilduekin agertu zen bertara. Lagunekin ospatu nahi zuen. Bera izango da seguruenik gazte haietatik guztietatik handik pasatzen segitzen duen bakarra.

        — Luren argazkia ekartzera natorrek.

        Urbano Peña etxera etorri zen hartan, kanpoan zeunden. Harritzekoa. Ilundu egin ninduen gizonak, inoiz ikusi gabea agure bat postura hartara etorria. Argazki plastifikatuan, irribarrez agertzen zen Lu. Egunen batean berarekin joango nintzela esaten zidanean zuen aurpegiera bera zuen. Sukaldeko kanpaiaren gainean utzi zuen Mateo Vallejok fotoa. Balkoira atera zituen aulkiak. Kafea jarri zuen egiten, pattarra mahai gainean geratu zen, eta bi kopa. Fruta eskaini zion.

        Maite dut jendeak laranjak nola zuritzen dituen ikustea. Urbano Peñak lau ebaki goitik beherako egiten zizkion, artikoa eta antartika labanaz moztuta lau meridianoetatik atzamarraz askatzeko azala. Usain gozoa zabaldu zuen.

        Barruak lasaitzera joaten zen Mateo Vallejorenera:

        — Ez duk egun bat pasa Lu gauerdian etorri gabe.

        Gauero egiten omen zuen hizketan alabarekin. Hasieran ohean, harik eta emazteak gelatik bidali zuen arte. Sukaldean aritzeko agindu zion, berba egin nahi bazuen. Leiho ondoan hartzen zuela alaba harrezkero. Egunsentira arte askotan.

        — Behin baino gehiagotan esnatu naik zaborraren kamioiak.

        Mateo Vallejok ez zion galdetu zertaz jarduten zuten, izango zuten elkarri zer kontatua. Aulkitik altxatu eta kafea ekarri zuen. Azken egunetan ez bezala, bare zegoen Abra.

        — Han egongo duk —esan zuen Urbano Peñak.

        Puntetatik harantzago, zamaontziak zain zeuden portuan sartzeko.

        Kafetera ez zebilen ondo, hondarra uzten zuen kikaretan. Goma aldatu beharra zuela aipatu zuen Mateo Vallejok.

        — Sinesten lanak ditik. Lehengo astean heldu zuan haren gutuna.

        Errautsak zabaldu eta egunetara buzoia irekitzen duzularik, hildakoa duzu berbetan. Ondo zebilela omen zioen, eskola laster amaituko zutela eta itzuli beharra izango zuela. Osterantzean, gustura geldituko litzatekeela beste pare bat hilabete Afrikan. Abegikorra dela jendea, eta imajina ezin genezakeen modukoa paisajea. Argia, beste mundu batekoa.

        «Ikusiko bazenituzte hemengo umeen irriak!».

        Urbano Peñaren ahotik mintzo zen Lu. Hiru argazki ere ba omen zetozen gutunean, eskoletan lanean.

        — Pozik zegoela ziok.

        Hiruroi sartu zitzaigun itsasoa begietatik. Eguzkia beheratzen hasia zen eta aitite Mateok harria baino isilago segitzen zuen. Xorta bana pattar hustu zuen bi kopetan. Usainak dantzatu zituen alkoholak.

        — Eta horko hori?

        Mateo Vallejoren hitzak entzun eta batera jaiki zen Urbano Peña. Taketa den bezain tente luzatu zen. Bi eskuez heldu zion baranda beltzari.

        — Hori hementxe geratuko duk.

        Eztulak eman zion Mateo Vallejori atzera.

        — Tabako tzar hau!

        Burua Abra kanporantz altxatu zuenean ulertu nuen ez zirela Luz ari.

        Serenity Star zamaontziak egunak zeramatzan aingura bildu gabe.