Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—2—

 

Puzzlea da iragana, aita. Irudiz, itzalez, lausoz, argi-hariz, ñabarduraz osatu beharreko estanpa, ertzik ere ez duena, hurrean.

        Bada zer edo zer hamabost urte esan behar dizkizudanak esateko, hamabost dira-eta, ezta? Hamabost urtean ezabatu egiten dira mugetatik asko mapa mundietan, eta beste batzuk marrazten lehen kolore bakarra zegoen tokian. Hamabost urtean milioika lagun hiltzen da, nor bere sekretuekin; eta beste horrenbeste eta bat gehiago sortzen, nor bere negarrarekin. Hamabost urtean piztu egiten da lehen jota zegoena, eta erabat amatatzen alaiena. Hamabost urte bizitza erdi da mapa horretako orban askotan. Eta bizirik bagaude, hamabost urtean ganbarak nahi baino lan gehiago egiten du. Ez da beren-beregi egiten dugun ezer, hamabost urteren buruan gauzak ez ditugula gertatu ziren bezala gogoratzen, horixe da dena.

        Zer gertatu zen zehazten, ez dakit asmatuko dudan, baina etxe hartara heldu eta batera hasi zitzaizkigun bideak okertzen. Esate bat da. Zureak kalerakoa hartu zuen, administrazioan gora egingo zenuelako txakur-ametsak lotu zintuen, nik inoiz uste ez bezala. Ez dago hor tatxarik, lagunak deitu zintuen, aukera sortu zitzaizun, nahikoa da. Orain kargu honetatik hartara eta bulego batetik bestera aldatuta ere, zeure ogibidea hori dela aitortzen ikasi duzu. Ez dizut horregatik agiraka egingo, zaude lasai. Bakoitzak dituen lagunak ditu.

        Arazoa beste non edo non zegoen. Ez zenuen ondo neurtu atzean zer geratzen ari zen, zein zen lurralde abandonatuetan zure lana lagatzen ari zen hondamendia. Nire bideak, berriz, zurearen moldea zirudien. Bata ahurra bazen, bestea ganbila. Zenbat eta kanpoan gehiago zu, orduan eta bilduago ni. Nahi gabe beharbada, baina institutuan nituen harremanak galtzera behartu ninduzun neurrian ekin nion neure artean gero eta barrurago gordetzeari. Hasieran zuk botatakoei ez erantzuten hasi nintzen. Ikasi egiten da horretan ere, eta ez da erraza. Ez duzu sinetsiko, baina behin baino sarriago izan nuen esan nahi nizkizun hitz haiek neure ahoan sentitu beharra. Harritu ere egiten ninduzun, bazenekien tarteka berago, samurrago, gertuagoko agertzen, eta zer egin ez nekiela egoten nintzen orduan. Oskola egin beharra nuen, ordea. Zor nion horrenbeste neure buruari.

        Badakizu zer gertatzen zaien animaliei: itsuak direnek dute entzumenik onena, belarririk gabekoek sudur-mintzik zoliena. Halako zerbait gertatu zitzaidan niri ere Mateo Vallejoren etxean bizi izan ginen sasoi hartan. Saguzarra nintzen, Hegoafrikako errinozero zuria. Zurekin hitz egiteari utzi nion neurrian zorroztu zitzaizkidan beste zentzumenak. Horregatik hasi nintzen seguru asko oharrak hartzen koadernoetan, marrazkiak egiten. Idaztea kaosa gelditzea da, erdizka ageri dena osatzea. Idazteko lana hartzen dugulako ulertzen dugu gauza asko. Eta horrek larria du ordaina: mundua zabalagoa egiten da, arinago heltzen da nerabea.

        Esan beharra dizut. Badakizu noiz hasi ginen elkarrengandik banatzen? Luren errautsak botatzera joan ginen egun hartan bertan. Ez, ez hartu gaizki, ez oker ulertu. Ez naiz ni Urbano Peñaren tokian jarri eta kargu-hartzen hasiko zergatik ez zinen agurrera agertu. Badakit espero zintuela, ez zuela ahaztua Lu eta biok lagunak izan zinetela bere garaian, politikak, bizitzak edo dena delakoak elkarrengandik urrundu zintuzten arte. Ez ahaztu: zu izan zara berak nahiko zukeen eta egundo izan ez zuen semea. Berarekin zuritu beharrekoak zenituen horiek, ez nirekin. Orain berandu duzu horretarako ere, Urbano Peña bera joana da. Egoitza batean eman zituen azken lau urteak, eguteran eguzki-antza zenean, egongelako telebista aurrean osterantzean, burua non zuen ez zekiela. Arinago ibilita ere, ez zintuen ezagutuko seguruenik.

        Serenity Star ikusi nuen aurreneko aldian esango nuke hasi zela gu bion arteko hondabidea. Oraindino ere bizi-bizi datozkit Luren hautsak itsasoan galtzen. Bai, zamaontzi hartan dago denaren hasiera.

        Begira, gelan gogaitu egiten ninduten umekeriek. Beti zegoen nor edo nor oporretako argazkiekin joaten zena, eta hauetan orka, izurde, edo balea baten ondoan edo haiei laztanka ageri zena, berdin Tenerifen, Algarven zein Patagonian, benetakoak zein gezurretakoak. Ez dakit zu, baina ni, egon gabea nintzen ordura arte hain hurre, neurri horretako barku handi batetik esan nahi dut. Ez geunden bertan, ez ginen hura ukitzeko moduan egotera iritsi, ezta hurrik eman ere, baina zirrara eragin zidan balea ugertu hark. Ez da gauza bera, ordea, etxetik Abran daudela begira egotea eta uretatik bertatik ikustea. Gauza bera ez den bezala gurea, alegia, zerbait bertatik bertara bizitzea edo norbaitek kontatuta izatea. Hala diotsot Sarari ere gehiegi sartzen denean ordukoan.

        Eta orain, bizitakoak berriro bizi nahian nabilen honetan, ez naizela betean asmatzen ari aitortu behar dizut. Esandakoak ostera ere pasatzen nabilen honetan gogor egiten diot neure buruari, zorrotzagoa izan behar dut. Serenity Starrek ez ninduen tamainagatik harritu. Zer egoeratan zegoen, hori egin zitzaidan izugarri.

        Amaren debekuagatik edo Mateo Vallejoren beldurragatik, aurreneko aldia zen itsasora ateratzen nintzela. Barkuak barku ziren ordura arte, hamahiru urte dituzunean zer dira ba, dekoratu eder bateko ezinbesteko figurak baino. Egun hartan, ordea, apaindura guztiak jausi zitzaizkion itsasoaren oihalari. Hura ez zen ontzi bat. Luren errautsen bidean ageri zitzaigun zamaontzi hura burdinazko balea bat zen, ugerrak osoro janda zuen metalezko krasko bat, kareletik beherako erdoka gaitz haiekin, uraren azalean nola ez dakidala ozta eusten ziona.

        Mateo Vallejoren motor-txikian ez dakit nor gehiago ohartu zen esaten ari natzaizunaz. Baliteke neure burutazioak baino ez izatea hauek guztiak, pintura urdin hura garbiago agertzea orbaineraino soldatutako xafletan. Ez zen seguru asko hainbesterakoa izango, baina goiz hartan Serenity Starren siluetari Moby Dick akitu batena iritzi nion, hura zen ninietan sartu zitzaidana, hor geratzeko, begien hondoan gaur arte, haur jolastien oinetakoa porlan zabaldu berrian bezalaxe.

        Eta hats hura. Lagunen argazkietako orka, izurde zein balea haiek ez bezala, usaina baitzuen Serenity Starrek. Inoiz aditu gabeko hats mingotsa, intsektizida fabrikakoarekin eta kresalarenarekin nahasten zen herdoil sunda bustia, surziloetan barrena eztarrian behera hazi eta biriketan lehertuta, arnasa ere erretzen zizuna.

        Orduko koadernoak hartu eta hasierako orriak zabaldu ditudalarik, neu ere sor eta lor utzi nauten marrazkiak agertu zaizkit. Serenity Star da, xehe-xehe ekarria orri horixketara. Popaz, alboz, branka muturra, kubierta zabala, masta, aginte-zubia letra handi haiekin: «no smoking». Jakin-minez pasa ditut hurrengo orriak. Zerrenda bat ezkerrean, herrialdeena. Zerrenda bat eskuinean, hiriburuena. Eta ondoan, usain bat bakoitzaren atzean.

        Harritzekoa da nola dabilen burua hamahiru urterekin.