Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—8—

 

Baziren ordurako lau hilabete Serenity Star Abran zegoela. Venezuelatik heldua zen, ongarria bodegetan. Anberesera zihoan portua jo behar izan zuenean makina matxuratua. Hala heldu zen eta han segitzen zuen denboragarrenera, moilara ezin atrakatuta, Urbano Peñak hatsa bota zionean Mateo Vallejori kolkora:

        — Hori hemen geratuko duk.

        Erdiz erdi azertatuko zuen.

        — Hemen geratuko duk —errepikatu zuen—, sabel barrenaz hondarra jota itotzea erabakitzen duten japoniar balea horietako baten moduan.

        Zaila ere ez zeukan, Luren oroitargazkiarekin aitite Mateoren etxera etorri eta hori esan zuenerako, bulego onetik zekien Urbano Peñak zamaontziak ez zuela itsasora ateratzeko baimenik. Erratzeko beldurrik gabe zekien ez zuela gainera inoiz izango.

        — Eskerrak bodegak behintzat hustu dizkioten.

        Bere gelara jo eta berehala itzuli zen Mateo Vallejo, larruzko uhalak zituen prismatiko handi batzuk eskuan.

        — Bahitua zagok —jarraitu zuen Peñak.

        Urrunduak zitzaizkion une batez Lurekikoak.

        — Bahitua?

        Mintzo zedin utzi zuen Mateo Vallejok, eskatu gabe erria ziezaiola nahi zuen. Igarri nion.

        — Zorrak lepo eta hartzekodunak lepotik.

        Hitzik esan gabe pasa zizkidan prismatikoak, inoren laguntzarik gabe aise topatuko nuelakoan Abran zeuden ontzi guztien artean. Begietara ekarri nuenean, neure aurrean hondoratu behar zitzaidala zirudien. Luren errautsak hedatu genitueneko goizak hartu zidan gogoa.

        Eztul egin zuen Mateo Vallejok. Kopa hutsa bete zion ostera lagunari.

        Molokot eginda enpresak, galdutzat zuen ontzi ugerra, antza, armadoreak. Ez omen zien bidaltzen zitzaizkion faxei eta e-mailei erantzuten, ez zuen telefonorik egundo hartu. Atenasko bulegoa Egeoak ito zuela ematen zuen, Jonikoak jan zuela, Adriatikoa traganarru bihurtu eta betirako irentsi zuela. Mataza gaitza zegoen bildua antza interesen artean, bateko kontsigna agentziak eta zamaren ugazabak, besteko aseguru etxeak eta itsas agintaritzak... Kontua zen marinelak txori txikirik jaso gabe zeudela azken zazpi hilabetean.

        Kontsulatuetara deituta, ezinezkoa bihurtua zen munta hartako arazoari aurre egingo ziokeen arduradunik aurkitzea. Azkenik, ezin zuela legediaren amaraunean ezer egin aitortu behar izan zuen diplomaziak.

        Liberiakoa zuen bandera Serenity Starrek.

        Liburuan zetorrenaren berdina zuen. Zerrenda zuri-gorriak zituen oihal zikinak, estatuaren sorreratik eredu izan zuen Ameriketako Estatu Batuetakoen irudira, baita lauki azul bat ere ezkerrean. Izar zuri bakarra izatea Liberiakoak berrogeitakaren ordez. «Liberiak lur askea esan nahi du» idatzi nuen koadernoan. Marrak eta izarra, adin horretan bakarrik lortzen duzun doitasunez marraztu nituen orri zurian. Mateo Vallejok bere gelan zuen entziklopedian begiratuta erantsi nizkion orain irakurrita irri-antza eragiten didaten lerroak: «Monrovia du izena hiriburuak, James Monroe estatubatuar presidenteagatik».

        Hamalau gizon zeuden ontzi herdoildu hartan gatibu.

        — Hamalau gizon —errepikatu zituen bere artean Mateo Vallejok Peñaren hitzak.

        Serenity Starren ukrainarrak ziren nagusi, bi moldaviar ere bazeuden, bi aljeriar eta filipinar bat. Kapitainak portura heldu eta aste bigarrengoan alde egin zuen, Amsterdam kanpoaldean, Markenen zuen etxera. Urbano Peñak esanda jakin genituen hauek guztiak:

        — Familia duelako hemen zakiagu.

        Egun hartan, ahaleginik egin gabe agertu zitzaidan hegazkin bat balkoitik mugitu gabe. Londresera bidean zela egin nuen neure artean, bidaiari berezi bat zuela leiho ondoan. Aireportutik atera eta berehala etzan zen esker hegal gainean bira egiteko. Leihotxotik kapitainaren begiek ur-biltza jo dute, moilako aerosorgailuak, zentral termikoko tximiniak, zama-lanetan dabiltzan ontziak, erregai biltegiak. Lurreratze trena entzun du hegazkin sabelpean gordetzen, eta lasaitu egin da. Abran, eguzkiaren printza gorriek ur azalean dirdira margotzen dutelarik, ontzi mordoxka dago. Nekerik gabe agertu zaio Serenity Star begietara.

        Kubierta hutsik dago.

        Prismatikoak erantzi eta mahai gainean utzi nituen. Orratzekin, puntuak ezarri nituen buruz osatu nuen mapa mundian. Ukraina Mosku azpian kokatu nuen, Asia ekialdeko irlen anabasa hartan Filipinak. Aljeria, ez zen gaitza. Eta Moldavia? Bazuen itsasorik non sartu ez nekien Moldaviak?

        Etxetik urrun zebiltzan guztiak nolanahi ere.

        Berriro eraso zion eztulak Mateo Vallejori. Orduan ekin zion Urbano Peñak, eta ordurako ez dakit bera zen edo pattarra mintzo zena, esanez zer kalte egin dioten ukrainarrek, letoniarrek edota bulgariarrek merkantzia ontziteriari. Haiek bai, baina batez ere Asia ekialdekoek, Singapurkoek, Thailandiakoek, Indonesiakoek, Malaysiakoek, Myanmarkoek, Vietnamekoek, Filipinetakoek. Erreskadan bota zituen herriak, mapa mundiaren zati oso bat eraitsi zuen hitz zantarrokin, langile merkeak zirelako geratu zirela hemengoak behar gabe.

        — Jende horren erruz zagok hainbeste istripu itsasoan. Petrolioa nonahi, olioa, gai kimikoak... badakik zer hondamendi? Zergatik eta ez dutelako prestakuntzarik.

        Salto egin zion Mateo Vallejok:

        — Errua ez duk ba eurena izango!

        Zurekin aritzen zenean ikasi nuen, betarteagatik nekien noiz ezin izaten zion gehiago eutsi.

        — Geu hasi ginenean ez genien halaxe kendu lanpostua Europa aberatsekoei?

        — Guk ikasketak genitian! —defenditu zuen bere burua Peñak.

        — Soldatak lotsagarri jaitsita!

        Eskerrak eman nituen ez zeundelako elkarrizketa hartan, bestela badakit Mateo Vallejori egingo zeniokeela kontra, ez ausaz berarekin bat ez zentozelako, ezpada ordurako, nik zu bezala, zuk ere zeure aita begien aurrean ikusi ezin zenuelako.

        Lu hil aurretik Peñak beti galdetzen zuela zugatik aitortu zidan behin Mateo Vallejok. «Hirea bai ondo enpleatua», esaten omen zion, Luz galdetzen zionean bestela erantzuteko, «ez nire alaba hori bezala, firin-faran munduan barrena, egunero opor balitz bezala».

        — Etxean geratu izan balitz...

        Neure aurrean errepikatua zen:

        — Hala izatera bizirik genikean.

        Harena izan behar zenuen semea.

        Izua zabaltzen hasia zela gaineratu zuen Urbano Peñak. Izua, ontzia egoera horretan egonda bagak aingura katea eten eta jitoan haitzen, moilen, hondartzaren kontra bultzatuko ote zuen. Ordurako garbitzen hasia zen itsasertzean utziko ote zuen erraietan zeraman kaka guztia.

        — Zer esan duk daramala?

        — Hustu dutela esan zidatek, baina nork jakin... gasolioa behintzat izango dik. Anberesera zihoan...

        Elkarrizketa bere arrastoan sartua zen atzera. Ontzi barneko bizi baldintzei buruz jardun zuten luzaroan, ura amaitzen ari zitzaiela, laster zirela argirik gabe. Arazoak barre mingotsa eragiteko moduko tolesdurak zituen. Marinelek zazpi hilabeteko soldatak zituzten kobratzeko, baina ontzia utziz gero galdu egingo zituzketen eskubide guztiak, baita zor zitzaiena kobratzekoa ere. Hala zabaldu zuten itsas sindikatuetatik.

        Eta zuloa handituz zihoan. Azken asteetan marinelak ontzitik lehorrera eta lehorretik ontzira eraman izan zituen lantxa konpainiak, zor zitzaiena egundo ikusiko ez zuela pentsatuta, «zerbitzuak etetea» erabaki zuen. Kasua hartu orduko abandonatzen zuten abokatuek. Portuko agintaritzarekin ere konpondu ezin. Beste horrenbeste makina konpontzen ahalegindu zen enpresarekin.

        Dirurik ezean dena da arazo.

        — Egoera honetan inork ez ziek lagundu nahi. Normala.

        Mateo Vallejo ez zegoen barkatzeko:

        — Laguntza ematea beste zerbait zelakoan nengoan.

        Itzalak luzatzen hasiak ziren. Egunak sano laburragoak zetozen, eta arrastiak ilundu egin zituen aurreko etxeko leiho berdexkak. Aspaldiko partez aro ederra genuen. Konturatzerako bi ordu pasa generamatzan balkoian, Luren memoriarekin hasieran, marinel abandonatuen lorratzean gero.

        Hitz egin zuen moduan, Mateo Vallejok aurrez ere bazekiela zerbait ondorioztatu nuen, ez zuela berria Urbano Peñak esan ziona. Zamaontzien artean ibiltzera eraman ninduen larunbat hartan nik harrapatu ez nuen zerbait ikustera joana zela sartu zitzaidan buruan. Harritzekoa zen, urrun gelditzen zen Urbano Peña ume bat bezala negarrez ikusi nuen unea. Beharbada ez zela inoiz gertatu oldozten hasia nintzen, neuk asmatua zela dena.

        Ipurditik oratu zion edontziari, hatz artean ibili ostean zegoen bezala uzteko. Hasperen egin zuen.

        — Martxa egin beharko diat. Ez diat andrea bakarrik utzi nahi...

        Hutsago geratu zen etxea. Galdua zuen usaina itzuli zen berriz. Tripaki-lainoak gorritzen hasiak ziren. Zigarro bat piztuko zuen Mateo Vallejok. Mahai gainekoak batu eta balkoiko atea zarratu genuen. Eguzkia apaltzen zelarik, nabarmen hozten zuen etxean. Zer egin nahi nuen galdetu zidan. Ordurako ez genion elkarri zutaz galdetzen, itzal bat baino ez zinen, gure bizitzetan eguna amaitzera gindoazela soilik sartzen zena. Institutuko beharrak nituela erantzun nion. Osteratxo bat egitera zihoala esan zidan, farolerantz. Zabor poltsarekin ateratzen ikusi nuen. Gelan sartu eta liburuak zabaldu nituen ohe gainean.

        Zenbat denbora pasa zen, ez dakit. Sartzen entzun zintudan. Sukaldeko irratitik zetorren erle hotsa sumatu nuen gero. Bakarrik ari zinen afaltzen, auskalo zer estadiotan epaileari txistuka ari ziren kaiku haien artean. Piper gorrien usaina, arrautzena gozoago. Zazpi-sukalde bihurtzen hasia zinen ordurako. Ez uzteko platerak garbitzeke gogorarazi nizun. Balkoira atera nintzen argiak ikustera. Serenity Starrek ere piztuta zituen bereak.

        Ilargi etzanak sehaska zirudien.

        Luz oroitu nintzen, barkuen arteko argi artean hegan oraindinoko, udagoieneko haizearen konpasean. «Serenity Star», apuntatu nuen koadernoan. «Eta baten bat hilko balitz izar horretan, zein zerutara joango litzateke?».

        Horrelako txorakeriak idazten dira hamahiru urterekin.

        Gau hartan Moldavia non dagoen topatu nuen atlasean. Aitite Mateok eta Peñak balkoian izandako elkarrizketak hartu zidan lo atarikoa. Serenity Starren, loak hartu ez bazituen, zure futbol partida bera jarraitzen ariko ziren seguru asko.

        Moldaviak ez du itsasora irteerarik.