Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—21—

 

Nik uste dut ez duzula egundo pentsatu inoren gogoan egon zarenik. Miraz ibili zara apartera begira, hain da ederra ederrik bada; gero eman duzu begia hurrera eta pentsatu duzu: «ez dut inguruan dudana merezi. Zertarako esango diet ezer, ordea, ez badidate behar dudana emango?».

        Esadazu aho betean, biok baino ez gaude-eta. Zer nahi zenuen, hego batzuk, esaterako? Horrela begiratuta, ez zabiltza oker, lasta handia izan gara gora egin dezazun. Aita ferrobiarioa, Bilbora egokitzen asmatu ez zuen emaztea, egundo nahiko neska iruditu ez zaizun alaba... eta bizitza bakarra, zuri ere badoakizuna. «Zuengatik ez balitz», egin izan zenigun zemai behin baino gehiagotan, «zuengatik ez balitz...», haserre zeure buruaz.

        Gugatik ez balitz, zer?

        Luze hitz egin nuen amarekin zutaz Londresen eman nituen egunetan. Bazkalosteetan, ohetik jaikitzen zelarik esertzen ginen egongelan. Etxean fortunatzen bazen, Katty ere biltzen zitzaigun. Sasoi hartan maitalea zuen, eta bizitzak eztitik ere bazuela kontatu beharra. Atzera jaiota ere inoiz ulertuko ez dituzun gauzak esaten zituen. Senarra akordura ekartzen laguntzen ziolako maite zuela porrua baino luzeagoko gizon hura. Horrelakoak. Areago esango dizut, maitaleari berari esaten zion hori. Ibilera baldarreko bus gidari bat, esnea baino zuriagoa.

        — Ai, non ote dabil nire gaizki egindako opila! —deitzen zion.

        Barre egiten laguntzen zigun Kattyk.

        Beti zeukan zerbait labean. Gozo kontuan aritzea gustatzen zitzaion, eta ez zen txarra, eskua zuen. Amak tea egiten zuen eta, kanpoan argia bazihoalarik, maite izan zituztenen gainean mintzatzen ziren. Erdigunera jo gabe eman nituen hamar egunak. Auzunean ibili, beste etxe batzuetara joan bisitan, orduan hemen ikusten ez zen bigarren eskuko jaka haietako bat erosi. Ez da Kensal Green auzune txarra berriz bizitzen hasteko, bertakoa bazara.

        — Erdigunera zertara? Turista horiek bezala, erreginaren kuleroak ikusteko esperantzarekin batetik bestera oinetan babak atera arte? —esaten zuen Kattyk.

        Eta lehertu beharrean jartzen gintuzten gangarkeriok, bakoitzak bere baitan zituenak osorik erakutsi gabe.

        Nik badakit neure gelan biltzen nintzelarik elkarrizketa beste sakonera batzuetan sartzen zela, zaparrada ostean zerua baretu, euri usainak zokoak hartu eta ura zirrikituetan behera doanean bezala. Behin, ez dakit zertara zetorren, gauza askoren gainean ezjakinak ginelako ginela zoriontsuak bota zuen amak, edo gure ezjakintasunak egiten gintuela zoriontsu, halako zerbait. Orduan uste dut erabaki nuela barruan nerabilena neure baitan ustelduko zela. Zaparradak zuloan behera bildutako orbel bustia irentsitako estolda nintzen.

        Zugatik ez bazen izan, pentsatzen hasi beharra nuen zergatik alde egin zuen Edwinek Mateo Vallejoren etxetik. Zalantzan ibili naiz, baina esan egingo dizut, hara: hegazkina hartu bezperan, pasieran irten genuen Edwinek eta biok. Farolerantz joango ginen galdetu nion, telebista aurretik urruntze aldera. Neguko arrasti zoragarri horietako bat zen, eguzkiak ez zuen epeltzen, baina tarteka begiak kizkurtu, izpiak edan eta azala laztantzen zidan haize-hariekin jolasten nintzen. Alai nengoen. Eskolak amaituak ziren, ama ikusiko nuen hurrengo egunean eta banekien Edwin ondo egongo zela Mateo Vallejorekin kanpoan nintzen bitartean. Terek gonbidatuak zituen biak gabon gaueko afarira eta natibitate eguneko bazkarira. Atzo izan balitz bezala akordatzen naiz denaz, zer kamio hartu genuen, nola gindoazen jantzita, nor aurkitu genuen bidean. Poltsa egiten eman nuen goiza. Amarentzako gutiziak hartuak nituen. Nezeserra osatzeko behar nituenak, osteratxoa ondoren erosiko nituen Uriarterenean. Eta koaderno berri bat. Ahazteke, Bolutxuko gozoak, Kattyrentzat.

        Urratsa behartu gabe abiatu ginen, aldatsa berdindu genuen. Platanondoek porlanezkoak ziruditen, hain zabalduak, hain soilduak. Hilerri parean Edwini agur adeitsua egin zion bikote gazte batekin egin genuen topo, hizketan geratu ginen, egunen batean afari-legera agertzeko ere gonbidatu zuten, «zatoz gurekin nahi baduzu selekzioaren partida ikusi, gabonak horretarako dira», esan zuen neskak, «urtean zeharreko martxa eroak uzten ez diguna egiteko egunak dira». Mutilak irri baino ez zuen egiten. Berehala ulertu nuen ez zekiela ingelesik. Ez dakit nondik ezagutzen zituen, baina gauzak ez zihoazkiola hain gaizki pentsatu nuen. Kontsulatutik laster deituko zuten, salaketarena konpondua zela eta egiteko poltsa eta agurtzeko lagunak, aterea ziotela etxerako txartela esango zioten. Beldur ere banintzen, Londresen nengoela helduko ote zen baimena. Erabakia nuen ez agurtzea, ordea.

        Eta bai, beharbada ama zuzen zegoen, ezjakintasunak egiten ninduen zoriontsu. Zenbat etxe berri egin zituzten, horretaz aritu ginen, nor bizitzeko baina, nork ordaintzeko. Zure izena atera zuen, ea zenuen kargua izanda ezin zenezakeen haietako bat erosi. Ez nintzen ausartu buruan nerabilena esaten. Gaia aldatu nuen, goldatu berri zirudien itsasoak, uralitazko azal harekin. Tximinietatik ez zen kerik. Hegoak garbitua zuen dena. Ontziak lasaitasunez bazkan Abran.

        Nola ospatzen ziren gabonak bezalako egunak zamaontzietan galdetu nion Edwini.

        — Oparirik egiten diozue elkarri?

        Futbol elastikoarena ahaztua nuen bota zidan.

        — FLN —esan zuen—. Aljeriarren taldea, akordatzen?

        Zorionak zorrotza du hegia, ordea. Makurtzen hasia egonagatik, eguzkia gora zen artean muturrera iritsi ginenean. Labar gaineko txilarretan, bikote bat zegoen musuka. Bulldog bat zuten aldamenean, belardi soilduan eratzana.

        Aulkietako batean eseri ginen, itsasoari begira. Luzaz egon ginen isilik. Bi emakume pasa ziren haur-karrotxo banarekin. Lizawinek eman zigun hizketarako gaia, piztuta zituen begiak, faltan zuen umea.

        Gure gainean, sabel urdina zirudien zeruak, hegazkin hegoek zauritua.

        «Txartela eta pasaportea, mesedez».

        Esan behar nion Edwini, menturaz ez genuela elkar gehiago ikusiko atera zitzaidan.

        Nola ez dakidala, isiltasuna astunago bihurtu zen. Muinean, hormaren itzala gero eta etzanago. Zain nengoen noiz hasiko berbetan, baina eskuek hitz egin zuten arinago. Ohartu nintzenerako izterrez izter nuen Edwin. Haren besoak bildu ninduen, ondo ulertu ez nion zerbait xuxurlatu zidan belarri ertzean. Ezaguna nuen ordurako mikaztasun gozo haren usaina, jengibrea zen, koko esnea, egur gorrikara. Bakardade hitza entzutea iruditu zitzaidan. Ez zen maitasuna, ez pasio hutsa, laguntza eskea baizik.

        «Ez kendu iritsi arte».

        Barregarri sentitzen nintzen, aireportuko kakaumeena dokumentazioa eta ontziratze txartela gordetzeko plastikozko zorrotxo harekin. Lepotik zintzilik, berokiko botoian katigatzen zitzaidan lokarria. Uniformedun emakume batek lagunduko zidan eserlekuraino. Kontrola pasa aurretik agurtuko nuen ama.

        «Zer, joango gara?».

        Kendu gabeko eraztuna zeraman eskuaz atzeratu zidan ilea. Amaren ezpainen beroa masailean. Azken unean erabaki zuen aireporturaino laguntzea. Indartsu ikusi zuen bere burua. Orduan sartu zitzaidan ateratzen hasia zela, erabat kiskaliko ziotela karramarro zerri hura betirako hustutako sabelean.

        Eta orain, denboragarrenera, nahastu egiten zaizkit irudiak, nahastu ezpainak, laztanak, txerak. Esku arrotz bat bizkarrean, sorbaldan, lepoan laztanka. Farola piztu gabe. Atzapar bat nikia praketatik atera eta azalaren bila. Mihia ezpain artean barrura. Tuaren epela. Besoaren indarra, bigarren ahaleginean libratu nuena.

        Eta ez nuen barrurik izan amari ezer esateko Edwinez. Nahikoa zuen zuenarekin. Mateo Vallejo ere ezer jakin gabe joan da, zaputzari nion beldurra, erori egingo zitzaion etxean hartu zuen gizona. Eta zuri berriz, zer esan behar nizun, kisketa puta hark arrazoi zuela?

        Arineketa batean atera nintzen. Atzera begiratu eta Edwinek aulkian eserita segitzen zuela ikusi nuen, burua jakizu non.

        Orain, ordukoa ekarri nahian nabilela, kostatu egiten zait irudiak elkarrekin taxuz lotzea, benetan izan zuen neurria ematea keinu bakoitzari. Zenbaterainokoa izan zen eta nola gelditu den akorduan. Lanbro errea da denbora. Horregatik hartu izan ditut oharrak, denboraldi batera berrikustean, euriaren kalteak albait arinenak izan daitezen. Orain ere ez naiz euri errearen gainean ari? Batzuetan konturatzen naiz beren-beregi lausotu ditudala marrak, bizitzen segitzeko. Beste batzuetan, ondoren gertatuak erraustu duela oro.

        Koadernooi begira aritu naiz. Lerro bakar bat ere ez muturrean geundela gertatu zenaz. Argia isiotu dut. Eta orain zaila egiten zait gertatu zena izan zen bezala berregiten. Amarenean nengoenekoa behar du apunte honek: «Une hauek guztiak galdu egingo dira, malkoak euritan bezala». Ez da nirea, garbi dago. Non edo nondik atera nuen, liburu bat edo film bat izan zen, saiatuagatik, ezin naiz akordatu. Eta denborak nola, erre egiten nau ezin gogoratu izanak.

        Sarari galdetuko diot.

        — Blade Runner —esango dit.

        Eta berehala heldu zait argia: Kattyrekin ikusi nuen telebistan, ama ohera joana zela. Eta ezetz jakin zergatik zegoen hain gustura maitale azalzuri harekin? Ez duzu asmatuko, hain da sinplea: barre eragiten ziolako. Nahikoa omen zuen harekin.

        Orain, orduan esan ez nizkizunak agerian utzi eta gero, badakit zer pasa den zure burutik. Damua indartu zaizu Edwin etxean sartzea onartu zenuelako. Mendeku gosea hazi egin zaizu alaba ukitu zizulako. «Zikindu», pentsatu dut une batez. Ikusi egiten dut: boligrafoa labana legez daraman esku dardarati bat, zintzur, sabel, begi baten bila.

        Esan dizut, neuri ere, zaila egiten zait gertatuari neurria ematea.

        Ondorengo egunek mudatu egin baitzuten dena. Mateo Vallejok Edwinen berri ez zuela aitortu zidanetik, denak hartu zuen beste dimentsio bat. Zugatik izan zela pentsatzetik nigatik izan zela pentsatzera pasa nintzen. Txakur borroken epaiketaren mamua ere, hor zegoen. Edo beharbada dena zen bat. Nik dakit ba, egizu kontu atzerritarra zarela, ia bi urtez zabiltza etxetik kanpo eta ezin zara besteren moldeetan egokitu. Eta beharrak hor daude.

        Londrestik iritsi, eta badakizu zer egin nuen aurreneko egunetan? Kale artean ibili, itsasargiraino joan, hondartzako txaboletara jo. Ez iezadazu esan zergatik, eman zuen pausoak mindu baninduen. Halako nahaste bat nuen, eta beldurraren arratoia berriz ere. Ikusi gabe topatu nahi nuen Edwin. Arean ez inon. Neguko haize gordin hura besterik ez oro garbitzen. Jo bata, jo bestea, eta urrats bakoitzarekin higatuz doazen sentipenak baino ez.