Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—9—

 

Hori du aspaldi joandako egunak urteetara gogoan berregiteak, benetan nekeza egiten dela bata besteagandik bereiztea, hain dira antzekoak. Puzzleko piezekin legez, berebiziko neurria hartzen du nola ez dakizula heltzen zaizun ñabardurak, xehetasunik txikienak. Nola esango nizuke, nahikoa da irudi bat egoki finkatzea ondorengo bi edo hiru gertaera uztartzen laguntzeko. Bat, esate baterako: Mateo Vallejo kanpora begira zegoen egunonak eman nizkionean. Itzarririk sumatu nuen gauerdian, zapatilak tarras, karrajo ilunean barrena atzera-aurrera. Zigarroa zeraman eskuan orduan ere, ipurtargia ikusten nuen hegan ateko zirrikitutik.

        Zu joana zinen jaiki nintzenerako. Oharra utzia zenuen sukaldeko mahai gainean, bi billeteren ondoan, lehenago irten behar izan zenuela eta barkatzeko, metroz joan beharko nuela ikastetxera. Lau egun lehenago eskatu nizun dirua hileko bonoa erosteko.

        Zuk iratzartzen zenidan, nork ba, barnean tarteka esnatzen zitzaidan pataria. Ezin ukatuko dizut dohain hori.

        Lanparra ari zuen ostera ere, landur xehe, geldo, aspertua.

        Beti da horrelako egun bat.

        Mateo Vallejok hartu zuen telefonoa. «Ama» esan zidanean jakin nuen ez zitzaidala goiz hura luzaroan ahaztuko. Amak ez zuen ordu hartan egundo deitzen, are gutxiago astegun buruzuri batean.

        — Zelan zaude.

        Ez nion aurrenekoan ulertu, ospitalean zegoela esan zidan, baina lasai egoteko, ondo zegoela. Laster deituko zuela berriz. Gogortuta lagatzen zaituzten elkarrizketa horietako bat izan zen, hitz egiten duenak esan duena baino askoz gehiago esan nahi duelakoa geratzen zaizun zera hori.

        — Zu ondo?

        Umetokia hustu behar ziotela jakin zuen eguna izan zen. Berehala prestatuko zuten ebakuntzarako. Gerora esan zidan goiz hartan heriotza ikusi zuela, horregatik hartu zuela deitzeko erabakia. Benetan larritu zen. Beti damutu izan zaio telefonoa jo izana.

        Londresko ospitalea nuela buruan ikusi nuen Mateo Vallejo kalerako janzten. Euritakoa lotzen ari zen, amagatik arduratu zen. Berak esanda nekien azken puskak biltzekoak zirela lokalean. Bertara joan ohi zen Serenity Starreko marinelen laguntza antolatzen hasiak zirenetik. Urbano Peña etxean izan eta gutxira euri asea baino arinago zabaldu zen Serenity Starren egoera. Zamaontzia ez zela handik aterako eta arrisku bizia zela, berehala heldu zen prentsa erredakzioetara. Kazetariek mira eraginak ziruditen gizon abandonatuen istorioarekin. Irratietan izan zen laguntzeko deia egin zuen esataririk. Janaria eskatzen zen, garbiketarako gaiak. Aurrekariak eman ziren, enpresa arriskutsuenen izenak, ontziak eta banderak. Tripulazioa ezkutatu egiten zela esan zen, ez zuela hitz egin nahi. Portu agintaritzatik ez zitzaiela kubiertara igotzeko baimenik eman ere zabaldu zen. Baita marinelek ez hitz egiteko agindua zutela ere, ezer lortuko bazuten.

        — Bazatoz?

        Elkarrekin atera ginen kalera. Umeletik zekarren, hormak melatu zituen mendebalak. Ni beste larritu zuen Mateo Vallejo amaren deiak. Espaloia zapaldu orduko ekin zion lehenago ausartu ez zena galdetzeari, ea nork hartua zuen ama etxean.

        — Nola du izena?

        — Katty.

        Ea ezagutzen nuen. Eskertu nion esku lakar hura besagainean.

        — Hegazkin billeterik atera behar dugu?

        Sorbaldak harrotu nituen. Ez nuen asmatu baietz esaten.

        Irakaslea gaixorik zegoela eta klasera beranduago sartzen nintzela azaldu nion Mateo Vallejori, lagunduko niola. Gezurra. Zuk baino gehiago zekien hala ere zertan nenbilen. Erabakia nuen lokaleraino joatea berarekin.

        Geltokitik beherantz hartu genuen, adreiluzko etxe batzuetara, errepide nagusira heldu baino lehen eraikin dotoreago batzuen atzean ezkutuan zirenak. Berriro joanda kokatzen asmatuko ez nukeen behe solairu bateraino sartu ginen. Espaloiak itotzen zuen arbola mehartuari lotua mendiko bizikleta bat zegoen.

        Hiruzpalau lagun ziren barruan, ezagutzen ez nituenak. Metalezko apalategi berun kolorekoetan, kartoizko kaxa gutxi batzuk, zinta beltzez zarratuak. Plastikozko poltsak, behegainean utzitako olio potoak eskailera baten ondoan.

        Nik pentsatu aldean hutsa zegoen bildua. Aurkeztu egin ninduen Mateo Vallejok, buruaz agurtu nituen denak. Emakume bizkor bat zebilen guztia antolatzen. Ez nuen ezer esan, gehiago espero omen zituzten, azken eguna izanda. Caritasekoekin hitz egin zuen galdetu zion Mateo Vallejori gizonetako batek. Orduan ikusi nuen aurreko egunetan ez bezala barrez, «oraingoan uste diat klubeko egingo nautela» edo esan zuen.

        Goibeldu egin ninduen lokalak. Ama etorri zitzaidan, Londresen ospitaleko egongelan jakizu zeren kontra borrokan, zeren alde. Hotz nituen oinak. Arropa gutxirekin irten nuela ohartu nintzen, ez nintzen etxeraino itzuliko baina.

        Tertzioz iritsi nahi nuen metrora. Klasean sartu aurretik deitu nizun amarena kontatzeko, falta zinela esan zidaten lantokian. Harritu egin zen telefonoa hartu zidan emakumea zure alaba nintzela azaldu behar izan nionean.

        Hurrengo egunean, kiosko aurretik pasatzean, kalerantz eskegita zituzten egunkarietan ikusi zintudan. Azalean agertzen zinen, kasko zuri bat buruan, sailburuaren ondoan. Babes ofizialeko etxebizitza batzuetako obrak gainbegiratzera joanak zineten. Eta kameren bila. Amaitzen ari ziren, laster zozketatuko zituztela. Poztu egingo zinela pentsatu nuen, propaganda hura ondo etorriko zen menturaz gorantzago egin eta, espero zenuen bezala, diru sarrera handiagoak izateko.

        Oroitzen zara etsitzen hasia nintzela sumatuta, zer esaten zenidan?

        «Geure etxea behar dugu, baina ez edozein».

        Egun hartan bertan helarazi zitzaien Serenity Starreko marinelei jaso ahal izan zen hazkurri guztia. Hunkitzeko indarra zuten istorio txikiekin berdintzen nuen zugatik sentitzen nuena. Eskolatik oinez etorri ziren ikasleena, bi kilo kafe eta dilistekin. Metroko langile batzuek euren artean bildutako sosak eraman zituztela, egoki iritzitakoa eros zezaten. Alarguntza erretiroa hartzen zuen emakume bat ere agertu zen, barkatzeko, ezin zuela gehiago eman eta kartoi bete tabakorekin. Zuretzat ez zegoela marinel behartsurik, garbi utzi zenigun. Ez zenidan egundo ezer ahomentatu behintzat.

        Marea gorarekin joan ziren kartoizko kutxak eta poltsak hartuta Serenity Starrera. Itzuli zain, zortzi bat laguneko taldea elkartu ginen moilan. Biribilean berbetan, elkartasunaz hitz egin zen, egoismoaz, kontsumismoaz. Besteei bakarrik ez, nola aldatu zitzaigun denoi ere bizimodua joan deneko urteetan.

        Gau hartan, zu eta biok afariko platerak harraskara jasotzen ari ginela, bost argi gorri ikusi genituen, banan-banan izarrik gabeko gaua zulatzen. Serenity Starreko marinelak ziren.

        Eraman genien apurra ospatzeko piztu zituzten azken bengalak.

        Nire gomutan, denboraren napalmak ez du iritsi orduan atera zitzaizkizun hitzak erabat kiskaltzea:

        — Mozkortuta daude.